Ez sekula esan esaldi hauek antsietatearekin dagoen bati

Ez sekula esan esaldi hauek antsietatearekin dagoen bati Asmo onez esaten badituzu ere, kaltegarriak izan litezke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-sekula-esan-esaldi-hauek-antsietatearekin-dagoen-bati/@@download/image/ansiedad.jpeg
2023/12/01
Asmo onez esaten badituzu ere, kaltegarriak izan litezke.
Ez sekula esan esaldi hauek antsietatearekin dagoen bati

Antsietatea ez da ahultasun seinalea, hori argi izan behar da guztiaren gainetik. Gure garunaren eta gorputzaren erreakzio erabat naturala da ziurgabetasunaren aurrean. Zuri gertatzen zaizu, niri, eta munduko pertsonarik lasaienari. Ez dago inor seguru antsietatearen aurrean. Eta bai, normala da norbait antsietatea pairatzen ikustean nolabait kontsolatu nahi izatea, bere barne oreka berreskuratu dezan. Alabaina, Jennifer Gerlach psikoterapeutak Psychology Today aldizkarian egindako argitalpenean aipatzen duen bezala, batzuetan, asmo onak izanagatik, esaten diren gauzek egoera okerragotu baino ez dute egiten. 

Horietako esaldi ohiko bat da "iristen denean kezkatuko zara horretaz". Eta zentzua du berez esaldiak: antsietatea jazoerei aurre hartzean sortzen da eta, beraz, logika du besteari ulertarazten saiatzea ez dela praktikoa oraindik konpondu ezin dezakeen edo gertatu ez den zerbaitengatik kezkatzea. Alta, Gerlach-en hitzetan "norbaitek etorkizunari dion beldurraz hitz egiten badizu, jada iritsi delako da". Bere burua jada arazo horretan dago, izugarri kostatzen zaio orainaldira itzultzea. Horregatik, aditu honek dio gomendagarriagoa litzatekeela "egin dezagun plan bat elkarrekin" esatea, arazoa iristen denerako, -iristen bada behintzat-, prest egon gaitezen. Senti dezala beste pertsonak arazoari aurre egin diezaiokeela. 

Baina ez ezazu bakarrik utzi. Beste esaldi ohikoenetako bat kasu hauetan honakoa da: "Ahal duzu horrekin". Berriz ere, ahalduntze esaldi nahiko ona dirudi. Alta, norbaitek laguntza eskaintzen dizunean, honelako iruzkinak irudi lezakete bere kasa uzten duzula. Eta ez da horrela. Aurreko paragrafoan esan dugun bezala, irtenbidea planifikatzeko laguntza eskaintzea da erantzunik onena. Beti ere, bere sentsazioei zilegitasuna kendu gabe. "Lasai, guztia ondo dago" esaldiak ere ez dakar ezer onik. Antsietatearekin dagoena ez dago ondo, sufritzen ari da eta ez da egokia arazoa arindu nahi izatea. Antsietatea emozio oso errealak sortzen dituen nahastea da eta. 

Eta orain, ziurrenik, bi esaldirik mingarrienak. Lehenik: "Honek ez dio inori laguntzen". Uste duzu antsietatea pairatzen ari denak nahi duelako sufritzen duela? Ez, noski, putakeria da. Eta besteak deseroso sentiarazten baditu, besteen kontua da, ez dakitelako nola kudeatu sentsazio hori, ez sufritzen ari denarena. Ez ezazu pertsona hori presionatu. Bigarren esaldi honakoa litzateke:  "Halako egin ez bazenu, ez zinateke egoera honetan egongo". Honelako zerbait esaten baduzu, pertsona hori maite ez duzulako da edo bera horren gaizki ikusteak eragiten dizun frustrazioagatik pentsatu gabe hitz egitera eramaten zaituelako. Hori esan baino hobe isilik egotea, denbora makina bat eskaini ezin badiozu behintzat. Bere sufrimenduari erruduntasuna gehitzen baino ez zara ari.