Europako ekialdeko utopiari begira

Europako ekialdeko utopiari begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/europako-ekialdeko-utopiari-begira/@@download/image/49p20-1.jpg
2005/02/04
elkarrizketa
Mayi Tolosa
Asier Blas 27 urteko hernaniarra doktoregai da Politika eta Administrazio Zientzietan. Asierrek "Atzoko eta gaurko harresiak" liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin. Liburuan, duela hamabost urte eskas komunismoan bizi ziren Europa ekialdeko hainbat herrialdetara egindako bidaia du hizpide. 

Liburuan 1999an egindako bidaiaren berri ematen duzu. Zergatik itxaron duzu orain arte liburua argitaratzeko?
Ideia ez zen liburua idaztea. Karrera amaitutakoan, hilabeteko bidaia egin nuen Europa ekialdera, "interail" txartela erabilita. Hemen gure burua ezkertiartzat jo ohi dugu, eta nik bertatik bertara ikusi nahi nuen, Europa ekialdeko herrialde komunista ohietan nola bizi diren Berlingo harresia jausi eta gero. Ikusi eta bizitakoarekin kontakizun bat egin nuen, eta 2001ean Bidaiari Handien Literatura Lehiaketa irabazi nuen. Kontakizun hura aitzaki hartuta, garai hartan herrialde haiek bizi zituzten gatazka politikoen analisi politikoa egin nuen. Bide batez, nazio eta hizkuntza gutxituen egoeraz hitz egiteko ere aprobetxatu nuen. Nahiz eta liburua berandu argitaratu dudan, oraingo lana gehiago izan da bibliografia eta dokumentazio lana, bidaiaren kontakizuna oroitzea baino.

Duela bost urte, gaur egun ez bezalako arazoak izango zenituen herrialde horietara sartzeko…

Zailagoa zen, bai. Orain Europar Batasunean sartu diren herrialde txiki askotan, muga igaro behar genuen bakoitzean, dokumentazioa erakutsi  behar  izaten  genuen…  azkenean nekagarria egiten zen.

Herrialde asko dira, bidaia hilabetekoa. Zein oroitzapen duzu?

Orokorrean, Europa ekialdeko herrialde horietan oso mendebaldeko jarrerak ikusi ditut. Txiroagoak izanik, askoz ere neoliberalagoak dira. Dendak 24 orduz zabalik ikustea ohikoa da han. Helburua dirua egitea da, eta horretarako ez dago ordutegirik. Agureen bizi baldintza kaskarrek ere asko hunkitu ninduten; bizirauteko, baldintza txarrenetan lan egin behar izaten dute eta.

Eta gazteak, nola bizi dira herrialde haietan?

Protesta soziala badago, baina ia ez du indarrik. Orain, gazteak kontsumitzearekin daude arduratuta, arropa erosi eta parranda egitea besterik ez dute buruan. Liburuan pasadizo bat kontatzen dut: 1969an, Pragako Udaberriaren ostean, gazte batek plaza baten erdian su eman zion bere buruari, tanke errusiarrak sartzearen aurka protesta egiteko. Hori orain ez da gertatzen: ez dakit non dauden orain horrelako gazteak.

Liburuan diozunez, zure nortasun politikoa zehazteko balioko zizulakoan egin zenuen bidaia hau… Balio izan dizu?

Dudarik gabe, bai. Beti urrun ikusi izan dut Europa ekialdeko errealitate hori. Gurasoak ezkertiarrak eta abertzaleak ditut, baina beti Latinoamerikako ereduaz hitz egin didate. Nik, ordea, Europa ekialdekoa bilatu nuen. Egia esan, eredua ez zitzaidan inondik inora txalogarria iruditu; ez gaur egungo ezkerrarentzat behintzat. Abertzale bezala, nazionalismoak bereizten ikasi nuen. Herrialde handien nazionalismoak kaltegarri direla ikusi nuen, baina, era berean, herrialde txikietako nazionalismoa ere kaltegarria izan daitekeela.

Europako herrialde horietan, garai bateko ekonomia planifikatu komunistaren arrastorik geratzen al da gaur egun?

Ezer gutxi. Garai bateko pentsamendu ezkertiarraren zantzurik argienak pertsonengan aurkitu nituen, 30-40 urtetik gorako pertsonengan, batik bat. Alde handia ikusi nuen bi belaunaldien artean. Gazte-gaztetatik merkatu-ekonomia bizi izan dutenek beste "txip" bat dute. Adinekoak eta zaharrak, berriz, ez zeuden prestatuak konpententzia horretan aritzeko. Horiek estatuak zer emango zien zain zeuden, horretara ohitu baitziren.

Gaur egun gizarte kapitalistan murgilduta bizi direnek, zer pentsatzen dute iraganeko sistema hari buruz?

Era guztietako iritziak antzeman nituen, baina, oro har, zaharrak zamatzat hartzen dituztela iruditzen zait, garai berrietara egokitzen jakin ez dutelako. Errumaniar etorkin batek Pragan komentatu zigun, 35 edo 40 urtetik gorakoak arrotz sentitzen direla han; beren herrialdea ez dutela ezagutzen. Sekula ez dute hainbeste komertzio,  atzerritar eta janzkera mota ikusi. Hungarian, paisaia zeharo aldatu dela sentitzen dute. Bera, ordea, gaztea izanik eta errumaniarra, oso eroso sentitzen zen han. Bere ustez, gaur egun Praga, Berlin edo Milan oso antzekoak dira.

Duela 15 urteko gertakariak



Alemania bitan banatzen zuen Berlingo harresia 1989an bota zuten behera. Harresi haren ekialdera Alemaniako Errepublika Demokratikoa zegoen, eta mendebaldera, Alemania Federala. Harresi ospetsu hura, II. Mundu Gerraren ondoren bitan banatutako Alemaniaren metafora izan zen 40 urte luzez. Baina, horrekin batera, “Gerra Hotzaren” garaian munduan aurrez aurre izandako bi blokeak irudikatzen zituen harresiak. Hormaren alde batera mundu kapitalista zegoen –AEB buru-, eta bestaldera, estatu komunistak –Errusiaren eraginpean-. Sobiet Batasunako sistema amiltzearekin batera, 80eko hamarkada bukaeran Europa ekialdeko erregimen komunistak behera erori ziren.