Euskarazko aleak Donostiako 59. Zinemaldian

Euskarazko aleak Donostiako 59. Zinemaldian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-aleak-donostiako-59-zinemaldian/@@download/image/20118312972bi_a_1361293418.jpg
2011/09/02
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Euskarazko aleak Donostiako 59. Zinemaldian


Bi Anai
Imanol Rayo (Iruñea, 1984) zuzendari gazteak Bernardo Atxaga idazlearen "Bi anai" obra aukeratu du bere lehen film luzearen oinarri gisa. Artikutzan, Lesakan eta Iturenen egin ditu grabaketak. 50eko hamarkadan eta baserri giroan kokatzen da istorioa. Aitaren heriotza dela eta, Paulok, anaia gazteak, adimen urriko Danielen zaintza hartu beharko du beregain. Danielek neskekiko erakusten duen obsesio gero eta nabarmenagoa eta herritarrek anaiekiko duten jarrera ezkorra dira animalia ezberdinen ahotsetatik garatzen den narrazioaren ardatzak.

Urte berri on, amona!

Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) lehenbiziko aldiz heldu dio, bakarka, film luze baten zuzendaritzari. 80 urte luze dituen Mari da protagonista, eta honek familiako gainerako hiru belaunaldiekin duen harremana. Burua galdu duela dirudi, eta honen alaba eta bere senarra arduratu beharko dira; baina amonak etxeko azkarrena dirudi...
Itxuren joko horretan murgilduta garatu du Esnalek Asier Altunarekin batera idatzitako gidoia. Komedia beltza da, zirraragarria, dramatikoa; koktela.

Imanol Rayo “Zuzendari izanak arlo askotan bakarrik sentiarazi nau”



Zein dira, zure ustez, egin duzun lanaren indarguneak?
Ikuspuntua, agian. Ahots ezberdin horiek, animalien mintzoak alegia, unibertso isil bilakatu dira, epaitzen ez duen begiradaz sortua, distantziaz ikusia.

Uste dut Atxagarekin ere izan duzula harremanik...
Gidoia neronek idatzi dudan arren, Atxagak filmaren etapa guztietan parte hartu du. Gertu izan dut beti, eta alde horretatik, emaitzarekin pozik geratu izana lasaigarria da benetan niretzat.

Aurretik irudikatzen zenuen bezala joan da dena, ala tokatu zaizu harritu zaituen zerbait?
Batez ere filmaketan gauzak nahiko garbi joan dira, eta horrek ziurtasuna eman dio filmari. Baina esperientzia pertsonal gisa esanen nuke zuzendari izanak arlo askotan bakarrik egon izanaren sentsazioa sorrarazi didala.

Nolako harrera izan dezakeela uste duzu?
Jakingo banu... kritika sail bati beste bati baino gehiago gustatuko zaionaren ustean nago. Eta ikusleak... auskalo!

Telmo Esnal: “Familia testuinguruan pertsona bat muturreko egoerara nola irits daitekeen erakutsi nahi dut”



Lehenengo aldiz bakarrik film luze baten zuzendaritzan. Zer moduzko esperientzia?
Oso ona, primeran pasa dut pelikula hau egiten. Egia da hasieran banituela beldurrak, Asierrekin elkarlanean aritzera ohituta nengoelako... baina oraingoan horrela izan dira gauzak, eta asko disfrutatu dut prozesu osoa.

Itxuraz burua galdu duen amona bat aukeratu duzu protagonista, zergatik? Nondik ateratzen dituzu ideiak?
Ba, egia esan, ez da lehen pertsonan bizi izan dudan ezer, ez dut sekula amonarik eduki eta! –barrez–. Ideia Aupa Etxebeste! (2005) filma estreinatu ostean etorri zitzaidan. Gabon haietan halako egoera edo eszena bat ikusi nuen neure begiekin, non bazirudien emakume bat burua galdu izanaren itxurak egiten ari zela. Gaiari heldu nion, gero beste kontu batzuk etorri ziren eta alboratu egin nuen, baina iaz diru-laguntza jaso nuenean ekin nion berriz ere buru-belarri proiektu honi.

Zein da asmoa?
Aupa Etxebeste!rekin egindakoaren justu kontrakoa egin nahi nuen. Hura gaizki hasi eta ondo bukatzen zen, ba oraingo hau ondo hasten da baina gaizki bukatu. Nolabait, jorratu nahi nuen nola irits daitekeen pertsona bat, familiaren testuinguruan, muturreko egoeretara. Gainera, grabatzen ari ginela, albiste pare bat zabaldu zen medioetan: seme batek gurasoak akabatu zituela, beste emakume batek erraina...

Ze harrera espero duzu?
Ba ez dakit, baina izugarrizko gogoa dut estreinatzeko, oso prozesu luze eta neketsua izan da eta. Komedia kutsua du, suspensea ere bai, drama... izugarrizko koktela da eta ez dut uste inor axolagabe utziko duenik.