SUKALDE KONTUAK: GARAGARDOA

GARAGARDOAREN APARREAN GALDUTA (I)
ALEMANIA
Garagardoa aipatu eta askori Alemania etorriko zaizue burura. Edari nazionala, Municheko Oktoberfesteko ikur nagusia. 1516an Purutasunaren Legea indarrean sartu zen, bertan zehazten zen garagardoak hiru osagai izan behar zituela soilik: ura, garagarra eta lupulua. Egun laugarren osagai bat ere aipatzen du legeak: legamia. Horren emaitza, garagardo naturalak, sei hilabeteko bizia dutenak. Ezin gara gari garagardoekin ahaztu, Alemaniako beste ikurretako bat. 2019an Alemaniara joan nintzen Gabonetan eta kotxea espresuki eraman nuen maletategia garagardoz beteta ekartzeko; beste liga batean jokatzen dute, arinak, edan errazak, naturalak dira azken finean.
BELGIKA
Garagardoaren erreferentziazko beste herrialdea. Bertan, Abadia garagardoek dute fama, alemaniarrek baino gorputz eta azukre gehiago dute, eta kolorez ilunagoak dira, nahiz eta horiak ere badituzten. Abadiako garagardoak monjeen arauak errespetatuz egiten dira, mendeetan zehar abadietan gordeak izan diren errezetak jarraituz. Berezienak Trapense monjeen errezetak jarraitzen dituztenak dira; munduan hamalau abadietan egiten dituzte, eta horietako sei garagardotegi daude Belgikan: Achel, Chimay, Orval, Rochefort, Westmale eta Westvleteren. Lasai eseri eta edateko garagardoak dira.
EUSKAL HERRIA
Urrutira joan gabe, Euskal Herrian ere kalitatezko garagardoak ekoizten dira. Berezkoak ditugun txakolin, sagardo edo Arabar Errioxako zein Nafarroako ardoetatik haratago, gazte jendearen bultzadarekin sorturiko proiektu interesgarriak daude merkatuan. Gehienak artisau garagardoen olatuarekin batera etorri ziren eta pixkanaka gure inguruan, zein munduan, ezagunak egin dira. Gorkak ere ondo ezagutzen du garagardoaren euskal panorama, bere tabernan ez da falta Gross edo Basqueland-en garagardorik, hortik aurrera, Mala Gissona, Bidassoa, Baga Biga, Laugar edo Drunken gomendatzen dizkigu. Horietariko batzuk euren Tap Room propioak martxan jarri dituzte, euren garagardoa dastatu eta ezagutzeko gonbita luzatzen digutenak, sabela jaki goxoekin betetzen dugun bitartean.
BASQUELAND
Eta utzidazue orain Basqueland garagardoari bere tartetxoa eskaintzen. Duela gutxi euren proiektu gastronomikoa ezagutzeko zortea izan nuen, Donostiako Gros auzoan kokatua dagoen Izakaia-n (taberna japonieraz). Lehen dastameneko maitasuna izan zen. Proposamen asiarrak, Ramena barne, dena ondo kozinatua, goxoa, berezia eta erakargarria. Asko gozatu nuen bertako platerak jan eta garagardo dastaketa egiten.
Urteen poderioz garagardoaren munduan erreferentzia bihurtu da Basqueland, 2021ean garagardotegi onena izendatu zuten Barcelona Beer Challenge-an. Izakaia-ra egindako bisitan, Kevin Patricio, proiektuko zuzendariarekin hizketan aritu nintzen eta Basqueland-en nondik norakoak kontatu zizkidan. Hernanin kokatua, bitxia da sagardoa erregina den herrian lekua topatu izana. Santa Clara, Aupa, Imparable, Arraun eta Zumo dira bere erreferentzia nagusiak. Horri gehitu neguro egiten duten garagardo beltza, Begi Haundi, eta glutenik gabeko IPA, Freebird. Baina ez dira hor geratzen, astero proposamen berriak kaleratzen dituzte, osagai eta teknikarik onenetatik abiatuta; etengabe garatzen ari diren garagardoak izaten dira, eta bakoitzak bere izaera propioa izaten du. Horiek dastatzeko lekurik onena duzue Izakaia edo bestela basquebeer.com.
