Fran Urias (Hesian): "Kohesio handiko diskoa egin dugu"

Fran Urias (Hesian): "Kohesio handiko diskoa egin dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fran-urias-hesian-quotkohesio-handiko-diskoa-egin-duguquot/@@download/image/201112165664hes_1360925931.jpg
2011/12/16
elkarrizketa
Fran Urias (Hesian): "Kohesio handiko diskoa egin dugu"
'Hitzetik' da Sakanako taldearen laugarren diskoa, Elkar-Oihuka diskoetxearen eskutik dakartena. Ez da urte samurra izan zortzikotearentzat, kideen sartu-irtenek nahi baino gehiago eten baitute lan erritmoa. Hala ere, indartsu datoz, lan berria besapean, euren onena emateko gogoz eta, beti bezala, gazte jendea saltoka jartzeko asmoz. Fran Urias taldeko gitarjole eta abeslariak kontatu digu zertan den hau guztia.  

Creative Commons lizentziapean autoekoiztu eta autoeditatzetik, Elkar-ekin argitaratzera pasa zarete. Zer gertatu da halako aldaketa emateko?
Alde batetik, Elkar-Oihuka konpainiarekin lan egitea aukera ona da guretzat, azken finean, ibilbide zabal eta oparoa daramate euskal musikagintzaren esparruan (beste batzuetan ere bai) eta erreferente bilakatu dira. Atea ireki zitzaigun, egokia zela pentsatu eta aurrera egitea erabaki genuen. Bestalde, kontuan hartuz nolako lana dakarren disko baten ekoizpenak, kasu honetan, lan horren parte bat behintzat gure gainetik kentzea erabaki genuen. Ez dugu esan nahi autoekoizpenaren esperientzia txarra izan zenik, baina bide berriak ibiltzea ez da inoiz aukera txarra: gakoa esperientzia bakoitzetik ikastea eta haztea da. Bukatzeko, Copyleft-Creative Commons mundua barrutik ezagutu dugu eta bere filosofiarekin bat egiten jarraitzen dugu, inolako zalantzarik gabe. Hala ere, gure iritziz, hutsune batzuk ere baditu eta praktikan ez du behar bezain ondo funtzionatzen. SGAEren politika eta filosofiaren kontra gaude, eta hortik eratorritako etekinei uko egitea erabaki dugu. Oraindik ere, alternatiba egoki bat bilatu behar zaio historia honi, publikoarentzat eta egilearentzat egokiak diren baldintzak ezarriz. Konplexurik gabeko eztabaida sakon bat beharrezkoa da, anbiguotasunak alde batera utziz.

'Hitzetik' laugarren lan hau da orain arte egin duzuen "biribilena". Zergatik? Zertan nabari da hori?
Elkar-eko jendeari galdetu behar, eurek jarri baitzioten kalifikatibo hori gure lanari –barrez–. Disko honek kohesio handia dauka. Abesti guztiek harreman estua daukate euren artean, lotura handia dago bai musikari eta baita hitzei dagokionez ere. Horregatik da hain biribila.

Zuriñek eta Txamusek Mireiak eta Karlosek utzitako lekua hartu dute. Hilabete nahasi samarrak izan ziren haiek. Azken emaitza bezain "biribila" izan al da prozesua?
Egia da hilabete nahasiak izan zirela… taldean aldaketak egitea zaila izaten da beti, eta are zailagoa abeslaria aldatzea. Baina aldaketak ez dira traumatikoak izan: Zuriñe eta Txamus musikari apartak dira, eta ezin hobeto sartu dira taldearen dinamikan eta egunerokotasunean. Beraien ekarpenik gabe, ezinezkoa litzateke urte honetan egin dugun lan guztia egitea. Horrelako jendea duzunean inguruan, zeure buruari galdetzen diozu: nola biziraun dugu hauek gabe orain arte?

Zuen musika indartsu eta samur, zital eta gozo modura aurkezten duzue. Nola lortu oreka?
Egia esan, honetan ere ez gara gu izan horrelako adjektiboak jarri dizkionak geure lanari. Egiten dakigun musika egiten dugu eta ez dugu ezer asmatu… Nola definitu musika indartsua? Eta samurra? Ikuspegiaren araberako etiketak dira, besterik ez. Hala ere, eskertzen da horrelakoak noizbehinka jasotzea... –barrez–.

