Gazteak fikzioan, zientzia-fikzioa?

Gazteak fikzioan, zientzia-fikzioa? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteak-fikzioan-zientziafikzioa/@@download/image/54p32-1.jpg
2005/07/01
erreportajea
Jon Arrue
Gazteak fikzioan, zientzia-fikzioa?
Nola agertzen gara euskal gazteak zineman, telebistan, literaturan? Alde handia al dago benetako gazteak eta fikziozko horien artean? Hona hemen galdera hauei emandako zenbait erantzun.

Jakina denez, fikzioa istorioak asmatzean datza. Telebistan, literaturan, antzerkian, zineman... horietan guztietan istorioak asmatu eta kontatzen dira, eta istorio horiek zerikusi handia edo txikia izan dezakete errealitatearekin. Horrexegatik, galdera bat bururatu zaigu GAZTETXULOtarroi:  telesaioetan, euskal literaturan, antzezlanetan, zineman... "fikziozko euskal gazteak" nolakoak izaten dira? Fikziozko gazte horiek antzik ba al dute benetako gazteekin? Galdera potoloa da, zalantzarik gabe.

Beraz, ezer baino lehen, abiapuntua ongi definitzea komeni da. Batetik, esan beharra dago Euskal Herrian fikzio gutxi egiten dela. Eta bestetik, aipatu behar da gazteok ez dugula toki handiegirik fizkiozko ekoizpen horietan.

Adibidez, jo dezagun literaturara. Esti Ezkerra literatur-kritikoaren ustez, "gazte gutxi agertzen da literatur lanetan. Izan ere, askok uste dute, gazteei buruz hitz egiten duen fikziozko literatur lan bat gazteek baino ezin dutela kontsumitu. Uste horren arabera, heldu batek ezin du gustoko ezer aurkitu hor, gaztetasunaren garai hori gaindituta daukalako edo". Horrekin lotuta, idazleek hurbilen daukatenaz idazteko ohitura daukate, eta idazle gazteak, helduak baino gutxiago dira.

Xabier Etxeberria zarauztarra, "Egun denak ez tira berdin" eleberriaren egilea, bat dator Ezkerrarekin: "Gazteria ez da asko jorratu euskal nobelan". Berak egin zuen, hala ere: "Nirea nahiko liburu autobiografikoa izan zen. Protagonista Gurutze Gorrian dabil lanean, eta neu ere banenbilen garai hartan. Nik bizi izandako egoera asko erabili nituen liburua moldatzeko, eta nahiko errealista suertatu zen. Askok esan didate, beren burua islatuta ikusi dutela "Egun denak ez dira berdin" nobelan. Dena dela, ez neukan asmorik gazteriaren erretratua egiteko".

Asmorik gabe ere, Xabier Etxeberriak lortu zuen gazteriaren erretratua egitea, nahiz eta erretratua erabatekoa ez izan. Nobela amaitu zuenean, Etxeberriak 25 urte zituen.

Gazteriaren zati bat baino ez

Euskal gazteriaren aniztasuna gutxitan islatzen da fikziozko lanetan. Etxeberriaren ustez, "nork bere giroa agertzen du, eta beharbada, euskal gazteriari buruz idatzi dugun idazle gehienak giro jakin batekoak gara". Hala, normalean, fikziozko lanetan prototipo batzuk dira nagusi: gazte euskaldunak, aurrerakoiak, abertzaleak… euskal gazte atzerakoiak, erreakzionarioak eta eskumazale petoak egongo ez balira bezala. Gainera, literaturan ageri diren gazte horiek, parrandazaleak eta sexu-harremanetan arrakastadunak izan ohi dira: "Baina errealitatean, askok ez dute ezer `dastatzen´ hogeitaka urte bete arte".

Itziar Urretabizkaiak lau urte daramatza aktore lanetan ETB 1eko "Goenkale" saioan. Itziarren ustez, gazteek protagonismo txikia dute "Goenkale"n, baina horrez gain, "telesailean euskal gazteriaren zati bat baino ez da ikusten. Hala ere, fikziozko telesail batean gazte mota guztiak ateratzea ia ezinezkoa da". Urretabizkaiaren ustez, "Goenkale"n erakusten dizkigutenak euskal gazte arruntak dira, "lagunekin ateratzea eta parranda egitea gustatzen zaion jendea".
Dena den, gazte horiei gertatzen zaizkien gauzak ez dira beti hain arruntak izaten, gidoilariek muturreko egoeretara eramaten dituztelako behin baino gehiagotan. "Goenkalek urte asko daramatza pantailan, eta gidoilariek lan handia egin behar dute gauza berriak gerta daitezen", dio Itziarrek.

Idazlearen testuingurua

Estereotipoak. Horra hor gure solaskide askok aipatutako hitza. Gazteei buruz fikziozko istorioak sortzerakoan, irudi prefabrikatu asko omen dago indarrean. Esti Ezkerra literatur kritikoaren ustez, estereotipoak baino, irudi horiek idazle bakoitzaren testuinguruaren ondorio dira: "Jakin behar da gauza bakoitza zein testuinguruan idatzita dagoen. Adibidez, Xabier Etxeberriaren "Egun denak ez dira berdin" errealitatetik gertu dagoela iruditzen zaigu, baina behar bada, hamar urte barru, gazteek esango dute nobela horrek ez daukala inolako loturarik beraiekin. Azken batean, egileak emandako irudia ageri da hor".

