...eta algara bizian

...eta algara bizian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-algara-bizian/@@download/image/13p24-1_1370945834.jpg
2001/11/02
erreportajea
Umorea oso garrantzitsua da bizitzan eta askotan osasunaren seinale da. Hona hemen umorearen historia laburra. 

Morroi bat sendagilearengana joan da eta zera esan dio: "egunero, esnatu eta berehala, ordu erdiz, zorabioa izaten dut eta ondoren, osatu egiten naiz". Sendagileak serio-serio erantzun dio: "sendabide erraza duzu, ordu erdi beranduago esnatzea". Txiste zaharra da, eta ziur asko, hainbeste alditan entzutearen poderioz, ez digu honezkero graziarik egiten. Baina kontua da pasadizo hau txiste greziar eta latinen bilduma batean jasota dagoela, "Philogelos" izenekoan, eta beraz... 2.400 urte inguru dituela! Mundu klasikoko pentsalari asko umoreaz aritu ziren, edo bestela, ateraldi bitxiak izan zituzten.
Aristotelek, adibidez, barre egitearen garrantziaz jardun zuen "Poetika"-n, baina zoritxarrez, liburu hau galdu egin da. Diotenez, bestalde, Socratesi behin galdetu zioten zer zen hobea, ezkontzea ala ez, eta filosofoak ez zuen duda izipirik izan: "berdin du, bata zein bestea bukaeran beti damu zaizu". Erdi Aroan barreari buruzko eztabaida sutsua izan zen: barre egin al zuen Jesukristok? Egia esan, eztabaidak berak barregarri samarra dirudi. Ebanjelioek ez diote inon Jesukristok barre egin zuenik, eta honek aitzakia ederra eman zien batzuei umorearen aurkako gurutzada abiatzeko. Jakina, barrerik ez egitea zaila denez, zenbaitek erdibidea aukeratu zuten: Frantziako Luis IX edota San Luisek ostiralean baino ez zuen barre egiten. 

Iraultzan barreari ezin eutsi

Gezurra dirudien arren, historiako unerik latzenetan ere gizakia barre egiteko gai izan da. Ikerketa baten arabera, Frantziako Iraultzaren Batzarrean 408 alditan diputatuak barrez lehertu ziren. Batzar hartan gertatutako pasadizo barregarrietako  baten protagonista apaiz bat izan zen. Apaizak hitza hartu -"lehen eta, agian, azken aldiz mintzatuko naiz"- eta ondorengo proposamena egin zuen: batzarlekuan bulego bat paratzea, kapelau batek iraultzaileei bekatuen aitortza egin ziezaien… Diputatuen barra algarak zirela eta, bilera bertan behera geratu zen. Umore kontuetan britainiarrek ospe handia izan dute beti eta XIX. mendean ospea merezia zutela frogatzeko nahi adina adibide eman zuten. Punch aldizkariak Eliza eta Koroa egurtu zituen. Oscar Wildek, irlandarra bera, adierazi zuenez, seriotasuna munduaren jatorrizko bekatua zen. XX. mendea iritsi zenean, umoreak esparru berriak bereganatu zituen. Zinea edo telebista, adibidez: Chaplin, Marx anaiak, Mr. Bean bera… Nabaria denez, gizakiak milaka urteko historian barre egiteko hamaika aitzakia izan du.

Gorputza algara bizian



Nork bere barre egiteko era duen arren, algara bizian gaudelarik, gorputza neurrigabe mugitzen da.Hona hemen zenbait adibide.
1- Arnasa azkarrago botatzen dugu hartzen baino eta, ohiko erritmoa berreskuratzeko, tartetxo bat behar dugu.
2- Bihotz taupada gehiago ditugu, 120 bat minutuko.
3- Urin gastriko gehiago isurtzen ditugu. Horrexegatik esan ohi da barre egiteak “gizendu” egiten duela.
4- Giharrak erlaxatu egiten dira eta ondorioz, lasaiago gaude eta plazer sentsazioa dugu.  

Eliza barrearen aurka



Lehen esan bezala, Jesukristok barre egin ote zuen eztabaida iturria izan zen mende luzez. Kontua da Eliza Katolikoak, zenbaitetan, ez duela umorea begi onez ikusi. Hau irakurrita, zuetako asko, beharbada, Umberto Eco idazlearen “Arrosaren izena” liburuaz edo eleberri honetan oinarritutako filmaz gogoratu zarete. “Arrosaren izena”-ko istorioan, moje itsu maltzur batek Aristoteleren “Poetika” irakurtzen duten komentukideak hiltzen ditu, liburu honek barrearen alde egiten du eta. Umberto Ecoren istorioa, ordea, sustrai sakonak ditu. Izan ere, Erdi Aroan, orden batzuetan, mojeek barrea saihetsi eta beraz, ahoa itxi behar zuten. 1528an, bestalde, Kontrarreforman, Pio V-ak neurririk gabeko barrearen aurkako dekretua kaleratu zuen Elizan. Ildo honetatik, bi urte beranduago, Elizak zenbait liburu debekatu eta aldarazi zituen, “umoretsuegiak” zirelako.

Gure Pernando


Hainbat herrialdetan txiste edo istorio barregarri askotako protagonista pertsonaia jakin bat izaten da. Pertsonaia hau baldarra baina aldi berean bihurri edo gaizto samarra izan ohi da. Espainian Jaimito izena du, Frantzian, Toto eta Italian, berriz, Pierino.  Dena den, batzuetan, pertsonaia bat izan beharrean, herri edo herrialde oso bat da: Irlandan Kerry konterria eta Espainian, Lepe. Mota guztietako pasadizo barregarrien iturri izan ohi dira herriok. Euskal Herrian ez dugu honelako herririk, baina bai, ordea, pertsonaia barregarria: Pernando Amezketarra, esaterako, hainbat eta hainbat pasazio xelebreren protagonista.