Gazteen Berlin

Gazteen Berlin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-berlin/@@download/image/berlin_1401275583.jpg
2014/06/04
erreportajea
Testua: Markel Anasagasti Intxausti. argazkiak: Sven Faßbender
Europako bigarren hiri jendetsuenak bitan zatituta egin zituen ia 30 urte. Azkenaldian, baina, ezin uka moda-modan jarri den hiria denik.


Batzuk oporretan, beste batzuk Euskal Herriko langabezia dela-eta lana bilatzera, baina asko bizitzera etortzen dira Berlinera. Turistek, baina, gogoan izan behar dute Berlin ez dela ez Londres ezta Paris ere, eta horregatik, hiriaz benetan gozatzeko, inolako aurreiritzi barik etortzea da onena. Ahaztu jauregiak eta eraikin arranditsuak, Berlinen ia ez baitago horrelakorik, Bigarren Mundu Gerran hiriaren ia %70 suntsitu zen eta. 1961etik 1989ra hiria bitan zatitzen zuen harresiaz inguratuta bizi izan ziren berlindar asko; ekialdean, besteak beste, Mitte, Prenzlauer Berg, Friedrichshain eta Treptow auzoak, eta mendebaldean Charlottenburg, Schöneberg, Wedding, Kreuzberg eta Neukölln.
Zatiketa horren lekuko dira, alde batetik, East Side Gallery, hainbat artistak margotutako 1,3 kilometro luze den harresia –luxuzko etxebizitzak eraikitzeko laster botako dutena–, eta Bernauer Straßeko oroimenen murrua. Eta bestetik, Berlin ekialdeko tranbiak eta sobietarren garaiko etxebizitza eraikin altuak, edo Turkia edo Libanoko dendaz betetako mendebaldeko auzoak.

Batetik bestera
Berlinen azken hamarkadetako historiaren nondik norakoak entzuteko, Pariser Platz edo Hackescher Markt-en hasten diren tour turistikoetako bat egitea da onena. Horrelakorik nahi edo gustatu ezean, Mitte eta Kreuzberg auzoetako kaleetan galtzea da gomendagarriena, haiek baitira leku interesgarri gehien batzen dituzten auzoak, 28 urtez hesiak banatu zituenak. Mitte Berlin ekialdeko zentroa eta auzunerik garrantzitsuena da, eta auzo turistiko eta komertzial bilakatu da horma bota zutenetik. Bertan dago museoen uhartea, bost museoren eta Berlingo katedralaren kokalekua. Bat aipatzekotan, Pergamo azpimarratuko genuke, 1930ean zabaldutako erakustokia. Oso leku berezia da, Ekialde Hurbiletik ekarritako antzinako hainbat artelan eta pieza arkitektonikorekin osatu baitzuten eraikina; hau da, lehenik museoa eraiki eta ondoren artelanak sartu beharrean, erakutsi nahi zituzten piezekin osatu zuten museoa bera. Horrez gain, Mitte iparraldean antzinako juduen auzoa dago, patioz lotutako eraikin eta kaleen labirintoa. Egun denda eta kafetegi bihurtu dituzte artista askoren gotorleku izandakoak.
60ko hamarkadan, Alemaniako Errepublika Federalaren programa bati esker, hainbat herrialdetako lagunak iritsi ziren Berlinera, batez ere turkiarrak. Kreuzberg izan zen haien artean biltzeko aukeratutako auzuneetako bat. 70eko eta 80ko hamarkadetan, halaber, soldadutzatik ihesi eta askatasunaren bila joandako Alemania mendebaldeko gazte ugarik aukeratu zuten Kreuzberg bizileku moduan. Garai hartan etxebizitza zahar asko hutsik zeuden, eta alemaniarrez Hausprojekt –etxe proiektuak– deritzen etxebizitza okupatuak sortzen hasi ziren. Urteak aurrera, okupatutako etxeak bota eta berriztu ahala, gazte horiek eta etorkinek kanporagoko auzoetara mugitu behar izan zuten, prezioen garestitzea tarteko.

‘Hipster’en Kreuzkölln  
Maybachufer kanaletik Hermannplatzera dagoen auzuneari Kreuzkölln izena jarri diote hipsterrek. Azoka turkiarrak eta vintage merkatuak nahasten dira inguruotan. Horrez gain, hizkuntza desberdinak, altzari birziklatuekin atondutako taberna eta kafetegi txiki eta ederrak, eta mundu osoko jatetxeak aurki ditzakegu bertan, tartean euskal izena duten bi: On egin eta Txokoa. Kanala da auzunearen erdigunea. Astean birritan turkiar produktuen azoka jartzen dute bertan, eta asteburutan bigarren eskuko eta eskuz egindako arropen merkatua. Kanalaren ertzean biltzen dira inguruetako zaharrenak petankan aritzeko, familiak piknikak egiteko, eta gazteak garagardo batzuk hartzen dituzten bitartean euren bizitzen nondik norakoak kontatzeko. Iluntzetan, Weserstraßera joatea da edaten jarraitzeko aukerarik aproposena. Uneotan mugimendu askoko gunea dela esan daiteke, baina auskalo zenbat iraungo duen, prezioak gorantza doaz eta.
Hipsteren tenplua, baina, ez duzu Kreuzköllnen aurkituko, Friedrichshainen baizik, eta Berghain du izena. Energia planta izandako eraikina, munduko tekno diskoteka ezagunenetakoa da orain. Musikaz gain, bertako jai fetitxeak dira ezagunak, baita beheko solairuan dagoen Lab.oratory diskoteka independentea ere, zeinetan jai lizunagoak antolatzen dituzten.

Gosea asetzeko
Diskotekan gau osoa dantzan igaro ostean goseari aurre egiteko, onena Berlinek eskaintzen duen gastronomia aukera zabaleko zerbait probatzea da. Kontuan izan, gainera, Berlingo jatetxe batean otordutxoa egitea, etxean ezer bazkaltzea baino merkeagoa dela, askotan. Leku turistikoetatik aldenduz gero, platerkada itzelak jan daitezke bost euroren truke. Eta hala ere, ez pentsa turistentzako jatetxeak askoz garestiagoak direnik.
Jatetxe alemaniarrak baino, errazagoa da Turkia eta Vietnamgoak topatzea. Berlingo jaki maitatu edo ezagunenak Currywursta, kurri saltsan bustitako saltxitxa, eta Döner Kebap-a dira. Izan ere, gehienok uste dugunaren aurka, Döner Kebap-a 1972an Berlinen asmatutako platera da. Hala ere, niri galdegiten badidazue, Anatoliako köfte-ak ogi artean gurago.