“Euskal Jai UPN-ren jopuntu bilakatu zen"

“Euskal Jai UPN-ren jopuntu bilakatu zen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-jai-upnren-jopuntu-bilakatu-zenquot/@@download/image/49p32-1.jpg
2005/02/04
elkarrizketa
Ekaitz Mendiola
“Euskal Jai UPN-ren jopuntu bilakatu zen"
Duela hilabete batzuk suntsitu zuten Iruñeko Euskal Jai gaztetxea. Ordukoak egun iskanbilatsuak izan ziren Nafarroako hiriburuan, baina baita elkartasunezkoak ere. Hain zuzen, gaztetxea eraitsi zuteneko argazkiak eta oroitzapenak bildu dituzte "Ixtearen aurka" izeneko DVD eta liburuan. Liburuaren harira, Euskal Jai gaztetxeko Amaia Elkano eta Miriam Bravorekin solastu gara. 

Zer bildu nahi izan duzue "Ixtearen aurka" izeneko liburu eta DVDan?
Batetik, gaztetxearen ixte eta eraistearen berri eman nahi izan dugu. Bestetik, Euskal Jai pilotalekua zegoen tokian plaza publikoa egiteko proiektua plazaratu nahi dugu, leku hori auzo guztiarentzat plaza bihurtzeko proiektua, alegia. Horrez gain, zera erakutsi nahi dugu: udaletxeak Euskal Jai gaztetxea hustutzeko asmoa zuela iragarri genuenean, Iruñeko gizarte mugimenduak gaztetxearen eta plaza publikoaren alde egin zuela. Elkartasun horren eraginez, hustutzea are bortitzagoa izan zen.

Nolakoa izan zen gaztetxearen azken egun hura? Zein hitz erabiliko zenituzkete orduko sentimenduak deskribatzeko?

Hustutzearen eguna ez zen edonolakoa izan; ez horixe. Egun hartan, gaztetxeko pilotalekuan plazaren kudeaketa prestatzen ari ginen, auzokide guztiei proiektuaren berri emateko. Beraz, amorru izugarria sentitu genuen aukera hori ere behera bota zigutenean.

Noiz ireki zen Euskal Jai gaztetxea? Nolako bilakaera izan zuen zabaldu zenetik itxi zuten arte?

Iruñerriko Gazte Asanbladak (IGA) okupatu zuen gaztetxea, 1994an. Kanpaina indartsu bat egin zen gazteentzako lokal autogestionatuak aldarrikatzeko, eta kanpaina horren ostean, okupazioa egin zen. Geroztik, Euskal Jai erreferentzia gunea izan da gazteriarentzat, gizarte mugimenduentzat eta Iruñerriko auzokideentzat. Finean, Euskal Jai zen UPNren errepresioaz aske zegoen Iruñeko leku bakarra; adibidez, txosnei lekua egin zitzaienean, hori ikusi zen. Horrexegatik, UPNren jopuntu bilakatu ginen.

Gazte asko zaudete auzi honetan epaiketaren zain. Zer leporatzen dizuete zehatz-mehatz?

85 gazte inguru gaude epaiketaren zain. Dena den, epaiketa hauek erosoago egin ahal izateko, edo auziak oihartzun txikiagoa izan dezan, talde txikiagotan banatuko gaituzte. Ondokoak leporatzen dizkigute: desobedientzia, erresistentzia, ondare publikoen usurpazioa, ondare artistikoa suntsitzea eta istiluak eragitea. Lehen epaiketa urtarrilaren 18an izan zen, eta datozenetarako mobilizazioak egingo ditugu.

Euskal Jai gaztetxearen auziak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Beste gaztetxe batzuk itxi dituztenean, aldiz, ezikusiarena egin da maiz. Euskal Jairen aferak zergatik izan zuen halako erantzuna?

Alde batetik, gaztetxea bera oso modu bortitzean hustu zutelako; baina, bestalde, ondo antolatu ginelako eta komunikabide eta esparru guztietara iristea lortu genuelako. Horrez gain, kontuan hartu behar da Euskal Jai gaztetxea oso barneratua zegoela auzoan, eta lehenagotik ere, hiru hustutze saiakerei aurre egin ziela. Horrek guztiak eragina izan zuen.

Hilabeteak igaro ondoren, nola baloratzen duzue Iruñean gaztetxearekiko sortutako elkartasuna?

15.000 pertsona bildu zituen manifestazioa izan da gaztetxearekiko elkartasunaren adibide esanguratsuena. Manifestazio horretara, gaztetxeen eta autogestioaren aldeko lagunak hurbildu ziren, baina baita Euskal Jai pilotaleku historikoa atsegin zuten pertsonak, eta UPNren politikaren kontra daudenak ere. Ez soilik manifestaldian, eraistearen ondorengo egunetan ere, erantzuna oso herrikoia izan zen.

Euskal Jairen itxierak ondorio harrigarria izan du Iruñerrian: gaztetxe enblematiko hura itxi, eta beste asko zabaldu omen dira. Gaur egun, zein da egoera?

Bai, egia da eragin bitxia izan duela. Esate baterako, Euskal Jai hustu ondorengo egunetan, Iruñerriko lau auzotan okupazioak egin ziren. Gaztetxe berri horiek guztiak hutsik daude iada –azkenekoa, Irulekoa, urtarrilaren 19an-. Dena den, gaztetxe horiek harrera ezin hobea izan dute auzokideen artean, eta gazte mugimendua indartu egin dute.

Garai batean, Itoiz-ko solidarioekin gertatu bezala, erresistentzia eta salaketarako bide eredugarria zabaldu al du Euskal Jaik?

Bai, Euskal Jaik egindako erresistentzia eta salaketak beste leku batzuetan jarraitzeko moduko bidea ireki du.

Oro har, nola ikusten duzue gaztetxeen mugimendua Euskal Herrian?

Hazten ari da. Jasaten ari garen eraso horiek erakusten dutenez, ongi ari gara lanean. Era berean, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen mahaia sortu da, horrelako erasoen aurrean erantzun eraginkorragoak emateko, eta gure proiektuak denon artean eraiki eta zabaltzeko.

Bizkaiko Sorgintxulo gaztetxearen auzia ere zeresan handia ematen ari da. Elkartasunezko pare bat hitz bidaliko zenizkiekete?

Sorgintxulori, gainontzeko gaztetxeei bezala, zera esan nahi diegu: iada ibilitako bidea inork ezingo digula kendu, eta jartzen dizkiguten oztopoei aurre egin ahal izateko, alternatiba berriak bilatzea beste biderik ez dagoela. Buruari eragin behar zaio.

Aurten, Sanferminetan, Euskal Jai Berri gaztetxean poteatu eta dantzatu ahal izango dugu?
Ez izan zalantzarik.