Futbol Entrenatzaileen Eguna da gaur, bai, baina noiz izango ditugu emakume entrenatzaile gehiago?

Maiatzaren 13a izendatu zuten Futbol Entrenatzaileen Eguna, Alexander Ferguson entrenatzaile eskoziarraren omenez. 2013ko maiatzaren 13an izan zen bere azken partida entrenatzaile lanetan eta horregatik aukeratu zuten eguna.
Ferguson Manchester United taldeko entrenatzailea izan zen ia 30 urtez, 1986tik 2013ra. 27 denboralditan 38 titulu lortu zituen. Ez da lorpen makala!
Jokalariei buruz hitz egiten dugu sarritan, baina entrenatzaileek ere berebiziko garrantzia dute. Eurek entrenatzen, antolatzen eta zuzentzen dituzte jokalariak, futbol zelaian lortu nahi diren helburuak erdiesteko asmoz.
Beste eremu askotan bezala, ordea, futbol entrenatzaileen munduan eskas dira emakumeak, eta belaunaldi gazteek erreferente gutxi dituzte alor horretan.
Espainiako Estatuko Gizonezkoen Futbol Ligako lehen mailan, esaterako, ez dago emakume entrenatzailerik. F ligan, Espainiako Estatuko emakume futbolarien lehen mailako ligan, berriz, entrenatzaile bakarra dago une honetan: Sara Monforte. Hamasei entrenatzailetatik bakarra. 2022an bost emakume izan ziren: Iraia Iturregi, Natalia Arroyo, Maria Pry, Sara Monforte eta Andrea Esteban. Nabarmena da, beraz, gizonezko eta emakumezko entrenatzaileen arteko aldea.
Etorkizuneko emakumezko entrenatzaileak
Powerhouse proiektuaren bidez, Futuras Entrenadoras (etorkizuneko entrenatzaileak) izeneko ekimena jarri dute martxan, emakume entrenatzaileei formazioa emateko asmoz. Irailetik abendura izango da martxan, Bartzelonan, eta UEFA B lizentzia lortzeko hamabost hautagaik parte hartu ahal izango dute bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, "behar dituzten trebetasunak lortzeko baliabideak eta ezagutza emango zaie, eta baita euren ibilbidean aurrera egiteko konfiantza ere". Aurrez aurreko saioak eta online tailerrak izango dituzte
Prestakuntzaz gain, beste premia batzuk ere badira ordea. Futbol munduko entrenatzaileek adierazi izan dutenez, emakume entrenatzaileak kontratatzeko errezeloa dago, eta kosta egiten da ohitura zaharrak aldatzea. Emakume izateagatik ezberdin tratatzen eta epaitzen dituztela nabarmendu izan dute, eta emakumeek gizonezkoen jokoa ezin dutela ulertu uste omen dute batzuek.
Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaie emakume gehiago izatea zuzendaritza postuetan, gizonek hartzen dituztelako erabakiak eta askok ez dutelako emakume entrenatzailerik gogoan izaten.
Hortaz, bada oraindik zer egin, ezta?