Ez atzean geratu: ligatu

Ez atzean geratu: ligatu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-atzean-geratu-ligatu/@@download/image/64p28-1_1365593318.jpg
2006/06/02
erreportajea
Lander Garro
Ez atzean geratu: ligatu
Estrategiak ere zerikusi handia izaten du festetan ligatzeko

1 Ahaztu lotsa. Ligatzeko sekretuetako bat, nor bere baitan geratzea da, kanpora atera gabe. Konplikatua dirudi, baina ez da horrenbesterako. Ligatzerakoan, nolabait, gure burua bestearen begietatik ikusten dugu, eta, egiterakoan, zinez barregarri geratzen ari garela jabetzen gara. Alferrik da: ez atera. Hitz egin, egin baboarena, esan txepelkeriak. Ez zara gainerakoak baino txepelagoa. Gainera, biharamunean ez da inor ezertaz oroitzen.

2
Generoa kontuan hartu.
Ligatzerakoan, askotan, ez dugu bestearen izaera kontuan hartzen. Adibidez, neskek, dantza egiten dute ligatzeko. Mutilarengana gerturatzen dira, eta haren aurrean dantza egiten dute. Mutilak dantza egin nahi luke, baina ezin du, lotsak enbortuta geratzeko agindua ematen dio: ez egoera behartu, alferrik da. Mutilek, aldiz, aurkakoa egiten dute. Neska dantzan ikusten dute, eta, harengana hurbildu ondoren, ikasketez hasten dira, edota pisukideez. Neskak, azkenean, gogaituta, geratu egin behar du, dantza eten.

3
Komunak ez dira toki ona.
Gauak aurrera egin ahala premia areagotu egiten da, eta unearen egokitasuna ahazten dugu. Komunean zain gaudela, adibidez, halako solasaldiak hasteko joera izaten dugu. Komuneko atarian, ordea, jendea at egoten da, trantsizio unean edo. Festatik kanpo dago, labur esanda: ez saiatu ezer ere egiten, ezbaduzu etxera beste kalabazaren batekin joan nahi.

4
Txisteak ekidin.
Txantxa baliabide ona da, baina txantxa onak egitea ez da hain erraza. Txantxaren baliabideaz abusatuz gero, entzulea aspertu daiteke. Kontuz. Ez kontatu hogei txiste baino gehiago, mesedez. Munduak eskertuko dizu.

5
'Play back' egin aurretik, hitzak ikasi.
Polita da abestiaren bidezko konkista. Poetikoa da, eta ahaztezina izan daiteke. Komeni da, ordea, play back gogoangarri hori egiteko hitzak ikastea. Ligatu nahi duzun horrek hitzak ez dakizkizula ikusten badu, akabo lehia.

6
Ez edan horrenbeste.
Mozkorrak ausardia ematen du. Neurria galduz gero, ordea, mihia loditzen zaigu, eta distantziaren neurria galtzen dugu. Besteaz gertuegi gaudela hitz egiten dugu, eta, gainera, ez zaigu ulertzen. Ezin baduzu mozkorra saihestu, ez hitz egin. Saiatu, gutxienez, disimulatzen.

7
Begirada bat ez da nahikoa.
Beldurtiak gara, eta gure buruari aitzakiak jartzen dizkiogu beldurrari aurre ez egiteko. Horietako bat, begiratzearena da. Begiratzearekin dena egin dugula uste dugu. Ez da egia. Mundua engainatuko duzu, baina ez zeure burua: ez duzu azken pausoa eman, koldar horrek!

8
Xumea izan.
Gizarte monogamiko honetan amaitu dira gau bateko igurtziak. Aurrera egin dugulakoan gaude, baina gure aiton-amonak libreagoak ziren aukeratzeko. Pentsa. Bikotea bizitza guztirako kontua dela uste izaten dugu, eta onena bilatzen saiatzen gara. Edertasuna, horregatik, ia ezinbestekotzat dugu. Ez ahaztu, ordea, sexuaren mitoa izatetik urrun zabiltzala. Izan apal, eta ez begiratu goregi. Zuk ere gerribuelta mamitsuak dituzu. Eman plazerra gorputzari: ez da begiekin txortan egiten. Animo!