Euskal literaturaz Quebecen

Euskal literaturaz Quebecen Batetik, literatura eta eleaniztasunaren kongresuan izango du lekua euskal literatura sorkuntzak, eta, bestetik, gau bat eskainiko diote bertako literatur jaialdian. Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa eta Kirmen Uribek parte hartuko dute, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-literaturaz-quebecen/@@download/image/60b214e08083b.jpeg
2021/10/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudia: Trio Zukan-ena
@diapositivisme-studio

Batetik, literatura eta eleaniztasunaren kongresuan izango du lekua euskal literatura sorkuntzak, eta, bestetik, gau bat eskainiko diote bertako literatur jaialdian. Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa eta Kirmen Uribek parte hartuko dute, besteak beste.
Euskal literaturaz Quebecen

Euskal Herriaren eta Kanadaren arteko loturetan sakontzen jarraituko dute udazkenean, Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren baitan. Literatura eta eleaniztasuna ardatz izango dituen kongresua egingo da Quebeceko Laval Unibertsitatean eta, horretaz gain, Québec en toutes lettres jaialdiak euskal literaturari eskainiko dio gau bat. 

Laval Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN Klubak eta Euskal PEN Klubak urriaren 13an eta 14an egingo den La voix des autres-Besteen ahotsa, Eleaniztasuna eta literatura: Euskal Herria eta Quebec kongresua antolatu dute, pandemia dela-eta online egingo dena. Aurkezpenak izango dira egunero, eta baita mahai-inguruak ere saio bakoitzaren amaieran. Honako gaiak landuko dituzte, besteak beste: hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan.

Urriaren 16an, berriz, euskal literaturari eskainitako gaua antolatu dute Quebec hiriko Zibilizazioaren Museoan, urriaren 14tik 24ra egingo den Québec en toutes lettres jaialdi ezagunaren baitan. Soirée découverte Accent basque izenburua izango du gauak eta 19:00etatik aurrera egingo dute. Batetik, euskal literaturari buruzko mahai-ingurua egingo da Itxaro Borda eta Kirmen Uribe idazleen eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren parte hartzearekin. Melissa Verrault idazle eta itzultzaileak gidatuko du saioa. Bestetik, Chejov vs. Shakespeare egitasmoaren edizio berria aurkeztuko da. Oraingoan, Aurelia Arkotxa euskal idazlea eta Jean Desy idazle quebectarra izan dira protagonistak. Urtebetez mantendu duten korrespondentzian akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna izan dituzte hizpide, eta baita pandemia ere. Gutun-trukearen emaitza liburu bihurtu eta jaialdian aurkeztuko dute Desy eta Arkotxak. Ekitaldian pasarte batzuk ere irakurriko dituzte Trio Zukanen musikaz lagunduta. Chejov vs. Shakespeare-ren edizio honen azala egiteko hautatutako artista Higinia Garay irudigilea izan da, eta liburua azaroan aurkeztuko da Donostian, Literaktum jaialdiaren baitan. 

Bestalde, Itxaro Bordak Quebeceko Poesiaren gaua ekitaldian hartuko du parte jaialdian, literaturako hainbat ahots beterano eta emergenterekin batera. Horretaz gain, Maria Zubimendi, Gorka Catediano eta Jon Ansorenak osatutako Trio Zukanek beste kontzertu bat ere emango du urriaren 20an, Montrealen, bertako Quasar Saxophone Quartet taldearekin.

Itzultzaileen arteko zubiak
Itzultzaile berriak proiektua ere ari dira garatzen Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren barruan. Nazioarteko literatura itzultzaileak euskaraz trebatzea eta nazioarteko literatura itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eraikitzea da egitasmoaren helburua. Yannick Bedard eta Michel Usereau itzultzaile quebectarrak, Aiora Jaka EIZIEko kidearen gidaritzapean, honako laginen itzulpenean ari dira: Garazi Arrularen Abian eta Ederra eta piztia; Uxue Alberdiren Oreina eta Ezertan lagun diezazuket?; eta Harkaitz Canoren Arrokarik altuena eta Safaria. Abendurako laginak amaitutzat eman ondoren, Bilboko Gutun zuria jaialdian aurkeztuko dute hilabetetako lanaren emaitza. Gainera, aurreikusita dago itzultzaileek Euskal Herrian egonaldia egitea 2022an. 

Joan-etorriko izaera duen Saison Quebec – Pays Basque programaren helburua euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea da eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskal Herrian erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea.