Jatetxean zer jan erabakitzeak estresa eragiten badizu, zer egin azalduko dizugu
  Jatetxe batera joan, menua zabaldu eta aukera aniztasunaren aurrean galduta geratzen al zara? Batzuentzat oso garrantzitsua da ondo aukeratzea, hautatukoaren damurik ez izateko. Presiopean sentituz gero, ohikoa izaten da lagunak aukeratutako gauza bera eskatzea edo aliritzira hautatzea.
Janari italiarra eskaintzen duen Prezzo jatetxe kate estatubatuarrak egindako ikerketa batek argi utzi du aukeratu ezinda zaudenean sentitzen den ezinegona agerikoa dela jendartean. "Menu antsietatea" deitu diote horri. Inkesta egin zutenen %67k aitortu zuen sentipen hori izaten duela. Z belaunaldiko 18 eta 24 urte artekoen artean ematen da gehienbat, %86k aitortu baitu gertatzen zaiola. Zerbitzariarekin hartu-emana izatea da eurentzat zailena, eta hori dela eta, gainerako mahaikideei haien ordez aukeratzeko eskatzen omen diete. Pandemiak ezezagunekin hitz egiteko ohitura urritu egin zuen eta horrek gaitasun sozialak murriztu ditu zenbaitengan.
Etorkizunaren ziurgabetasuna eta soldata baxuak izateak ere ba omen du zerikusia. Etxetik kanpo jatea ez dago guztien eskura, eta inkestatuen %40k adierazi du nahiago duela otorduak etxetik kanpo ez egitea, aurrez menua eta prezioak ikusterik ez badu.
Bestetik, jateko orduan dieta jakina jarraitzeak, janariari lotutako intolerantziak, edo gustu jakinak izateak ere eragina omen du. Inork ez du gustuko ez duen ezer eskatu nahi eta harengatik ordaindu.

Arrazoi horiez gain, aukera gehiegi izateak antsietatea, damua, nekea eta nahigabea sor ditzake. Okerreko aukera egiteko beldurra izaten dugu, gure erabakia zalantzan jartzen dugu, eta aukeratu ez dugunaren inguruko kezka pizten zaigu. Hobea den zerbait galdu izanaren sentipenak izutzen gaitu. Hori guztia gutxi balitz, osasuntsu jateko, besteen hautu antzekoak egiteko eta bestelako presio soziala ere badugu.
Zer egin horren aurrean?
Egunean hartzen ditugun erabaki guztien aurrean otorduarena ere ezinegonez ez betetze aldera, badira lagungarriak izan daitezkeen zenbait kontu. Batetik, Interneten jatetxearen inguruko informazioa begira dezakegu: menua, plateren argazkiak, prezioak, bezeroen iruzkinak... Momentuko presioa arintzeko baliagarria izan daiteke.
Zerbitzariei gomendioa eskatzeko aukera ere bada. Haiek badakite zeintzuk diren bezeroen plater kutunenak, edo sukaldariarentzat zein den plater onena. Horrek aukeraketa erraz lezake.
Jatetxe batzuk etxera banaketa ere egiten dute. Plater bat eska dezakegu etxeko lasaitasunean jateko, eta janari motaren inguruko ideia egiteko, entsegu modura.
Norberak ezagutzen ditu hoberen bere gustuak, eta, beraz, senari kasu egitea ere gomendio ona da. Menua begiratzerakoan aukera batzuk besteak baino deigarriagoak irudituko zaizkizu. Ondo irakurri deskribapenak, eta barruak esaten dizunari jaramon egin. Horrekin lotuta, gustuko duzun eta asebetetzen zaituzten osagaiak edo platera ikusiz gero, heldu horri gaizki sentitu gabe. Batzuetan gure burua beste zeozer jatera behartu nahi izaten dugu, aldatze aldera, baina ez da nahitaezkoa. Guretzat esperientzia ona izatea da kontua.

Alergiak edo intolerantziak izanez gero, galdetu platerak halako osagairen bat ba ote duen, badaezpada. Gero eta ohikoagoa da menuan sinbolo edo oharrak agertzea, baina ziurtatzea ez da bide txarra.
Konpainiaren araberakoa ere izan daiteke aukeraketa. Laneko otordu batean zeozer sinpleagoa nahiko duzu akaso, eta lagunen baldin bazaude, hainbat plater eskatu eta partekatzea egokia izan daiteke.
Aurrekontua ere kontuan izan. Prezioak begiratu eskatu aurretik, eta baita izan ditzaketen menu motak ere. Menuen kalitate-prezioa kontuan izanda, hautaketa onak izan litezke.
