FairBnB: Gentrifikazioaren aurkako turismo etikoaren alternatiba

Uber eta AirBnb aplikazioek erabat eraldatu dute gure bidaiatzeko modua. Pertsona askorentzat diru estra bat lortzeko aukera bikaina da, baina honek komunitateetako ekonomian duen eraginak arazo larriak sortzen ditu.
Ekintzaile italiar talde batek FairBnB deitutako programa pilotu bat jarri zuen martxan 2019ko urtarrilean. Helburua turistei bidaiatzeko alternatiba etiko bat proposatzea da. Ideia Sevilla, Bartzelona eta Amsterdan bezalako hirietara zabaldu da eta turismo industriaren barruan alternatiba global izatera iritsi nahi du.
Aplikazio hau intentzio onak baino askoz ere gehiago da ordea; hirietako biztanleei turismoak eurentzat dakartzan efektu negatiboak murriztu nahi dizkie ez dadin gentrifikazioaren ondorioz hiritarrentzat bizitza garestitu.
Ostatu kooperatiboa korporatiboa beharrean
Couch surfing-aren ideiatik abiatuz, gazte askok bidaiatu dute beste modu batean. Egun, teknologiaren erabateko barneratzearekin AirBnB aplikazioak turismoa berrasmatu du. Plataformak Estatu Batuetan bakarrik diru-sarreren %20 suposatu du, hotel tradizionalei aurrea hartuz.
Haatik, horren ondorioz hiri eta auzo turistikoak bidegurutze gogorrean aurkitzen dira. Batzuk horretaz profitatzen diren bitartean, bertako biztanleen bizitza izugarri garestitu da. Ikerketa batzuk diotenez oso gentrifikatuak dauden guneetako biztanleen artean antsietate, depresio eta substantziekiko dependentzia kasuak igo egin dira. Berlin edo New York bezalako hirietan protestak ugaritu egin dira egoera honen aurrean, baina inork ez du esku hartu nahi izan egoera erregulatzeko. Legaltasunaren zona grisean dago egoera. Horregatik, FairBnB plataformak arau zorrotz batzuk jarraitzen ditu:
Zer eskaintzen du FairBnB-k?
1-Plataformaren politikaren arabera jabe bakoitzak etxebizitza bakarra eduki dezake FairBnB plataforman. Helburua, jabe bakoitzak turismoaren negozioan etxebizitza gehiegi ez edukitzea da.
2-Euren etxebizitzak eskaintzen dituzten erabiltzaileek zergak ordaintzen dituztela frogatu behar dute.
3-Plataformak eskuratutakoaren %50 proiektu lokaletan inbertitzen du.
4-FairBnB-k modelo kooperatibo baten barruan funtzionatzen duenez, gehienezko soldatak finkatuak ditu eta plataformaren sortzaileak dira bertako langileak.
5-Hirietako komunitateetan inbertitzeaz gain, erakundeek crowsourcing bezala erabili dezakete plataforma proiektu komunitarioak aurrera eramateko.
Negozio modelo honek bada, hobeto regulatzen du euren etxebizitzak eskaintzen dituztenen egoera, baina eta turistak zer? FairBnB-k dioenez erreserba komisioa kobratzen zaie, baina aukera emanez komisioaren %50a eurek aukeratutako proiektu edota erakundeari eskaintzeko.
Ideia honen arabera FairBnB-an gela bat erreserbatzen den bakoitzean komunitateak onurak ditu. Kontuan hartuz 10 urte baino gutxiagoan AirBnB plataformak 2.000 milioi euro baino gehiago eskuratu dituela, zer gertatuko zatekeen ditu hori komunitate eta auzoetan inbertitu izan balitz? FairBnB aplikazioak zerbitzua etekinaren aurretik jartzen du, eta hori da hain justu erabiltzaileok exijitu beharko genueena.