Garoa Kultur Labek ateak itxiko ditu

Garoa Kultur Labek ateak itxiko ditu Bi urte eta erdiren ostean, Donostiako Garoa ixteko erabakia hartu dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garoa-kultur-labek-ateak-itxi-ditu/@@download/image/31916431774_7974c79575.jpg
2017/02/10
Bi urte eta erdiren ostean, Donostiako Garoa ixteko erabakia hartu dute
Garoa Kultur Labek ateak itxiko ditu

Garoa Kultur Lab ixteko erabakia adierazi dute liburu dendaren arduradunek; bi urteko ibilbidearen ondoren, hausnarketa egiteko unea iritsi zaie. Zabalik egongo den azken eguna larunbata, otsailak 11, izango da.

 

2017ko egitarau egokitua:

Luis Haranburu Altunaren Crepúsculo de Dios: Historia Cultural del Cristianismo en Vasconia liburuaren aurkezpena izango da (otsailak 9).

Maite Carrillo artistak bere erakusketako bisita gidatua egingo du (otsailak 10)

Amigas de Papel, El Adversario Ruth Pérez de Anucitarekin (otsailak 22).

Aitor Gorosabelen (Su Ta Gar) kontzertua (otsailak 24) bertan bera geratuko da.

Julio Villarren ‘Viaje a pie’ (otsailak 16) eta Ibon Sarasolaren Bitakora kaiera (otsailak 15) aurkezpenak, Zarauzko liburu-dendara pasako dira.

Elliott Murphyren paperezko kontzertua Donsotiako Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan egingo da (martxoak 31).

 

Garoa Kultur Lab-en mezua: 

'Bizitzan badira uneak, zeinetan aurrera egiteko erabakiak hartu behar izaten baitiren. Atzean ez geratzeko. Eta hau une horietako bat zen guretzako. Baldintza eta arrazoi ezberdinen elkargurutzatzea medio hartu da erabakia. Ez genuen arrazoi ekonomikoak medio zabaldu Donostiako laborategia, eta ez dugu arrazoi ekonomikoengatik itxiko. Erabaki pertsonala da hartu duguna, erabaki intimoa. Erabaki zaila eta erabaki irmoa.

Ba ote da erabaki errazik bizitzan? Hastapenetatik arnastu, sentitu eta zamalkatu dugun proiektu bat da gurea. Hormak eta zimenduak guk geuk altxa bagenitu bezala sentitzen dugu Zabaleta kaleko 34a. Harri bakoitza geuk altxa bagenu bezala. Eta pareko harakina eta bigarren solairuko gizona-emaztea lagunak ditugu. Groseko auzokide andana ere bai.

Eskerrak eman nahi dizkiegu denei. Groseko bizilagunei eta Donostian bidelagun izan ditugun irakurle, idazle, artista, musikari, sortzaile eta eragile kulturalei. Eskerrak Ruth Pérez Anucitari, Eskerrak denei amets bat altxatzen lagundu izanagatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu bai, baina, adiorik inola ere ez. Garoa proiektuak bizi bizirik baitarrai, Garoa ez baita leku bat, ez baita lokal bat. Garoa eten gabe aldatzen joan den eta joango den proiektua da. Eta etorkizunean ere elkarren bideak gurutzatuko direnaren batere zalantzarik ez dugu. Etapa berri bat hasiko dugu Garoan, eta etapa horrek geure burua berriz definitzea eskatzen digu. Non gauden ikusi eta nora heldu nahi dugun asmatzen saiatzea. Hausnarketa prozesu batean murgilduko gara, proiektuaren adarrak eta norabidea zehazteko. Garenari bizkarrik eman gabe, eta izan nahi dugun horri noiz baino indar handiagoz heltzeko.'

 

Informazio gehiago: GAROA KULTUR LAB