Festa bai, baina begirunez

Festa bai, baina begirunez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/festa-bai-baina-begirunez/@@download/image/64p40-1_1365536682.jpg
2006/06/02
elkarrizketa
Nora Gurrutxaga Insausti. Haritzalde Naturzaleen elkartea
Festa bai, baina begirunez
Zaratak gure belarriak erasotzen ditu, eta kalte handia egiten dio osasunari. Zaratarekin bizitzen ohitu gara, baina. Horregatik askotan ahantzi egiten dira  sortzen dituen ondorio txarrak. Udako jaien zurrunbiloan murgiltzean, gogoan izan ezazue: jaiak bai, baina begirunez. 

Zarataren arazoa ez da gauza berria, baina, orain arte, ez zaio merezi duen garrantzia eman. Europako Batasuneko Kontseiluak, 1977ko maiatzaren 17ko ebazpenean, horrelaxe definitzen du zarata: "Pertsonentzat izaera afektibo desatsegina edo onartezina hartzen duen soinu-multzoa da, batez ere, sortzen dituen enbarazuen, nekearen, kalteen eta, zenbaitetan, minaren ondorioz".

Dirudienez, garapen ekonomikoak ia halabeharrez ekarri du zarata, eta aferak ez du konponbide errazik. Biztanle-dentsitate handiko tokietan, gauza normala izaten da kutsadura akustikoa, eta horrexegatik, etxebizitza bat erosterakoan adibidez, gune lasaiak askoz preziatuago daude toki zaratatsuak baino. Aukera izanez gero, jendeak azpiegituretatik urrun nahi izaten dugu etxea  (gazteon kasuan, etxebizitzaren kontua nola dagoen ikusita, edozein tokirekin konformatu behar izaten dugu…).

Gaur egun, badakigu leku zaratatsuetan kutsadura akustikoa egoten dela; beraz, duela urte batzuk ez bezala, kontzeptua ezagutzen dugu, behintzat. Badakigu zarata bizitza-kalitatea txartzen duten faktore garrantzitsuenetako bat dela, eta belarriak erasotzen dizkigun elementu horri aurre egitea funtsezkoa dela osasuna, ongizatea eta bizitza-kalitatea garapen ekonomiko eta sozialarekin uztartzeko.

Ingurumen-zarataren jatorria

Zaratarekiko sentikorrak direnei nabarmen eragiten diete zarata-guneek. Gaur egun, hauexek dira zarata-gune nagusiak: garraiobideak (errepideak, trenbideak, aireportuak, itsas-portuak); industria-jarduerak (industriako instalazioak, makinak); hiri-inguruneak (kaleko obrak, tabernak, jatetxeak); aisialdi inguruetan sortzen den zarata (musika ozena, kaleko kontzertuak, botiloiak), eta beste zenbait (kirola egiteko edo aisialdirako motorrezko ibilgailuak, festak eta jaialdiak, merkataritza-guneak, zaborra biltzeko makinak, anbulantziak, kirol-zelaiak)…

Zarata-gune hauek sortzen duten enbarazua hainbat faktoreren arabera neur daiteke: foku-mota; egoera berria ote den ala lehendik ere hala ote zen; inguruneko zarata-mailak; hartzaileen zaratarekiko sentikortasuna; zarataren ezaugarriak, eguneko zein alditan sortzen den (egunez, gauez), laneguna edo jaieguna den…

Zarataren eraginak

Zaratak kalte egiten die pertsonei eta animaliei, eta, neurriak hartu ezean, gure osasuna nabarmen kaltetu dezake. Mendebaldeko herrialdeetan, tamalez, entzumen-gaitasuna gutxitzea oso ohikoa da hiritarren artean, eta kasu askotan, gainera, normaltzat hartzen dugu gutxitze hori.

Egin dezagun zaratak eragiten dizkigun ondorio fisiologiko eta psikologikoen zerrenda: urduritasuna, lanean aritzeko arreta galtzea, kolesterola gehitzea, bihotzaren erritmoa azkartzea, odol-zirkulazioa zailtzea, portaera antisozialak… Horiek guztiak kontuan hartuta, ez da harritzekoa jende askok hirietatik kanpo alde egiteko beharra sentitzea.

Bestalde, azken urteotan lan istripuak %8tik %10era areagotu dira zarataren ondorioz, eta zer esanik ez trafiko istripuak… 

Zarata-mapak

Euskal Herrian, gabezia handia dago zaratari buruzko legedietan. Gaur egun zarata-mapak egiten dira, eta mapa horiei esker, badakigu Euskal Herriko toki askotan ingurune-zarataren maila 70 dBA baino handiagoa dela. Batez besteko hori erabat kaltegarria da osasunarentzat.

Beraz, funtsezkoa da zarata-mapa egin ondoren, horren aurkako politika abian jartzea. Ibilgailuen trafikoak, adibidez, zarata handia sortzen du, eta, Europako hainbat herrialdetan bezala, Euskal Herrian ere zarataren aurkako hesiak jartzen hasi dira errepideetan, etxeetan eta industrietan. Aipatu hesiek zarataz isolatzea ahalbidetzen digute.

Zarata gutxitzea

Denoi dagokigu zarata gutxitzea. Hona hemen helburu hori lortzeko eta gure entzumena behar bezala zaintzeko zenbait neurri:

-Garraio publikoa edo bizikleta erabiltzea, autoaren ordez.
-Autoa izanez gero, behar bezala zaindu eta erabiltzea.
-Abiadura murriztea, bai hiri barruan, bai bestelako errepideetan ere.
-Lotarako orduak errespetatu, eta gauez ahalik eta zarata gutxien egitea.
-Etxetresna elektrikoak artatzea, ongi funtziona dezaten.
-Ahal den neurrian, zarata gutxiko etxetresna elektrikoak erostea.
-Telebistaren eta musika ekipoen bolumena kontrolatzea, betiere besteei ez molestatzeko moduan jarriz.
-Zarata handiko lekuak isolatzea.
-Lan-motaren arabera, zarata murrizteko segurtasun neurriak hartzea.
-Herri bakoitzak duen zarata-araudia errespetatzea.