EUSKAL RAP ERRADIKALA? IRAULTZAILEA?

EUSKAL RAP ERRADIKALA? IRAULTZAILEA? Negu Gorriak taldearekin estilo honi lehen keinuak egiten zebilen garaian, Fermin Muguruzak berak iragarri zuen rapa izango zela euskal musikagintzaren baitako hurrengo iraultzaren protagonista. Bete al da haren susmoa? Beteko ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-rap-erradikala-iraultzailea/@@download/image/rap_mikro.jpg
2017/03/14
erreportajea

Igone Mariezkurrena

Negu Gorriak taldearekin estilo honi lehen keinuak egiten zebilen garaian, Fermin Muguruzak berak iragarri zuen rapa izango zela euskal musikagintzaren baitako hurrengo iraultzaren protagonista. Bete al da haren susmoa? Beteko ote?
EUSKAL RAP ERRADIKALA? IRAULTZAILEA?

Ion Andoni del Amo soziologoak Euskal Herriko musika historiaren gaineko irakurketa soziala ekarri du Party & Borroka tesi-liburura (Txalaparta, 2016). Besteak beste, euskal raparen  sorrera-baldintzak, potentzialitateak eta mugak ulertzeko gakoak dakartza. Odei Barroso eta La Basu MCek ere eman dizkigute puzzle hau osatzeko pieza lagungarriak.

 

LA BASU, BILBO, 1983

1999an Jungla Urbana Euskal Herriko aurreneko rap talde femeninoa sortu zuenetik, hainbat lan kaleratu ditu bidelagun ezberdinen alboan: berriena ‘Izotz Erregina’ EP-a (Taupaka, 2016) du, eta ‘Ni naiz Izotz Erregina’ euskara hutsezko lehen diskoa labean da...

Emakumea. Rapeatzailea. Euskaraz. Bilbotik. Minorizazio laukoitza? Zer egosten da Euskal Herriko izkina femeninoetan?
Ez da izan erraza emakume bakarra izana,
Euskal Herrian beti defendatzen nire lana.
Urteak pasata jarraitzen dugu rapan,
Gora gure borroka, gure hizkuntza, trakamatraka!!
Rap estetika: bat eta bakarra?
Non dago xarma? Itxuran ala karman?
Hitza beti da nire borroka, nire arma.
Estetikak galdu egin du bere garrantzia,
Mezuari ematen diogu behar duen inportantzia.
Euskal raparen behin betiko eztanda iritsiko ote?
Eztanda badago kalean,
Euskal Herrian badaukagu boterea.
Lanean jarraituko dugu tipi–tapa,
Gure mezua zabaltzen, defendatzen gure euskal rapa.
Zergatik behar du gure gizarteak eta musikak euskal rapa?
Rapa, kaleko indarra,
Guretzat beti bide bakarra.
Badakigu gizartea esnatu behar dela
Eta horrela zabalduko dugu gure mezu zabala.
Ausartu al zara inoiz Athletici buruzko koplak botatzen? Zer esango zenuke?
Nola?! Ez zait gustatzen futbola,
Nahiago dut beste edozein kirola.
Bakarrik ezagutzen dut bere afizioa,
borrokalariak beti duelako prest aizkora.
‘No more drama’ tatuatu zenuen behinola...
Bizitza... bi egun dira,
Ez dugu denbora galdu behar.
No More Drama daramat nire azalean
Jakiteko nor naizen, ez ahazteko nor nintzen.

ODEI BARROSO, URRUÑA, 1988

Bertsolaria eta irakaslea ez ezik, 2zio talde lapurtarreko rapeatzailea ere bada Barroso. ‘Pausuz pausu’ (Autoekoizpena, 2013) eta ‘Bideak’ (Autoekoizpena, 2015) diskoak kaleratu ditu Jo DJ-arekin eta Gorka MC-arekin batera.

Rapeatzaileek ordezkatu dituzte bertsolariak
manifestazio amaierako ekitaldi politikoetan.
Iraultza ala rol transakzioa?
Bada berritu beharrik, ezabatu gabe zaharrik.
Bat egiten duen horrek parte hartzen du bakarrik.
Ez kezkatu, hala diete eskatu,
Bakoitzak bere rola du eta ezin da ordezkatu.
Aldiz, raparen sehaska diren karrikak
gaztez hustu dira azken urteotan.
Lehen kalean kokatzen ziren raparen mapak
Agintearen zartak, bando arteko talkak...
Baina gauzak begira, aldatu egin dira:
Sehaska ezberdinak ditu gaur egun rapak.
Estilo berriak gure musikara ekartzea
ona ote bere horretan?
Musikan eta bizitzan, zergatik itxia izan?
Beldur naiz ote gabiltzan, hemen aspaldiko gisan.
Musika berriari aterik otoi ez hets
Baina ez gaitezen izan edozer erosteko prest.
Kontzertu-karteletako posizionamenduetan,
gora ala behera egin ote du rapak?
Ohartua naiz jadanik, askotan ez gaituztela
begiratzen rapero izanik, martzianoei bezela.
Gora ala behera ez dakit, baina piztu da kandela
ta ageri da bere argia zabaltzen ari dela.
Bat-bateko rapean ala birproduzitutakoan,
zeinetan erosoago?
Idatzitako rapak badu alde on ugari,
maiz soilik idazten diot neure buruari.
Baina hainbat emanaldi ero egin eta gero
gustoa hartzen hasi naiz bat-bateko rapari.
Hiru hilabete bete dira Ipar Euskal Herriak aurreneko berezko instituzioa duenetik.
Ezberdin argitzen ote du egunak Bidasoaren alde hartan?
Argi gehiago ez dakit baina itzala ez da handitu.
Orain indar gehiagorekin ahalko da segitu.
Baina ikusteko dago, dudak ditut, eta nituen...
Nora eraman daitekeen eta zer ekarriko duen.