2006an hasi zinetenetik, makina bat abesti konposatu dituzue hitzordu edo kanpaina berezietarako propio: 'Euskal Herriak autodeterminazioa' (2006), 'Zeru gorriko egunak' 2008ko Gazte Topagunerako, 'Bihotzetik mundura' (2011) AEBetako Boiseko ikastolarentzat eta 'Olatu berdea' (2011) Independentistak sarearentzat. Nola bizi duzue hau? Zer suposatzen du zuentzat?
Abesti hauek, oro har, taldearen eragin esparrua handitzen lagundu dute, aipaturiko lehenengo biek batez ere. Horrelako proiektuetan parte hartzea gustuko dugu, defendatzen duten ideologia edo daramaten filosofiarekin bat egiten dugulako eta gure ekarpena egitea beharrezkoa ikusten dugulako aukera suertatzen den heinean.

Taldekideen sartu-irtenak ere ugariak izan dira 2006 hartatik. Oztopo izan al dira hauek Hesian-en garapenean?
Oztopo izan dira, taldeak bere ibilbidea eten behar izan duen heinean. Beste edozein arlotan bezala, zentzu honetan ere, kolpe bakoitzetik ikasi eta  indartsuagoak egiten saiatu gara. Bost urte daramatzagu lanean, ia 200 kontzertu eman ditugu, lau disko kaleratu… ez dira datu makalak kideen hainbeste sartu-irten jasan dituen talde batentzat, ezta? Momentu honetan egonkortasuna aurkitu dugula esan dezakegu, ekaitza atzean utzi eta argia ikusi dugu berriz ere.

Emakume ahotsa da zuen zeinuetako bat. Ez pentsa neska asko dagoenik euskal musikagintzaren panoraman (are gutxiago neskaz osatutako taldeak). Zergatik ez? Zer aldatu beharko litzateke hau ere aldatzeko?
Gizartean bertan oso barneraturik dauden baloreak dira, musika munduan ere isla garbia dutenak. Garrantzitsua da horrelako arazoei  sustraietatik heldu eta ebakitzea. Mundua bera gizonezkoarentzat egina dela ematen du aspektu askotan, eta hori da eraldatu behar duguna. Egunerokotasunean, bakoitzak ahal duen neurrian, aspaldidanik gure bizitzetan barneratutako eskemak pauso txikiak emanez apurtu behar ditugu. Ezin dugu gizartea hirugarren pertsona arrotz bat bezala ikusi. Denok gara arazoaren parte, konponbidearen parte garen bezala.

Bestela, ze beste ezaugarrik esango zenukete definitzen zaituztela talde modura?
Aipagarria da, beste hainbat gauzen artean, haize sekzioa eduki arren ez garela Ska edota Reggae talde bat. Sarritan etiketatu gaituzte modu horretan, baina hauek ez datoz bat taldearen musikarekin. Pop-Rock eta Punk-Rock arteko nahasketa bat egiten dugula esan daiteke, eta haizeak musika edo oinarri horietara egokitzen dira. Emaitza berezia dela esan dezakegu, ezer berririk asmatu ez dugula jakin arren.

Sakanatik zatozte. Nafarroako Gobernua izugarrizko murrizketak egiten ari zaio 'euskal' aurrizkia daraman guztiari. Zer diozue?
Nafarroako Gobernuaren jarrera lotsagarria da, eta beraiek ere ez dute politika hori gehiegi ezkutatzen. Azken urteetan, krisiaren aitzakia jarri diote erasoei, baina betiko gauza izan da. Gobernuak, "Navarrista" edo "Regionalista" bezala aurkezten du bere burua, baina Nafarroak berezkoa duen kultura eta nortasuna bera ere desagerpenera daramate.  Herri honen historia pixka bat hobeto ezagutzea ez litzaioke gaizki etorriko bati baino gehiagori. Dena den, hori aldatzea ere denon eskuetan dago… bakoitzak jakingo du zer egiten duen eta zer ez.

Euskal Herrira mugatuko duzue aurkezpen bira ala atzerrira ere joango zarete?
Argi dago gure eremu naturala Euskal Herria dela. Euskaraz egitearen ondorioetako bat da, salbuespenak salbuespen. Ez ditugu ateak ixten: Katalunyan izan gara, Madrilen, Italian… aukera suertatzen bada gustura asko abiatuko gara edozein lekura!!