Euskal Zine Bilera bihar hasiko da Lekeition

Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdiaren 44. edizioa bihartik, hilak 20, azaroaren 28ra egingo dute. Aurten ere lehiaketa bateratua izango da, kategoria profesionala eta amateurra bereizi gabe. Jaialdiaren atal guzti guztiez gozatu ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri zinera hurbiltzea izango da, baina eduki esanguratsuenak online jarraitzeko aukera ere izango da.
Paperezko hegoak Josu Martinez eta Samara Velteren filmak irekiko du Zine Bilera bihar, eta igandean Super8 proiekzioak eta solasaldiaz gain, Kameratoia film laburren rallyko sari banaketa egingo dute. Azaroaren 24tik 26ra animaziozko filmak eskainiko dituzte eta 26an Non dago Mikel? dokumentala.
Azaroaren 27an, berriz, (H)emen elkarteak antolatutako topaketa profesionala izango da, pelikulen banaketaren inguruan. EHUko ikerkerlaria eta Gastibeltzako kide den Graxi Irigay, Euskaltzaleen Topaguneko Joahana Olabarria, eta Barton Filmseko Maria Jesus Diez Sota arituko dira solasean. Moderatzaile lanetan Olatz Beobide arituko da, (H)emen elkarteko kidea. Egun horretan bertan egingo dute sari banaketa ere. Jaialdia amaitzeko, azaroaren 28an, Sail Ofizialeko irabazleen proiekzioa izango da.
Azaroaren 22tik 25era, berriz, lehiaketan parte hartuko duten filmak proiektatuko dituzte. Honako hogei film labur hauek izango dira ikusgai:
AZAROAK 22
- Aterpean ateri (Ruben Crespo)
- Itsasoan (Joserra de la Mar eta Xabi Crespo)
- Zikings (Aiert Goenaga)
- Begiak hesteko artean (Jorge Moneo Quintana)
- Zerua hautsi zen gaua (María Fontan)
AZAROAK 23
- Haur erbesteratuak (Mikel Mendizabal Cristobal)
- Erroak (Sergio Azkarate Moreno)
- Rewind (Amaia San Sebastian)
- Barraskiloentzat iganderik ez (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey)
- Deia (Khuruts Begoña Urrutia) –
AZAROAK 24
- Subandilla (Josu Martinez)
- Memoria (Eukeni Arriortua)
- Game Over (Ilune Diaz Pollacino)
- 10 watt bakarrik (Oier Fuentes Mendizabal)
- Ostendene (Gorka Ezkibela Quintana)
AZAROAK 25
- Serendipia (Iban del Campo Uribarrena)
- Yauri Etxalde (Pello Seron Esnal eta Unai Zaballa Clares)
- Ate-joka (Iban Gorriti)
- B-ren erretratu bat (Peio Agirre)
- Atzelariak (Maddi Arzallus eta Iñigo Alkorta)
Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ebazteko epaimahaia Iratxe Fresneda zuzendari eta EHUko irakasleak, Izaskun Arandia gidoilari, zuzendari eta ekoizleak eta Ane Pikaza aktore eta ilustratzaileak osatuko dute. Ikusleek ere izango dute ardura, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute EITB ikusleen sari bereziaren irabazlea, zineman bertan zein Internet bidezko emanaldietan botoa emanda.
Agenda eta filmei buruzko informazio osoa hemen kontsulta daiteke.