Txinako gurasoek seme-alabentzako bikotekidea topatzeko duten modu bitxia
"Gizonezkoa, 1982an jaioa, Shanghaikoa, ezkongabea, lan egonkorra, ez du erretzen eta ezta edaten ere". Eskuz edo ordenagailuz idatzitako karteletan gisa honetako deskribapenak irakur daitezke Shangaiko People's Park izeneko parkean, plastifikatutako paperezko orrietan, aterkietan itsatsita edo bankuetan zein lurrean zabalduta. Hainbat datu ematen dituzte: adina, altuera, pisua, lanpostua, soldata, ondasunak, gurasoek pentsioa duten eta halakoak. Gutxik izaten dute argazkia edo izena jarrita
Duela hamar bat urtetik edo, gurasoz betetzen da parkea asteburuetan, haien seme-alabentzat bikotekidea edo ezkongaia aurkitu nahian. Tarteka ezkontideak topatzeaz arduratzen diren agenteak ere agertzen dira han, edota bikotekide bila dabiltzanak, bertako profilak begiratzeko asmotan.
Profilen batengan interesa izanez gero, telefono zenbakiak trukatu ohi dituzte edota WeChat aplikazioaren bidez egiten dute hartu-emana. Seme-alabei zita bat lortzea izaten dute helburu Shanghain, Pekinen edo bestelako hirietan elkartzen diren gurasoek.
Familientzako ekonomikoki onuragarriak diren ezkontzak lotzearen ohiturari eusten diote nolabait, umeak izan eta etxea mantentzeko ohiturari jarraiki.

Wall Street Journalen datuen arabera, 2024an 6.1 milioi bikote ezkondu ziren Txinan, aurreko urtean baino %21 gutxiago, eta ofizialki erregistratu dituztenetik orain arteko kopururik baxuena da. Horren zergatia askotarikoa omen da: lanaldi luzeak, etxebizitzen prezio altuak, genero arrakala, bestelako lehentasunak izatea...
Txinako gobernua hainbat neurri hartzen ari da egoera honen aurrean: pizgarri ekonomikoak, seme-alabengatiko dirulaguntzak, hezkuntza erromantikoari buruzko unibertsitate-ikasketak... Analisien arabera, ordeea, gazteek askatasun pertsonalaren aldeko hautua egiten dute, ezkontzeko presioari izkin eginez.
Guraso askok ezkongabe izatearen joera horri kontra egin nahi diote, eta horregatik elkartzen dira seme-alabentzako bikotekide egokia topatu nahian. Izan ere, batzuentzat ezkongabea izatea gabezia edo porrota da. Zenbaitentzat euren ondorengoak parkean "eskaini" beharra lotsagarri samarra bada ere, beste zenbaiti beharrezkoa iruditzen zaie haien bizitzan esku hartu beharra.
Berriemaile batzuek azaldu dutenez, prozedura honek ez omen du oso emaitza onik ematen, baina, hala ere, parkeetara joaten jarraitzen dute, bai baitakite beharbada urteetako ahalegina egin beharko dutela helburua bete arte. Gainera, jakin-mina asetzeko eta sozializatzeko aitzakia ere ba omen da askorentzat.
