Europan mamu, gurean munstro

Europan mamu, gurean munstro https://www.gaztezulo.eus/albisteak/europan-mamu-gurean-munstro/@@download/image/24p23-1_1369685772.jpg
2002/11/01
erreportajea
Europan mamu, gurean munstro
Etxebizitza erostea buruhauste handia da Euskal Herriko gazteentzat. Iaz, esaterako, Baionan, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon etxebizitzen salneurria %10etik gora igo zen. Errentaren aukera ere ez da oso merkea. Nola aurre egiten diote etxebizitzaren arazoari Europako gainerako herrietako gazteek? Hobea al da haien egoera?

Europako hainbat herrialdetan –Alemanian, Ingalaterran edo Holandan- etxebizitzaren arazoak ezberdintasun nabarmenak ditu Euskal Herriarekin, eta batik bat, Hego Euskal Herriarekin alderatuta. Muinean, arazoa bera da: prezioak garestiegiak dira gazte gehienentzat. Gurean, baina, arazoa latzagoa da, proportzioan gainontzeko herrialdeetan baino diru gehiago bideratu behar baitugu etxebizitza lortzeko. Hego Euskal Herrian, herritar batek, etxebizitza bat erosi edo errentan hartu nahi badu, diru sarreraren erdia erabili behar du, batez beste, horretarako. Europako Batasunean, aldiz, laurdena besterik ez. Horrez gain, gazteek eta erakundeek bilatzen dituzten irtenbideak ere ezberdinak dira batzuetan. GAZTETXULOn hiru errealitate aztertu ditugu –Ingalaterra, Berlin eta Paris- lekuotan bizi diren edo bizi izandako zenbait euskaldunekin.   

Aitor Parrondo hernaniarrak urte asko pasatu zituen Ingalaterrako Manchesterren, ikasten eta lanean. Egun Euskal Herrian bizi da. Aitorrek dioenez, Ingalaterrako gazteek, ikasten ari direla, diru laguntza on samarrak dituzte, besteak beste, etxebizitzaren errenta ordaintzeko: "Gobernuak hala ezarrita, banketxeek interesik gabeko maileguak ematen dizkiete ikasleei. Gero, lanean hasitakoan, gutxieneko diru sarrera bat irabazten badute, mailegua kitatzen hasten dira, hilero diru gutxi jarrita. Gutxieneko soldata hori 18.000 euro da urtean –Ingalaterran batez besteko soldatak 24.000 eta 30.000 euro bitartekoak dira-. Diru sarrera horretara iristen ez badira, ez dute mailegua kitatu behar". Aitorrek beka bat zuen Ingalaterran: "Hilabetean 780 euro ematen zizkidaten eta gelaren alokairua ordaintzeko, 220 erabiltzen nituen". 

Maite Larrañaga donostiarra ere Ingalaterran bizi da aspalditik. Londresen egon zen hasieran, alokairuan hartutako gela batean, baina duela gutxi Brightonera joan da mutil lagunarekin, eta etxebizitza oso bat hartu dute errentan. "Brightonen etxebizitzen alokairuak 790 euro inguruan dabiltza. Londresen, berriz, 470 bat euro garestiagoak izan ohi dira. Mutila eta biok lanean ari gara eta bion artean, soldaten herena bideratzen dugu errentara. Bakar batek ordaindu beharko balu, soldataren erdia erabili beharko luke. Gure etxebizitzak sukalde txikia, komuna, egongela eta logela bat ditu". Donostiarraren hitzetan, Ingalaterrako beste toki batzuekin alderatuta, Brightonen –kostaldean dago- salneurriak altuegiak dira. Bestalde, bai Aitorrek, bai Maitek diotenez, Ingalaterran etxebizitzak edo gelak alokairuan hartzeko ohitura handia dago, Euskal Herrian baino askoz handiagoa.

Alokairuaren arrakasta
Izan ere, alokairuak zale gutxi ditu gure artean, batik bat Hego Euskal Herrian. Gurean etxebizitza jabetzan hartu ohi du jende gehien-gehienak. Alemanian edo Holandan, aldiz, etxebizitzen erdia baino gehiago alokairuzkoak dira. Idoia Martinez Berlinen bizi da: "Hemen etxebizitza gehienen hileroko errenta 600 euro inguru da. Soldata, aldiz, 2.000 euro izan ohi da". Idoiak emandako datuen arabera, diru sarreraren herena baino gutxiago erabili behar du berlindar batek etxebizitza oso bat errentan hartzeko. Urrun daude, beraz, berlindarrak Hego Euskal Herriko errealitatetik. "Horrez gain, jendeak gela bakar bat hartzeko ohitura du eta beraz, are merkeago ateratzen zaio ". Alemaniako erakundeek, bestalde, babes ofizialeko etxebizitzak alokairuan eskaintzen dituzte. Horra hor datu bat, sektore honen indarraren adierazgarri: Alemaniako etxebizitza guztien %26 publikoak eta alokairuzkoak dira. Euskal Herrian, oro har, aukera hau ez da ia jorratu ere egin orain arte. 

Vanesa Sanchez gasteiztarra EITBko berri emailea da Parisen. Vanesak azaldu digunez, Parisko gazteek ez dute etxebizitza erosteko ohitura handiegirik. Beraz, Europako beste hainbat tokitan bezala, errentan hartzen dute. "Jendeari soldataren herena-edo joaten zaio alokairuan. Etxebizitza lagun gehiagorekin partekatuz gero, merkeago ateratzen da. Dena dela, azken urteotan, gauzak okertzen ari dira", dio gasteiztarrak. Hori bai, etxebizitza alokairuan hartzea abentura da Parisen: "Jabeek eta agentziek oso baldintza zorrotzak jartzen dizkiete gazteei: nomina aurkeztea eskatzen diete, lan finkoa eta pertsona heldu baten babesa izan behar dute eta errenta baino hiru aldiz gehiago irabazi…". 

Argi dago Europan, herrialde batetik bestera, aldea dagoela. Dena dela, datuek eta gure solaskideek esandakoek ez dute zalantzarako izpirik uzten: oro har, Euskal Herrian Europako Batasuneko gainerako herrialdetan baino diru gehiago behar da etxebizitza eskuratzeko. Eta kontuan hartu behar dugu orrialdeotan aipatutako hiriak Euskal Herriko edozein hiri baino handiagoak direla eta haietako batzuek- Brighton, Berlin edo Paris- tiradizo handia dutela… Bestalde, alokairuaren aukera askoz errotuago dago herriotan gurean baino. Okupazioaz ere hitz egin dugu gure mintzakideekin eta denek azken urteetan behera egin duela adierazi digute. Ez dira pozez txoratuta ibiltzeko moduko ondorioak…

Euskal Herriko datu kezkagarriak


-ELA sindikatuaren arabera, Hego Euskal Herrian 98.000 etxebizitza inguru         hutsik daude. Batzuk noizbait erabiltzen dira, baina ia 37.000 ez dira ezertarako   ere erabiltzen.
-Azken bi urteotan etxebizitzen prezioa %45 garestitu da Gipuzkoan. Ipar Euskal Herrian, %27.
-Donostia da Euskal Herriko hiribururik garestiena: 2.300 euro inguru balio du,     batez beste, metro koadroak.
-Etxebizitza berria ordaintzeko, nafarrek diru sarreraren %47 bideratzen dute.
-EAEko 50.000 gazte gurasoen etxetik alde egin ezinik dabiltza, Eusko Lege biltzarrean kaleratutako datuen arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiak dioenez, bestalde, herrialde honetako gazteen %75ak ez du etxebizitza bat erosteko nahikoa dirurik.