Ezkutatu ezin den hori

Ezkutatu ezin den hori https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezkutatu-ezin-den-hori/@@download/image/20101213249sexu_1361875501.jpg
2010/12/03
erreportajea
TESTUA: Igor Erauskin. Sexologoa. Bermesex.
Ezkutatu ezin den hori
Maitemina deskribatzeko eta irudikatzeko makina bat istorio, kantu, bertso eta adierazpen artistiko baliatu izan ditugu historian zehar. Batzuk gozoak; dramatikoak eta garratzak besteak. Kasu askotan gure ulermenari ihes egiten dion maiteminak, sabelean tximeletak sentitze horrek alegia badu, ordea, oinarri edo azalpen zientifikoa. 

Antifanesek (388-311 k.a.) esana zuen badirela bi gauza gizakiak ezkuta ezin ditzakeenak: mozkorra eta maitemina. Izan ere, maitemintzen garenean, gure garuneko hipotalamoak adrenalina eta noradrenalina ekoizpena areagotzeko agindua ematen du nerbio sistemaren bitartez eta, ondorioz, desio dugun pertsonaren aurrean erantzun fisiologiko gogorrak bizitzen ditugu: izerditan hasten gara, bihotz taupadek eta arterien presioak gora egiten dute, eskuek dar-dar egiten digute, lotsatu egiten gara, totelka hasi eta edozeri egiten diogu barre.

Dantza kimikoa

Orain arteko ikerketek izaera biokimikoa duen eragile bat aurkitu dute maiteminaren oinarrian: feniletilamina, anfetaminen familiakoa. New Yorkeko psikiatriko batean egindako azterketatik ondorioztatu zuten hori. Bertako zenbait pazientek, maitasun eza pairatutakoek, txokolate asko jaten zutela ikusi zuten zientzialariek. Ez zen kasualitatea, txokolateak feniletilamina kantitate altua du eta, beraz, abstinentzia sindromea arintzeko hartzen zuten. Hala uler daiteke txokolatea, maiz, sexuaren ordezko gisa hartu izana.

Feniletilamina horrek burmuina betetzen duenean, azken honek dopamina (motibazio eta plazerarekin erlazionatzen den hormona eta neurotransmisorea), norepinefrina (sexu plazerarekin erlazionatzen dena) eta oxitozina (sexu eszitazioarekin eta konfidantzarekin harremantzen dena) askatzen ditu. Dantza kimiko honek emozioen sumendia pil-pilean jartzen du. Arrazionala irrazional bihurtzen da, zuhurtasuna baldartasun eta patxada urduritasun.

Fase arrazionala

Egoera edo fase honek, baina, gehienez urte eta hiru urte bitartez iraungo du. Zoramen iragankorra pasatuta, gorputza feniletilaminaren aurrean gogortu eta segurtasun edo ongizate fasean sartuko da. Oraingo honetan morfina eta opiazeoen familiako endorfinak askatuko ditu burmuinak; harremana arrazionaltasunez bizitzeko etapa da.

Aipatu bi aldi horietan eraikitakoa erabakigarria izango da harremanaren etorkizunean. Idealizazioa eta desioa bat baldin badatoz, aurrera egiteko prest egon gaitezke, maitasunaren zutabeak sendotuz. Baina, horrela ez baldin bada, feniletilamina jaisteak frustrazio puntu bat eragin dezake. Orain arte maitalea perfektu ikusi badugu ere, hemendik aurrera baliteke akatsak ikusten hastea eta frustrazioak banantzera eramatea.

Estali begiak



Jostailu erotiko gisa antifaza edo begi-estalkia erabiltzearen abantaila nagusia berau lortzeko erraztasuna da. Izan ere, etxean denok dugu begiak estaltzeko balio dezakeen elementuren bat: buruzapi bat, bufanda bat, buff bat… Bestela, kontuan izan denda erotikoetan egitura, ehundura eta salneurri askotariko proposamenak aurki daitezkeela.

Giza erantzun sexualean zentzumenek duten garrantzia kontuan izanda, elkar esploratzeko jolasa da hemen proposatzen dena. Ikusmena jokoz kanpo utzita, beste zentzumen guztiak indar handiagoz biziko ditugu: bestearen usaina, bere ahotsa eta hitz egiteko tonua, zaporea, eskuak, ezpainak, besoak, hankak, ipurdia, zakila, alua… beste zentzumenekin jolasean sentsazio berriak sentitu eta sentiaraztea da helburua.

Proba ezank: goilaratxoak



Bikotekideak alboz etzanda daude, baten aurrealdeak bestearen bizkarra eta ipurdia jotzen dituela. Atzean dagoenak aurrekoaren gorputz osoa du eskura, kitzikatzeko eta genitalekin jolasteko. Gorputzen arteko hurbiltasunak eta akoplatzeko gaitasunak hartu emana gozotasunez bizitzeko aukera eskaintzen du. Sarketa (baginatik nahiz uzkitik)  egiten den kasuetan, klitoria edo zakila kitzikatzeko parada ere ematen du. Klimaxera helduz gero, lasai eta gozo amaitu daiteke, bata bestearen ondoan lasai gozatuz.