Forzium: "Gazteengana heltzeko modua aldatu egin da, lehen musika zen, orain bideo-jokoak dira".

Zaletu pila dituen arren, oraindik ere publiko zabalean eSports-ak ez dira oso ezagunak. Nola azalduko zeniekete publiko horri zer diren?
Bideo-joko batean bakarrik edo lagunekin jolastu dezakegu. Bideo-joko batek jende gehiagorekin jolasteko eta lehiatzeko aukera ematen dizunean, eSport bat dela esaten da. Kirol tradizionaletan, saskibaloia, futbola, eskubaloia eta tenisa kirol mota ezberdinak dira. sSporten kasuan berdin funtzionatzen du, bideo-joko bakoitza eSport ezberdin bat da. Beraz, eSportetan lehiatzen zarenean, eSporten zati den bideo-joko batean ari zara lehiatzen.
Nola sortu zen euskal eSport txapelketa sortzearen ideia?
Bai Guuk telekomunikazioen euskal enpresak eta bai Forziumek Euskadiko eSporten merkatua berritzeko eta bultzatzeko helburua dugu, baita gure lurraldeko gazteenekin benetako lotura eta konexioa mantentzeko xedea ere.
Beraz, Athleticen eta Errealaren arteko futbol Errege Kopako finala aitzakia ezin hobea zen txapelketa hau antolatzeko eta giroa berotzeko. Euskal Herriko gamer komunitatearen topagune izango denarentzat, lehen urrats handia da Guuk erakundeaarekin batera antolatu dugun txapelketa hau, zalantzarik gabe. Twitch bitartez jarraitu ahal izango den Euskadiko lehen futbol kopa digitala!
Kirol elektronikoen inguruan oraindik ere aurreiritzi ugari al daude?
Bai, baina nolabait apurtzen joango dira, gero eta pertsona desberdin gehiagok hartzen duelako parte, eskaintza geroz eta zabalagoa den heinean
Etorkizuna direla uste al duzue?
Geratzeko heldu den joera da bai, zalantzarik gabe. Teknologiaren garapenarekin batera, gora egiten ari dira jokoak, inoiz baino joko berri gehiago daude eta inoiz baino jende gehiagok jolasten du: gazteekin eta ez hain gazteekin konektatzeko modua izango dira bideo-jokoak. Gizarte joera eta sektore ekonomiko berria dira, eta guk horren zati izan nahi dugu, inguruko gamer eta eduki sortzaileen topagune bihurtuz.
Zein dira eSports-eko kirolari on batek eduki beharreko baldintzak?
Beste kiroletan gertatzen den moduan, jokoa jolasten jakitea ez da nahikoa. Bideo-joko lehiakorren munduan faktore asko hartu behar dira kontuan. Jokoa mekanikoki oso ongi ezagutzeaz gain, estrategikoki ondo landuta eduki beharra dago eta mentalki ere prestatu egin behar da. Talde lanerako gaitasuna edota ardurak hartzeko gaitasuna, pazientzia, inprobisatzeko gai izatea... faktore ugari daude. Eta zer esanik ez jokalari profesionala izan nahi baduzu, kirol tradizionaletan gertatzen den moduan, lantalde osoak daude gamer profesionalen inguruan, baita eduki sortzaile profesionalen inguruan ere, Euskal eSports txapelketaren finalean caster moduan izango dugun Ander Cortés da horren adibide.
Zein dira Euskal eSports txapelketa honetan faboritoak?
Forzium eta Guuk-en asmoa txapelketa ireki bat egitea izan da, aurrebaldintzarik gabe, maila ezberdinetako pertsonek parte hartu eta gozatzeko aukera izan dezaten. Horregatik, izen emateak irekiak izan dira, eta zozketa bidez aukeratu dira 128 jokalariak, 64 kamiseta bakoitzeko. Horietatik finalista bana aterako da. Beraz, ez dago aldez aurretiko faboritorik, kanporaketak hasi ahala (martxoaren 19an hasi ziren) ikusiko dugu zer nolako maila dagoen, eta oso polita izango da maila desberdinetako jokalariak parte hartu ahal izatea, gure inguruko eduki sortzaileek dinamizatutako saioetan. Lehiaketa gogo askorekin hartua izan da, eta partida asko ditugu aurretik martxoaren 27an, Ander Cortés streamer bilbotarrak caster lanetan izango den finala baino lehen, ikusi beharko da lehen postua nork lortzen duen!