 
 
 

ION ANDONI DEL AMO, DURANGO, 1974: “Euskal gizarteak rockaren inguruan eraiki du bere identitate kulturala, bestelako esperimentazioei leku handirik utzi gabe”

Euskal raparen hastapenak gatazkatsu samarrak izan zirela diozu liburuan, batez ere jendartearen aurreiritzien kontura. Zein izan zen hasierako gaitzespen haren oinarri edo funts nagusia?
Batez ere maila estetikoan izan zen. Euskal Rock Erradikalaren inguruko lerrokatze indartsua izan da Euskal Herrian, eta estetika rockero horretatik aldentzen zena gaizki ikusia zegoen, nahiz eta rapa euskaraz egin eta mezu potenteak zabaldu. Rapeatzaile batzuek esaten duten moduan, jendeak askotan rap hitza entzun eta praka kakaztuak, bisera, urrezko kateak eta bestearen amaz ‘mobidak’ kontatzea irudikatzen zuen. Dena dela, punkarekiko ere antzeko aurreiritziak sortu ziren hasieran, baita Mikel Laboaren kanta abangoardistekiko ere.


Hain justu 80ko hamarkadako Euskal Rock Erradikalak (ERE) musika panorama eta publikoa saturatu samarrak zituenean atera zuen muturra euskal rapak, alternatiba gisa-edo. Baina ERE haren seme-alabatzat ere dute askok euren burua. Nola uler daiteke anbibalentzia hori?
ERE haren itzala luzea izan zen. Batzuk, ordea, saiatu ziren espiritu hari, letra haiei eta Do It Yourself filosofia hari buelta bat ematen, estetika eta estiloa aldatuz. Hortaz, funtsa antzekoa zen, baina forma aldatuta.


Musika estilo minorizatua izanagatik, euskal rapeatzaile batzuek euskaraz kantatzeko hautua egin dute, gune urbano oso erdaldunetan sortuagatik gainera. Zergatik ote?
Tira, oraindik ere euskal rapeatzaile gehienak erdaraz aritzen dira. Euskarazko raparen eszena nahiko txikia da, baina aldi berean oso saretua, harreman biziak eta onak izaten dira haien artean. Beharbada bere izaera gutxitu bikoitzari zor dio, hain justu, kolektibo honek kohesio eta konpromiso maila altu hori. Musika estilo gutxitua egiten dutelako, hizkuntza gutxitu bat baliatuz. Bestalde, nortasun aldarrikatzaile bikoitza ere badute: euskaraz kantatzea bera bada aldarrikapen bat, baina gainera karga sozio-politiko handiko hitzak lantzen dituzte. EREren oinordetza nabarmena da horretan, batzuek argi eta garbi onartu izan dute Euskal Rap Erradikala sortzeko asmoa.


Ze neurritan bete da (eta ze neurritan ez) Fermin Muguruzaren iragarpena?
Muguruza ustezko iraultza honen inguruan teorizatzera ere iritsi zen: rapak duen komunikatzeko gaitasunaz aritu zen, bertsolaritzarekin eduki dezakeen loturaz... Negu Gorriak taldean zertxobait rapeatu zuen, baina hamar urte igaro behar izan ziren Negu Gorriaken lehenengo diskotik Selektah Kolektiboa euskarazko rap taldea agertu zen arte, 2000 urtean. Neurri handi batean, euskal gizarteak rockaren inguruan eraiki du bere identitate kulturala, bestelako esperimentazioei leku handirik utzi gabe. Egin izan dituztenean, ez da erraza izan oihartzuna lortzea, bozgorailuak ere oso rockzaleak izan direlako. Nolabait, esan liteke Fermin Muguruza bera, Kortatu eta Negu Gorriak bezalako taldeak izan direla iragarpen hori betetzeko lehen oztopoa, haien arrastoak bestelako adierazpen eta estiloak blokeatu dituelako.


Aurrera begira, zein dira euskal raparen potentzialtasunak eta zein mugak edo aurkituko dituen oztopoak?
Komunikatzeko gaitasun nabarmena duen estiloa da. Baina, gero eta oihartzun handiagoa eduki arren, oso rockeroak izan diren bozgorailu horietako batzuk komertzialak edo patxangeroak bihurtu zaizkigu ia konturatu gabe, eta raparentzat leku handirik utzi gabe jarraitzen dute. Eragin handia duen Gaztea irratiak ere ez dio kasik tarterik egiten, hemengo rap teldeei behintzat ez. Bestetik, raparen adierazteko gaitasun hori arazo estrukturalei eta antagonismoei lotuta joan ohi da, eta hemen une honetan lasaitasun sozial eta politikoan bizi gara, akordionismoaren garaian. Sakoneko arazoak badaude, eta desberditasun sozialak gora badoaz, agian rapak adieraziko ditu, baina ez naiz Ferminenarena egiten ausartuko....