Esti Ezkerraren ustez, beste hainbeste gertatzen da Juan Luis Zabala idazlearen "Galdu arte" nobelarekin. "Nobela horretan, Juan Luis Zabalak 80eko hamarkadan berak bizitako gauzen kronika egin zuen: gaztetxeen loraldia, punkaren agerpena Euskal Herrian... eta "Galdu arte" gazteei buruzko literaturaren eredutzat jotzen den arren, gaur egun pixka bat zaharkitua geratu da. Hala ere, hor kontatzen diren gauza askok indarrean jarraitzen dute".

Estibalitz Ezkerraren ustez, fikziozko istorioetan gazte mota batzuk ageri dira gehienbat. "Beharbada, gazte mota horiek aukera gehiago ematen dielako idazleei, eta beste gazte batzuez hitz egitea aspergarria litzatekeelako". Hala, lehenago esan dugun bezala, gazte kontserbadore gutxi erakusten zaigu fikzioan. Eta baita gazte triste gutxi, edo parranda egitea gustuko ez duen gazte gutxi, edo… "edozelan ere, ez naiz orokortasunen zalea. Gazteei buruz hitz egiterakoan, giro batzuk dira nagusi. Gaueko giroa ageri da, eta baita jarrera subertsiboak ere -Euskal Herriak berez dituen arazoen eraginez, seguruenik-. Dena den, arakatzen hasiz gero, besterik ere topatuko genuke", dio Ezkerrak.

Eta hala da, bada besterik; gutxi, baina bada. Aurten, adibidez, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileek "Aupa Etxebeste" filma estreinatuko dute. Film horretan Iban Garate aktorea ikusi ahal izango dugu, bere onura besterik bilatzen ez duen mutil berekoiarena egiten. Gazte fikzioak antiheroiak ere baditu.

Gazte tristeak



Unai Garate antzerkigilearen ustez, fikziozko ekoizpenek ez dute behar bezala agertzen gazteriarengan zabalduen dagoen sentimendua: atsekabea. "Nik Antzerkiola Imaginarioa taldearentzat idazten dut, eta horko pertsonaiak nahiko bitxiak izaten dira: ez dira oso errealak. Dena den, badute errealitate zantzu bat. Gure antzezlan berrian atsekabearen ideia zabaldu nahi izan dugu, gazte guztientzat balio duen ideia baita, eta ez bakarrik Euskal Herrikoentzat. Gazteak gertuago daude tristuratik, zoriontasunetik baino: ametsak dauzkagu, baina ametsak bertan behera geratzen dira. Karmelo Iribarren poeta donostiarrak zera zioen: "Gazteak garenean, dena aldatu nahi dugu, dena erre nahi dugu; gero, zahartzerakoan, tabakoa uztearekin konformatzen gara". Tristea da, baina bat nator esaldi horrekin", dio Unaik.

Hamazazpi urterekin, ezkontzeko bidean



Erreportaje honetan Euskal Herrian egindako fikzioaz ari gara, baina ez da ahaztu behar, euskal gazteok kanpoan egindakoa kontsumitzen dugula gehienbat. Eta Euskal Herrian, urte luzez, AEBtako telesailak izan dira jaun eta jabe.

Gaur egun, telesail espainiarrek gero eta indar handiagoa dute Hego Euskal Herrian, eta telesail horietan gazteak ere agertzen dira, noski. Esan behar da, dena den, ispilu horrek itzultzen digun irudia desitxuratu samarra dela: edo bestela, egia ote da gazte espainiar arruntek hamazortzi urterekin ezkondu, enpresak antolatu, eta halakoak egiten dituztela?

Esate baterako, azken urteetan arrakasta handia eduki duten "Los Serrano" eta "Al salir de clase" telesailek, halako gazte ereduak aurkeztu dizkigute. Adibidez, gazte horiek oso azkar uzten dute gurasoen etxea —bai behintzat kaleko gazteekin alderatuta—. Oso kontu bitxia da: hurbiltasuna omen baita telesail espainiarren arrakastaren gakoa. Ikusleek, bat egiten omen dute protagonistekin, haien antzeko bizipenak omen dituztelako. Nahi genuke!

"Hasiberriak", alferreko saioa



ETB 1eko "Hasiberriak" telesaila "Goenkale"tik bereizitako adarra izan zen: hain zuzen, gazte batzuen istorioak kontatzen ditu telesail honek, "Goenkale"k erakartzen ez dituen gazteak bere egin nahian. Asier Altuna zinemagilearen ustez, "telesailak ez zituen gazteen arazoak sakon aztertzen, eta horrexegatik, zalaparta handirik gabe igaro zen".

"Hasiberriak" 2000 urtean hasi zen emititzen, eta bistan denez, ez zuen lortu "ahizpa" nagusiak bezain luze irauterik, baina nork lortu du, egia esan?

"Ez zuen errealitatea ongi erakusten: maitasun istorio bat han, droga arazo batzuk hemen… estereotipoak, azken batean. Estereotipoek ondo ematen dute telebistan, eta errazena horiek erabiltzea da, baina gehiago azaldu beharko litzateke benetako errealitatea", dio Asier Altunak. "Goenkale" telesailean ari den Itziar Urretabizkaiak ere antzeko iritzia du: "Denek esaten zuten "Hasiberriak" ez zela benetakoa, protagonistak pijo samarrak zirela: jendeak ez zuen haiekiko loturarik sentitzen".