Euskal Downhill, maldak gatibatuta

Euskal Downhill, maldak gatibatuta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-downhill-maldak-gatibatuta/@@download/image/2011107924euska_1361231769.jpg
2011/10/07
erreportajea
Argazkiak: Galder Izagirre Testua: Igone Fernandez
Euskal Downhill, maldak gatibatuta
Aldapan behera eta skate edo patin gainean abiaduraz gozatzen dutenen bilgunea da Euskal Downhill elkartea. 

Lionel Lefevre Donibane Lohitzunetarrak sortu zuen 2007 urteko otsailean, ordura arte indibidualki edo koadrilaka bizi zutena batzeko asmoz, “momentu atseginak partekatzeko”. Bazen aurrekaririk. Lehenago, Euskadi Riding izeneko taldea aritu zen sustapen lan honetan, harik eta partaideek beste bide batzuetatik jo zuten arte.

Egun 30 bat gaztek osatzen dute Euskal Downhill, gehienak 20 eta 30 urte bitartekoak eta mugaren bi aldetakoak, nahiz eta bereziki aipagarria den Miarritzen, Angelun eta Donibane Lohitzunen dagoen zaletasuna. Hiriguneko trafikotik urrun den errepide bat besterik ez dute behar, gutxienez %6ko malda duena eta, aukeran, bihurgune askorekin; 40, 80 edo 100 kilometro orduko abiaduran ibiltzen dira inertziaren esku.

Urtero ordaintzen duten bazkide kuota apalaren truke beherapenak  lortu ohi dituzte Bongo"s denda espezialduan, eta hori ez da, ez, txikikeria. Azaldu digutenez, darabilten materiala ez da batere ugaria inguru hauetan eta, ondorioz, aski garestia izan daiteke. Larruzko jantzi bereziak marruskadurak saihesteko; parapente zaleek janzten dituzten kasko berberak, ikuspegi zabala eskaini eta sendoak direlako; belaunetakoak nahiz eskumuturrekoak artikulazioetarako; enbor alderako koraza; betaurrekoak; eskularruak; gurpilak; ardatzak... eta zinta amerikarra, “zinta amerikar asko, konponketak inprobisatzeko”. Gauza batzuk Internet bidez erosten omen dituzte, eta beste asko, nagusiki arropak eta skateak, Zarauzko Bongo"s saltokian, “Euskal Herriko bakarrenetakoa da eta, dudarik gabe osoena. Gainera, zerbait antolatzen dugun bakoitzeko ikaragarri inplikatzen da”.

Izan ere, inertzia-jarduera hau sobera berria da gurean. Kalifornian, ordea, downhillaren jaioterrian, orain urte aunitz lekualdatu zuten hirietako karriketako gurpil gaineko kultura paraje aldapatsuagoetara. Eta zirrara berriak bizitzearen egarritik sortu ziren gaur ezagutzen ditugun aldaera guztiak. Hedatuena Long Board deritzona da, guztiok ulertzeko moduan, skate gainean zutik jaistea. Beste batzuk rollerrak dira, patinak nahiago dituzte. Eta, azkenik, badira abiadura bizienaren bila etzan egiten direnak; Butt Board esaten zaio modalitate klasikoari, eta Street Luge izena erabiltzen da aluminioa edo karbonoa bezalako material modernoagoz eginiko skate berezien kasuan.

Dena dela, ez gara ari erregularizatutako eta profesionalizatutako jarduera batetaz. Egia da badirela txapelketa ofizialak –mundu mailako IGSA adibidez–, eta egia da, baita ere, badirela honetaz bizi direnak ere –Kevin Reimer kanadiarra kasu, 2010eko munduko txapelduna–, baina azken hau honetatik bizi baldin bada sponsorrei edo publizitate munduan egindako lanei esker da, eta ez hainbeste lortutako garaipenei esker.  

Hain justu lehenengo Euskal Herriko Txapelketa antolatzeko ardura hartu zuten Euskal Downhillekoek joan den ekainean Saran, Lapurdin. Ez da kudeatu duten tankera honetako proba bakarra –dagozkion segurtasun neurri guztiekin–, baina bai garrantzitsuena eta zabalpen handienekoa. Roller gisa Matthieu Robart gailendu zen, Long Board aldaeran Ander Lopez eta, Street Luge modalitatean Mikel Etxegarai. Horrelako hitzorduek, dudarik gabe, elkarteari eta jarduerari berari arnas ematen diote. Ez pentsa, hargatik, mugimendu falta dagoenik gurean, Euskal Downhill elkartearen inguruan batzen direnez gain, bereziki Bizkaian eta Nafarroan ba omen dabilelako jendea ekinean.  

Hori bai, aritzeko leku zehatzik ez digute aipatu nahi, eta ez da bihurgune onenak soilik beretzat nahi dituenaren berekoikeria, baizik eta zuhurtzia. “Hau ez da erabat legala, ez dago erabat erregularizatua eta poliziarekin arazoak izan ditzakegu; eduki ditugu”. Gainera, aldapa onenen kokapenak publiko eginez gero, skatea guztiz kontrolatzen ez duen jende “hasiberria” ere hurbil daitekeela uste dute, “eta arriskutsua da, hauek ez baitira jolasean aritzeko lekuak”. Istripuren bat edukiz gero, kolpeak bete-betean harrapatuko dituela jakin badakite eta horregatik “ze ordutan joan behar den jakitea komeni da, autoekin ez gurutzatzeko; eta errepidearen alboetan belarra bada, hobe, bidetik ateraz gero urratua izan dadin asko jota”. Ardugabekeriatik, deus ez.