Euskaldun bat argazkigintzaren jaiotzan

Euskaldun bat argazkigintzaren jaiotzan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaldun-bat-argazkigintzaren-jaiotzan/@@download/image/39p40-1_1368438387.jpg
2004/03/05
erreportajea
Ainhoa Irazu
Euskaldun bat argazkigintzaren jaiotzan
Duela 165 urte, argazkigintzaren historian mugarri bat ezarri zuen tresna ezagutarazi zuen Louis Jacques Daguerre euskal jatorriko asmatzaileak: dagerrotipoa. Irudiaren mundua irauli duten hamaika tramankulu sortu dira, orduz geroztik.

Louis Jacques Mandé Daguerre Parisen jaio zen 1787an. Euskal jatorrikoa zen, Auñamendi entziklopediaren arabera. Margolaria eta antzerki dekoratzailea zen, eta irudiaren arloa ikertzeari ekin zion. 1839an ezagutarazi zuen dagerrotipoa; Zahan-ek asmatu eta Niepce-k hobetutako kamera beltzaren eta Petzval-en objektiboko kameraren arteko zubia zen asmakizun hura. Gaur egun ezagutzen dugun argazki kameraren aurrekaria zen dagerrotipoa: 10 kilo pisatzen zituen, eta irudiak kobrezko euskarri batean erretratatzeko gauza zen. Tresna berriak argazkigintzaren oinarriak ezarri zituen. Egunkari eta aldizkari askok eman zuten Daguerreren asmakizunaren berri. Arago zientzilari frantziarrak dagerrotipoa goraipatu zuen: "Erabat aberastuko da arkeologiaren arloa! Tebasko, Menphisko, Karnak-eko… eta beste tokietako monumentuetako milioika jeroglifikoak kopiatzeko, 20 urte eta marrazkilari mordoa beharko lirateke. Gizon bakar batek egin dezake zeregin hori dagerrotipoarekin". 

Dagerrotipomania Parisen
Louisen asmakizuna garai hartako Parisko gertakari nagusietakoa izan zen. Dagerrotipoa asmatu eta hilabete batzuetara, paristar asko zebiltzan batetik bestera tramankuluarekin gauzak erretratatuz; dirudienez, halako eroaldi batek hartu zituen paristarrak. Gauzak horrela, Maurisset marrazkilari frantziarrak "dagerrotipomania" irudikatu zuen marrazki batean.  

Asmakizunak informazioaren mundua erabat irauli zuen eta, tresna berriari esker, Krimeako eta AEBetako Sezesio gerren irudiak lortu zituzten. Bigarren Karlistadan erabili zen dagerrotipoa lehen aldiz gurean. Horren adierazle, egile ezezagun batek Santa Kruz apaizari eta M. Ibañez nafarrak erret boluntarioei eginiko erretratoak.