Gazte belaunaldiak

Gazte belaunaldiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-belaunaldiak/@@download/image/6p25-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Gazte belaunaldiak
Zer lotura dute 18 eta 28 urteko bi anaia-arrebek? "Gazteak gara", dio 28 urtekoak. Gehiegitxo esatea da. Hona hemen Rodriguez Iturriberrigoikoerro- takoaldikoetxeatarrak, Bizkaiko edozein herritakoak, noski.

Garazi Rodriguez Iturriberrigoikoerrotakoaldikoetxea
18 urte
• Hemezortzi urterekin gurasoen etxetik alde egingo zuela zioen duela bizpahiru urte. Garaia iritsi zaio, eta anaiaren bidetik jotzea erabaki du. Aitzakia bilatzen ari da.
• Tabernan, bere anaia Mikel barraren kontra, harrizko estatua izango balitz bezala, zerbezak bata bestearen atzetik hartzen ikusten duenean, hitz bakarra datorkio burura: "patetikoa".
• "Mikelek txikitan torturatu egiten ninduen, egun santu osoa Rip musika aparagailuan! Auskalo zergatik, baina heriotzarekin maiteminduta zegoela zioen. Oraindik ere punkia omen da... Kar, kar, kar!".
• Internetzale amorratua da. Bere anaia plater garbigailuaren lagunik onena denez eta etxean oraingoz plater garbigailurik ez dagoenez, harrikoa berak egin behar izaten du.
• Anaia bere lagunekin ligatzen ahalegintzen denean, sutan jartzen da. "Zergatik ez da saiatzen bere adinekoekin?". Hori bai, "zein ongi dagoen Joseba, Mikelen laguna!".
• Bizitza polita dela uste du oraindik.
Mikel Rodriguez Iturriberrigoikoerrotakoaldikoetxea
28 urte
• Ezkertiar peto-petoa eta borrokalari sutsua, oraindik ere soziologo iraultzaileen liburuak irakurtzen ditu noizean behin. Egoskorra, bizitzan helburu bat duela sinetsita dago. Helburu hori gurasoak ezkerrera biltzea da; lortu arte, ez du gurasoen etxetik alde egingo.
• Rip eta Eskorbuto hamaika alditan ikusi zituela dio harrotasunez. Arrebak, ordea, Abba entzuten harrapatu zuen behin komunean, ezkutuan.
• Teknologiak gorroto omen ditu. Hala ere, plater garbigailuaren lagunik onena da.
• Anttonik, bere amak susmoa du ez ote dituen "marijuana" eta "atxis" droga arriskutsuak hartzen.
• Lan egiten hasteko irrikitan dago. Harrigarria da, ordea, bost urte baitaramatza unibertsitateko azken ikasgaia gainditzeko.
• Amak bilobak "eskatzen" dizkio. Ez dio inori esan nahi, baina ikaragarri gustatzen zaizkio hemezortzi urteko neskak. Pare bat alditan saiatu da arrebaren lagunekin, baina alferrik, jakina.