Pinterest-eko kontua galdu aurretik, edukia gordetzeko aholkuak

Pinterest-eko kontua galdu aurretik, edukia gordetzeko aholkuak Pinterest-eko erabiltzaile askori kontua desaktibatu diote, eta bertan zituzten edukiak galdu dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pinterest-eko-kontua-galdu-aurretik-edukia-gordetzeko-aholkuak/@@download/image/pexels-indraprojectsofficial-27742640.jpg
2025/05/14
Pinterest-eko erabiltzaile askori kontua desaktibatu diote, eta bertan zituzten edukiak galdu dituzte.
Pinterest-eko kontua galdu aurretik, edukia gordetzeko aholkuak

Pinterest guneko erabiltzaile asko kexatu dira, inongo arrazoirik gabe, saretik kanpo utzi dituztelako. Plataformaren komunitateko jarraibideak errespetatu dituztela nabarmendu dute baina, hala ere, kontua desaktibatu egin dietela. Batzuek adierazi dute kontu berria eta erabili gabea zela, eta beste batzuk, berriz, duela hamarkada bat baino gehiago sortutakoa.

Pinterest irudien bildumak egiteko sare sozial estatubatuarra da. Bertan gaien araberako irudi-bildumak sor daitezke, zaletasun, ekitaldi edo interesen arabera. Hain zuzen ere, erabiltzaile batzuk denbora askoan, urtetan, aritu dira sormen proiektuetarako irudiak, ekitaldien antolaketarako edo moda zein etxeko dekoraziorako irudiak gordetzen eta bildumak osatzen. Kontu pertsonaletarako ez ezik, lan profesionalerako ere erabiltzen da. Kontuak debekatzeko joera dela medio, urteetako lana galdu dute orain. 

Zenbaitek kontua berreskuratzea lortu badute ere, gehiengoak ez du halako zorterik izan. Dena den, kontura berriz sartu diren batzuek salatu dute ez dutela eduki guztia errekuperatu.

Pinterest plataformak sare sozialetan zabaldutako mezuetan azaldu duenez, "Pinterest sare segurua eta positiboa dela ziurtatzeko, gure komunitateko jarraibideak urratzen dituzten edukiak begiratzen ditugu eta halakoak dituzten kontuak desaktibatu egin daitezke. Zure kontua ixtea akatsa izan dela uste baduzu, erreklamazioa egin dezakezu". Erreklamazio eskaeren pilaketa tarteko, ordea, luzatzen ari da berrikusketa.

Nola gorde Pinterest-eko edukia?
Egoera hau ikusita, erabiltzaile asko kezkatuta daude, urtetan egindako lana galdu nahi ez dutelako. Horren aurrean, zer egin daiteke? Instagram-eko dandy.demon bideo sortzaileak Cosmos erabiltzeko proposamena egin du bideo batean. Cosmos gunean "sortu" botoia sakatu, Chrome luzapena deskargatu, eta Pinteresteko taula inportatu behar da.

Hala ere, bideoa ikusi dutenek aipatu dute 500 eduki soilik onartzen dituela eta askoz gehiago dituzte zenbaitek. 'Wfdownloader' erabiltzeko proposamena ere egin dute, profileko lotura bertan itsatsi eta irudiak jaisten dituela azaldu dute.

Antzeko beste gune batzuk 
Halakoetan ohikoa izaten da bestelako alternatiben bila hastea. Sarean kuxkuxeatuz, honako hauek topatu ditugu: Behance, Etsy, Pexels, Mix, Flipboard, Designspiration, Dribbble, Pearltrees, Depositphotos...

Hautatu zure gustukoena eta segi!