Euskal futbolaren urrezko urteak

Euskal futbolaren urrezko urteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-futbolaren-urrezko-urteak/@@download/image/1p36-1.jpg
2000/10/06
erreportajea
Unai Brea
Historian lehendabiziko aldiz Euskal Herriko lau talde ari dira Espainiako Futbol Liga Txapelketako Lehen Mailan. Euskal futbolaren osasuna hain sendo omen dugun honetan, gipuzkoarrek eta bizkaitarrek segidan lortutako lau liga txapelketak datozkigu gogora. Hogei urte pasatu dira euskal futbolzaleek gogoan duten bolada zoragarri hura hasi zenetik.

Realak eta Athleticek 80-81 eta 83-84 denboraldien artean lau liga irabazi izanak (baita Athleticek Espainiako Errege Kopa ere, jokoagatik baino partida osteko istiluengatik gogoratzen dugun final hartan) iraultza ekarri zuen futbol mundura.
Artean Bosman legerik indarrean ez bazen ere, ia miraritzat jo daiteke bi euskal talde nagusiek urte haietan erdietsitakoa; 30en bat urte lehenago profesioalizatzea ezarri eta atzerritarren zein beste taldeetako jokalaririk onenen fitxaketak usadio bihurturik, Espainiako eta Kataluniako talderik boterenetsuenek (Real Madrid eta Barcelona) banatzen zituzten haien artean ia txapelketa guztiak. Horren aurrean, euskal taldeen berezko filosofia garaile suertatu zen 80ko hamarkadaren hasiera hartan. Javier Clemente berak zenbait urte beranduago esan zuenez, "lortu genuena lortzeko, ez zen aski gu oso ondo aritzea; talde handiak makal ibiltzea ere nahitaezkoa zen". Kontuak kontu, harrobiko jokalariez osaturik, bertoko entrenatzaile biren gidaritzapean, Athletic eta Reala onenak izan ziren.

Giro politikoak esanahi berezia eman zien kirol arloko emaitza onei. Ez zeb denbora luzea Iribar eta Kortabarria ikurriña eskuetan zutela Atotxako zelaira irten zirela. Horrez gain, orduan ez zen urte batzuk geroago bi taldeen artean sorturiko giro nahasia. Esan gabe doa maltzurkeriaz jokatu izana leporatu zitzaiela Athletici lehendabizi eta Realari ostean, zurigorriek eta txuri-urdinek bi txapelketatako azken partiduetan ekarren aurka jokatu behar izan zutelako; euskaldunen arteko konplotaz hitz egin zuten batzuek. Auskalo zer gertatu zen bi partida haietan, Athletick lehendabizi, Realak ostean ez ote zuten arerioa zetxobait lagundu, baina txorakeria litzateke urte haietan egindako lana zalantzan jartzea.

Eta noski, beti egon behar du galtzaileren bat. Barcelona ere tartean ibili zen arren, Real Madrid izan zen lau denboraldi haietako galtzaile nagusia. Horrek balio berezioagoa eman zien garaipenei. Izan ere, argi dago euskal zaleek ez dutela Real Madrid gehiegi maite. Gehitu diezaiogun horri "Tejerazoa" eta baita Euskal Herriarekin zerikusi zuzena izan zuten hainbat gertakari politiko garrantzitsu ere. Clementek ere ekarpena egin nahi izan zion orduko egoerari eta honako hau adierazi zuen: kirolean lortutako arrakastaren atzean euskal etnia berezia zegoen.

1984an Athleticek irabazitako Espainiako Errege Kopa euskal talde baten azkenaurreko titulu ofiziala izan zen (Realak txapelketa bera ekarri zuen etxera urte batzuk geroago). Oso apaldu da, ordudanik, euskal futbolaren handitasuna, Espainiako Lehen Mailan inoiz ez bezainbesteko ordezkaritza duen arren. 80ko hamarkadaren hasieran egindakoa oso zaila izan bazen, futbolaren azken urteotako bilakabideak erabat ezinezko bihurtu du hura errepikatzea eta lehen postutik urrun eraman ditu gure taldeak, Athletic eta Realaren iazko emaitza kaskarrek agerian utzi zuten bezala. Ezin baita, dirutza gero eta beldurgarriagoak mugitzen dituen kirol batean, handienekin berdintasunean lehiatu, betiko filosofiari heldu ala ez. Dena den, euskal zaleek ez dute etsi nahi.