Euskara, oinetan

Euskara, oinetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskara-oinetan/@@download/image/72p12-1_1365089369.jpg
2007/03/02
erreportajea
Euskara, oinetan
Urrutiko intxaurrak, hamalau, gerturatu eta… hamabost. Izan ere, muga guztiak gainditzen ditu Korrikak. Eta aurten ere gauza bera egingo du, martxoaren 22tik aurrera. 

Hemen da Korrika. Hamabosgarren aldia da, eta "Heldu" leloa jantzita datorkigu oraingoan. Karrantzan hasi eta Iruñean bukatuko da. Bitartean, herri andana zeharkatuko du. Omenaldia ere izango da, ohi bezala: Euskal Herriko emakumeak omenduko ditu AEKren Korrikak, euskararen transmisioan egindako lanarengatik. Eta festa horretan, milaka eta milaka lagun. Milaka eta milaka gazte. Milaka eta milaka aurpegi. Aurpegi horietako batzuk, ezagun samarrak.

Igor Elortza bertsolaria, adibidez. Igorrek Korrikan parte hartu ohi du beti. Txiki-txikitatik, gainera. Ama AEKko irakasle du eta. "Umetatik, Korrika oso magikoa izan da niretzat. Beste edonork baino lehenago izaten genuen guk petoa etxean; Korrika hasi baino astebete lehenago. Irakasle baitugu ama… Gero, espaloian zain egon beharra, jendartean korrika egitea —batzuetan, gauez—, oihuak…". Korrikan horrenbeste urtetan parte hartu ondoren, pasadizo bat edo beste ere badu bertsolari durangarrak. "Behin, herrian korrika egin ondoren, lagun bat eta biok tranpa txiki bat egin genuen, eta bizikletaz joan ginen Ermura, han berriro korrika egiteko. Kilometro batzuk badira, ez pentsa!". Esan bezala, lasterketak emakumeak omenduko ditu. Eta Igorrek omenaldia merezia dutela dio: "Euskal Herrian, emakumeek lan handia egin dute gauza asko mantentzeko. Euskararen kasuan, are gehiago…

'are gehiagorik' badago". Aurtengo Korrikan ere ez du huts egingo Igorrek: Durangon eta Bilbon, Bizkaiko Bertsozaleen Elkartearen kilometroan, parte hartuko du.

Aldarrikapena eta festa
Oihane Enbeitak zailago izango du Korrikan parte hartzea, batetik bestera ibiliko delako Gorakada antzerki taldearekin. Dena den, zirrikitua aurkitzen ahaleginduko da. Igor bezala, bertsolari gernikarra ere umetan hasi zen parte hartzen. "Zaila da lehen aldia zehaztea. Geroztik, lekukoa eramateko aukera ere izan dut zenbaitetan, eskuan hartzerakoan guztioi jartzen zaigun tonto aurpegi horrekin…". Oihaneren arabera, euskarak Korrikaren beharra du oraindik; "izan ere, denbora gure kontra doa, eta beraz, euskaldunok korrika egiteko premia dugu". Hizkuntza normalizazioa ez du oraingoz gertu ikusten bertsolariak: "Euskarak lurraldetasuna behar du komunikazio naturala bideratzeko. Subiranotasuna behar du transmisio naturala ahalbidetzeko. Aske ez dena ez da inoiz naturala".

Euskal Herriko emakumeek Korrikan merezitako omenaldia jasoko dutela uste du berak ere: "Memoria historikoa hein handi batean emakumeak zaindu izan du mendeetan zehar. Euskal Herriak historia paralelo bi ditu. Bata ofiziala edo ofizial antzekoa, eta egunerokotasuneko bizipenena bestea. Euskara bigarren historia horrek gorpuztu eta aberastu du, eta emakumeak idatzi du ondorengoen memorietan".

Juan Martinez Irujok ere ez dio Korrikaren tentazioari iskin egingo. Aurten, pilotariak ez du euskaltegian izena eman. Hala ere, Korrikan parte hartuko du, eta ahal badu, behin baino gehiagotan. Ibero jaioterriko hitzorduan, ziur, ez du huts egingo: "Bazkaria egiten dugu herrian, eta oso giro polita sortzen da. Festa egun ederra izaten da". Pilotari nafarraren ustez, Korrika oso beharrezkoa da: "Gero eta dirulaguntza gutxiago izaten da. Beraz, Korrika euskarari eta AEKri laguntzeko modua da". Herritar guztiei parte hartzeko deia egin die Juanek. Eta berriro euskarari heldu nahi liokeela adierazi digu: "Ez dut baztertu datorren urtean berriro euskaltegian izena ematea".

Badator Korrika. Zu ere bazatoz?