Ez egin negarrik?!

Uraren bila joateko 11 kilometro eta erdi egin ditut oinez, goizero bezala. Eta bidaia luze hau egiten dudan enegarren aldia baldin bada ere, behatzak minduta itzuli naiz etxera. Gogoratzen naiz lehendabizikoz joan nintzenean, orpoak odoletan nola ekarri nituen. Baina egia esan, oinetako mina ez zait gehiegi axola, badakidalako amaren igurtzi batek dena goxatzen didala. Hori baino askoz okerragoa da bihotzean sumatzen dudan zimikoa. Izan ere, uraren bila naraman bidearen ertzean burges batzuen etxea ikusten dut goizero-goizero. Nik ez dut horrelako palaziorik nahi, baina bertako ume ile-horiak zango artean duen baloia bai. Baloiari ostikoka ibiltzeagatik eduki nahi dut zangoetako mina, eta ez uraren bila joateagatik. Hain zuzen horregatik itzultzen naiz etxera begi bustiekin, uraren bila irtetzen naizen bakoitzeko. Gaur amak beso artean hartu eta esan dit: "Zaude ixilik haurra, ez egin negarrik, munduak ez du eta malkoen beharrik".
Ez dakit zer izan zen dardarka lehendabizi hasi zena: ura, etxea, haizea, lurra, edo ni neu. Izuak begiak itxiarazi zizkidan eta ezin izan nuen erruduna nor zen ikusi. Ni mahai bazterrean jarririk nengoen zerua buru gainera erori zitzagunean, aulkiarekin batera lurrera joan nintzen arte. Eta etzanda geratu ziren urez beteriko marmita eta bazkaria bera ere. Ez dakit zenbat denboraz ibili zen gure lurrama dantzan, ez dakit zergatik jolastu nahi izan zuen gurekin. Baina joko batzuek ez daukate batere graziarik. Etxe txikia zen gurea baina teilatu bat bazeukan behintzat; gure auzoa xumea izanagatik, bazuen bere bizia. Zergatik kentzen digu beti ama lurrak ez daukagunoi daukagun apurra?
Lurrikara bukatu zenean ixilik geratu nintzen, mundu osoa bezala; han ez zen zirkinik ere entzuten. Hala ere, begiak irekitzeak beldur gehiago ematen zidan hitz egiteak baino, nire ingurua nola geratu zen ez bainuen ikusi nahi. Azkenean, kostata altxa nuen ezker betazala, eta pentsatzen nuen bezala, hautsa besterik ez nuen ikusi. Ez etxerik eta ez kalerik, harria eta hautsa besterik ez.
Eta bat-batean, barrena poztu zidan negar hots bat entzun nuen, nire alabaren intziria. Jauzi batez altxa eta korrika joan nintzen beregana, eskutik heldu, magalean hartu eta halaxe esan nion, begiak bustirik: "Zaude ixilik haurra, ez egin negar...". Bera ez, ni nintzen ixilik egon behar zuena.