GARAGARDOAREN APARREAN GALDUTA (II)
LAMBIC
Hauek izango dira akaso dastatu ditudan garagardo berezienak eta Desy Tabernan ezagutu nituen. Ohiko garagardoak baino garratzagoak dira, eta askotan fruta zein barazkiekin uztartzen dira. Igerileku handi batzuetan egoten dira gau oso batez, aire zabalean, berezko hartzidura egin dezan garagardoak. Igerilekuan bertan dagoen oxidaturiko lupulu lehorrak ere ukitu berezia ematen dio. Hartzidura hori airean dauden legamiei esker gertatzen da. Behin gaua pasata, kupeletan ontzen dituzte. Izen propioa Cantillon da, Belgika. Hauek, urtero, Zwanze Day-a antolatzen dute, mundu mailako ospakizuna. Bertan garagardo berezi bat aurkezten dute urtero, egun berean, mundu osoan dastatzera ematen dena. Desy Taberna da pribilegiatuetako bat.
IPA
IPA (Indian Pale Ale) izango da akaso azkenaldian gehien entzuten dugun garagardo mota, artisau garagardoekin asko lotzen dena. Britainiar koloniak Indian zeudenean, arazoa zuten garagardoa ondo irits zedin, bidaia luzearen ondorioz, askotan hondatu egiten baitzen. Hori ekiditeko, alkohol eta lupulu gehiago sartzen hasi ziren garagardoetan eta horren emaitza izan zen Indian Pale Alea. 5-7º izaten dituzte, ohikoak baino mikatzagoak dira, et izaera propioa dute gehitzen zaizkien lurrinengatik eta horiek egiteko erabiltzen diren 250 lupulu desberdinengatik.
DIPA
Izenak berak argi uzten du, (Double Indian Pale Ale) IPA-k baino alkohol graduazioa handiagoa dutela, 8-10º ingurukoa. Izaera indartsuko garagardoak izaten dira, lupulu eta malta gehiago erabiltzen baita hauek egiteko. IPA baino gozoagoa izaten da.
GARRATZAK
Lambic garagardoen bidetik doaz, baina ez dute horien “naturaltasuna”, ez dira aire zabalean sortzen. Sauer Ale edo Gosse dira horietako batzuk. Arinak dira, freskagarriak, 4-6º bitartean dabiltza. Zapore ugari konbinatzen dira garagardo hauek egiteko, askotan fruta erabiliz, baina ez da derrigorrezkoa. Aurrez ardo edo likoreren bat ontzeko erabilitako kupelak erabiltzea izaten da beste baliabidea, garagardoa zahartzeko. Horrek izaera eta zapore propioak gehitzen dizkio edari ospetsuari. Denboraldiko garagardoak izaten dira, Belgikan Saisons garagardo izenez dira ezagunak, eta usaintsuagoak izaten dira, landareak erabiltzen baitituzte berau sortzeko.
AZKENBURUKO EDO NEGUKO GARAGARDOAK
Garagardo hauek alkohol graduazio altuagoa izaten dute, 8º-tik 16º-ra bitarte. Trago luzekoak dira, lasai edatekoak. Maltak gehiago txigortzen dira eta horregatik ohikoa baino kolore ilunagoa edo beltzagoa izaten dute. Torrefaktu, kafe edo erregaliz ukitua ere badute garagardo hauek. Garagardoari banilla, kakao, koko, kardamomo edota kanela gehitzen diote batzuetan, izaera berezia emateko garagardoari. Horretaz gain, batzuk cognac edota bourbon kupeletan zahartzen uzten dituzte. Azkenaldian, frutarekin nahasten ere hasi dira, nahiz eta ez den ohikoena.
Garagardo hauek ere badute bere historia atzean. Estatu Batuetan, lehen prentsan lortutako garagardoa, Imperial Stout-a, aberatsek bakarrik eros zezaketen, horregatik zeraman Imperial hitza aurretik. Soberakinekin egiten zen bigarren prentsaren emaitza izaten zen Porter garagardoa, herri xumeak eskuratu zezakeena, gorputz eta alkohol gutxiagokoa. Porter hau hartzen da egun Stout gisa ezagutzen den garagardoaren aitzindari.