Publikoak partidak jarraitu ahalko ditu?
Bai noski! Partida gehienak Twitch bitartez emango dira, kanporaketetako hasierako partida gehienak, finalalaurrekoak eta finalak, guztiak. Gainontzekoen kasuan, zapping moduko programa bat egingo dugu partidak ikusten joateko. Eta Ander aipatu dugu, baina nabarmendu nahi dugu Forziumeko eduki-sortzaile gazteek, gamerek eta casterrek hauek dinamizatzeko egingo duten lana ere: Amaia Amunarriz (@amaiaamunarriz), Unai Zaballa (@rulas47), Cristina Orube (@cris.orube), David Edroso (@david_edroso), Marc Alonso (@xcalamarc).
Zein da horrelako partidak jarraitzen dituenaren profila?
Normalean, bideo-jokoak gustatzen zaizkion pertsonak izaten dira; baina honelako ekitaldietan, bideo-jokoak baino gauza gehiago agertzen dira zuzeneko emanaldietan, eta horregatik futbola, bideo-jokoak, caster-ak edo honekin zerikusia duen zerbait gustatzen bazaizu, hor egotea aukera ona izaten da. Profil desberdineko jendea biltzen da.
Daturen bat aipatzekotan, Bideo-jokoen Espainiako Elkartearen urteko txostenaren arabera, Estatuan eSport-ek 2,9 milioi jarraitzaile dituzte eta ikusleen % 55ek 25 urtetik gora dituzte eta % 36 neskak dira; Europa mailako portzentaiarik altuena.
Sektore ekonomiko berri hau geratzeko iritsi dela uste al duzue?
Geratzeko? Esango nuke oraindik ez dela indar guztiarekin heldu eta etengabe hazten ari da; aldiz telebista kateen zenbakiak behera doaz etengabe . Bideo-jokoek, eSportek, eduki digitalek... sektore berri hau telebista irensten ari da. Hortaz, erantzuna BAI handi bat da. Gazteengana heltzeko modua aldatu egin da, lehen musika zen, orain bideo-jokoak dira.
Argi dagoena da Ander Cortes edo Ibai Llanos bezalako caster-ak sekulako gorakada izan dutela, zein da zuen ustez beraien arrakasta?
Hainbat faktore hartu behar dira kontuan azken hilabeteetan izan duten arrakasta ulertzeko. Azpimarratuko nuke beraien eta publikoaren arteko harremanaren gardentasuna, naturaltasuna eta transmititzen duten giroa gakoak direla; umeak, gazteak oso identifikatuak eta eroso sentitzen dira beraiekin, normalean zuzenekoak egiten dituzte eta horren parte sentitu ahal dira Twitch-en.
Euskarak ba al du lekurik mundu honetan?
Ez dut uste euskara eSportsen inguruko edo kanal berri hauetarako edukiak sortzeko arazo bat denik, baina ekimen edo eduki guztietan bezala, badakizu iritsiko zaren komunitatea txikiagoa izango dela gaztelaniaz egitean baino. Baina Forzium Euskal Herrian sortu da eta hemen hazten hasi gara, hemengo enpresa eta erakundeen laguntza jaso dugu Guuk, BIG Bilbao edota Getxoko Udala, esaterako, hemengoak gara, eta Euskal Herria eta euskara gurekin datoz. Hortaz, zure galderari, baiezkoa erantzungo nioke.
Sortzaile digital kalitatezkoak al ditugu gure inguruan?
Bai, eta azpimarratuko nuke gazte asko daudela gauzak egiteko gogoz, horregatik gure ideia sortzaile berriak bultzatzea da, gure inguruko pertsonei ateak irekitzea, baliabideak eskaintzea, gurekin sortu eta ikastea.
Aipatu duzuenez, Forzium erakundeak duzuen helburua sortzaile lokalei esku bat luzatzea da, etorkizunera begira zein dira finkatu dituzuen helburuak?
Badakigu bideo-jokoen bidetik jo nahi dugula, badakigu edukiak sortzeko gai garela, eta ikusleek / jarraitzaileek gai honi buruzko edukiak bilatzen dituztela. Gure helburua aurrera egitea da, gero eta eduki sortzaile gehiago biltzea, gero eta zenbaki handiagoak lortzea eta hurrengo urteetan gaming lehiakorreko taldea sortzeko aukera izatea. Baina gure lehentasuna, egun eta hurrengo hilabeteetan, edukiak sortzea eta eduki sortzaileekin lan egitea izango da.