[Gomendioa] 'Fleabag', axolagabe utziko ez zaituen umorezko telesail garratza
Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek -Fringe First Award saria irabazi zuena-, 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak mantentzea, lehentasun handienetarikoa bilakatu den emakume -hartu arnasa- zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, Louie, Love, Girls edo Catastrophe telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat uneetan deseroso batean bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa azken finean.
Baina ekoizpen horietatik bereizten duen elementu nagusia, umore hori, laugarren hormaren haustura zoragarri batekin tartekatzen duela da (Antzerkitik datorren hitza da, ikuslea eta agertokiaren artean dagoen horma imajinarioari deritzo). Alegia, pertsonaiak zuzenean ikusleari hitz egiten diola -House of Cards eta beste hainbatetan ikusi dugun bezala-, modu honetan sortzen den konplizitatea, istorioaren euskarrietako batean bilakatzen delarik. Pertsonaiak bizi eta eragiten dituen une horien barruan egongo bagina bezala sentitzeaz gain, bere garun barruan igeri egiteko aukera eskainiz. Sexu harremanak mantentzen ari den bitartean adibidez, guri, ikusleari, zuzenean hitz egiten digu bere iritzi xelebre guztiak jakinarazten dizkigun bitartean. (Ikusi sekuentzia hau eta zertaz ari naizen ulertuko duzu)
Eta batez ere, topiko guztietatik erabat aldentzen dela. "Emakume moderno" baten erretratu hori, ez da beste istorioetan ikusi dugun irudi baldar ala histeriko baten bitartez islatzen. Handinahitik erabat aldendu eta errealitatetik gertuago kokatzen baita. Hori bai, mota honetako telesail ugaritan gertatzen den bezala, muinean, drama bat dagoela ohartarazi nahi dizuet. Bai, nahasmen eta erokeria guzti horren azpian ageri dena, tragedia moduko bat delako. Ez pentsa beraz barre hutsak bakarrik ikusiko dituzuenik. Algara eta drama modu orekatuan uztartzen dituen ekoizpen burutsu bat baizik. Badakizue beraz, Fleabag gorrotatu ala maitatuko duzuen jakiteko, has zaitezte axolagabe utziko ez zaituen umorezko telesail xelebre hau ikusten.