Ezagutu Zinegoaken aurtengo egitaraua!

Ezagutu Zinegoaken aurtengo egitaraua! Lumaz harro! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezagutu-zinegoaken-aurtengo-egitaraua/@@download/image/51356223_10156976980942622_1971893724103311360_o.jpg
2019/02/06
berria
Lumaz harro!
Ezagutu Zinegoaken aurtengo egitaraua!

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 16. edizioa aurkeztu dute. Otsailaren 18tik martxoaren 3a programa zabala izango da hiriko toki ezberdinetan; guztira, 140 jarduera inguru antolatu dituzte aurtengo zinemaren festarako. Hasiera ekitaldia otsailaren 18an izango da, Arriaga Antzokian, eta itxiera martxoaren 2an Bilboko Elkarte Filarmonikoan.

Duela aste pare bat aurkeztu zuten aurtengo kartela, eta harekin batera, edizio honetako leloa: “Lumaz harro”. Hain zuzen, Zinegoakek genero-adierazpena landu nahi du bereziki. Aurtengo berritasun modura, “ZG Jardunaldi Profesionalak” antolatuko dira, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadi eta EHU/UPVren lankidetzarekin. Zinegoakeko hainbat gonbidatuk masterclassak eskainiko dituzte formakuntza zentroetan.

Jaialdiaren inaugurazioa otsailaren 18an izango da, Arriaga Antzokian, 20:00etan (gonbidapenak antzokiko txarteldegietan eta Bilboko turismo bulegoan jaso daitezke). Sridhar Rangayan zuzendarri, ekoizle eta ekintzaile indiarrak edizio honetako Ohorezko Saria jasoko du. Aurreko egunean, hilaren 17an, BBK aretoan antolatutako proiekzio berezi batean, Rangayanen azken filma, Evening Shadows, ikusi ahal izango da, zuzendariaren parte-hartzearekin.

Guztira, jaialdiak 25 film luze izango ditu Sail Ofizialean, hiru kategoriatan banatuta: FIK, DOK eta KRAK. Fikzioak FIK kategorian bilduko dira. Besteak beste, Oscar Wilden azken urteak kontatzen dituen Happy Prince egongo da, Rupert Everettek zuzendu, ekoiztu eta antzeztutakoa; edo Rafiki, eduki lesbikoa duen Keniako lehenengo pelikula.

DOK kategorian dokumentalak izango dira protagonista. Besteak beste, intersexualitatearen errealitatea ezagutuko dugu Ez Eva ez Adan. Kontakizun intersexual bat lanean, eta Kartzela Bollerak dokumentalak espetxeetako sexualitate disidenteen egoera kontatuko du.

KRAK kategoria aurtengo nobedade nagusia izango da, jaialdiaren egitarauari dagokionez. OFF Zinegoak kategoria zaharraren lekukoa hartuko du, eta bertan agertuko da zinerik apurtzaileena. Generoak, lengoaiak eta estetikak nahasten ditu. Besteak beste, Bertrand Mandicoren Les Garçons sauvages pelikula egongo da (Cahiers du Cinéma aldizkariarentzat, 2018. urteko pelikularik onena); Diamantino, Europako Zinearen Sarietan komediarik onenaren nominazioa jaso zuena; edo Un couteau dans le coeur, Vanessa Paradisen thriller lesbikoa.

Film luzeez gain (guztira estatu mailako 8 estreinaldi egongo dira). Zinegoaken film labur ugari egongo dira: guztira, mundu osoko 47 lan. Aurreko urteetan bezala, “Emakumeak” eta “Haurtzaroa eta Nerabezaroa” sail bereziak egongo dira. Aurtengo nobedadea “Indarkeria eta errefuxiatuak” kategoria izango da, LGTBI+ errefuxiatuek bizi duten errealitatea gerturatzeko asmoz.

Era berean, Zinegoaken Euskal Herriko 13 lan egongo dira: 10 film labur (gehienak “Erroak” izeneko kategorian egongo dira), dokumental bat eta arte eszeniko bi.

Zinegoakeko itxiera martxoaren 2an izango da, larunbata, Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Bertan, aurtengo saridunen zerrenda jakinarazteaz gain, Apoyo Positivo elkarteak Sari Berezia jasoko du, 25 urte bete dituelako eta sexu-aniztasuna ikus-entzunezkoen bidez lantzen dutelako.

Informazio gehiago nahi baduzu, egin klik ZINEGOAK webean!

ARTIKULU HAU GUSTATU BAZAIZU:

Bilboko Gaylesbitrans 16. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, aurtengo edizioko kartela aurkeztu du!

Cassandro el Exótico borrokalari mexikarraren erretratu bat da irudiaren protagonista nagusia. Cassandro mundu mailako txapelduna izan da hirutan... JARRAITU IRAKURTZEN.