Euskararen arnasguneetako gazteei zuzendutako 'Arnasetik' bideo sormen lehiaketa antolatu dute hirugarrenez

Euskararen arnasguneetako gazteei zuzendutako 'Arnasetik' bideo sormen lehiaketa antolatu dute hirugarrenez Gehienez bi minutuko iraupena duten bideoak bidali beharko dituzte, gaiari jarraiki, urriaren 31ra arteko epean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskararen-arnasguneetako-gazteei-zuzendutako-arnasetik-bideo-sormen-lehiaketa-antolatu-dute-hirugarrenez/@@download/image/pexels-caleboquendo-5367423.jpg
2024/09/18
Gehienez bi minutuko iraupena duten bideoak bidali beharko dituzte, gaiari jarraiki, urriaren 31ra arteko epean.
Euskararen arnasguneetako gazteei zuzendutako 'Arnasetik' bideo sormen lehiaketa antolatu dute hirugarrenez

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak  Arnasetik bideo sormen lehiaketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute,  euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendua, LH5etik DBH4ra artekoei hain zuzen ere. Lehiaketaren helburu nagusia arnasguneetako gazteak ahalduntzea eta arnasguneen garrantzia ikusaraztea da, eta baita komunitatea indartzea ere. 

Arnasguneetako 10-16 urte bitarteko edozein sortzailek har dezake parte, banaka, taldeka edo ikaskideen artean. Hiru kategoria daude, adinaren arabera, eta kategoria bakoitzean erronka edo gai ezberdin baten inguruan egin beharko dute bideoa. Lehen Hezkuntzako 5 eta 6.mailakoek herriko txoko berezi bat edo batzuk aukeratu eta zergatik den berezia kontatu beharko dute, norekin eta noiz joaten diren... DBH1 eta 2 mailakoek urteko egun handia zein den azaldu beharko dute (herriko jaia, inauteriak, azoka bereziaren eguna…) eta berezitasuna zein den eta egun horretarako nola prestatzen diren kontatu beharko dute. Azkenik, DBH3 eta 4koek herriko nor izan nahiko luketen eta zergatik adierazi beharko dute, bosteko katea osatuz.

Euskara erabili beharko da bideoetan, eta gehienez bi minutuko iraupena izan beharko dute. Formatu horizontalean edo bertikalean grabatu daiteke. 

Lanak aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da. Webguneko galdetegia bete eta lanak Wetransfer edo Interneteko bidalketa tresna bitartez helarazi beharko dira helbide honetara: arnasagara@gmail.com.

Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko lanik onena sarituko da, 500 eurorekin. Gainera, ordainsari bera izango du Publikoaren Saria irabazten duenak. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 28an egingo dute.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.