Eskultura izango da aurtengo Donostiako Tabakalerako erakusketen ardatza

Aurtengo Tabakalerako erakusketa-programak eskulturaren hainbat korronte eta joera arakauko ditu, bai euskal testuinguruan eta baita nazioartean ere. Eskultura garaikidearen aberastasuna ospatu eta arte-adierazpen hori balioesteko ikuspegi eta testuinguru berriak eskaini nahi ditu. Erakusketa-areto nagusiak hiru erakusketa hartuko ditu urtean zehar.
Laura Vallés Vílchez komisario duen Larruak eta izurrak erakusketa euskal eskultura garaikidean barneratuko da. Espazioa, gorputza eta mugimendua arakatuz, obrak performancera eta koreografiara hurbilduko dira. Sahatsa Jauregi, June Crespo, Kimia Kamvari eta Yael Davids artisten ekoizpen berriak eta Nora Aurrekoetxea, Iman Issa eta Lucia Kochen lanak izango dira bertan. Ekoizpen berriko lanak, performance eta dantza garaikideko artistek eta kolektiboek aktibatuko dituzte, hala nola Tripak kolektiboak eta Beatriz Setienek. Erakusketa otsailaren 24tik ekainaren 2ra egongo da zabalik.
Eduardo Chillidak testuinguru garaikidean utzitako ondare artistikoa aztertuko du Topalekuak erakusketak. Chillidaren lanak eta Euskal Herriko eta nazioarteko artistenak hartuko ditu. Horietako batzuek Chillida Lekurekin eta haren artxiboekin lotura duten ekoizpen berriak sortuko dituzte. Honako artista hauek parte hartuko dute, besteak beste: Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Christian Salablanca, JUF Project, Laia Estruch, Marianna Simnett eta Sheroanawe Hakihiiwe. Ekainaren 20tik urriaren 6ra izango da irekita.
Zentroaren areto nagusiaren erakusketa-programazioa Gabriel Chaile artista argentinarrari eskainitako bakarkako erakusketa batekin amaituko da. Adobez egindako formatu handiko eskulturengatik da ezaguna Chaile, kolonaurreko zeramikaren forma eta erabilerak, etxekoak zein erritualak, gogora ekartzen dituztenak. Tabakalerarako propio sortutako ekoizpenak erakutsiko dira urriaren 25etik 2025eko otsailaren 25era bitartean.
Proposamen artistiko eklektiboak beste aretoan
Tabakalerako bigarren erakusketa-aretoak "proposamen artistiko-sorta eklektiko bat" eskainiko du. You want it to be art and I want it to be magazine. Hilary Lloyd eta Many of Them-en arteko elkarrizketa (Zuk artea izatea nahi duzu eta nik aldizkaria izatea nahi dut) erakusketaren helburua publiko zabala tokiko sortzaileen lanean murgiltzea izango da. Hilary Lloyd bideoan, soinuan, eskulturan, pinturan eta instalazioetan esperientzia duen artista ingelesaren eta Many of Them aldizkariaren sortzaile diren Antonio Macarroren eta Pedro Canicobaren arteko elkarrizketa izango da. Urtarrilaren 27tik aurrera irekiko da.
Apirilaren 26tik abuztuaren 25era arte, batez ere familiei zuzendutako Situ-akzioak ekimenaren laugarren edizioa antolatu dute. Maria Jerez artistak hartuko du parte. Irailean, Donostia Zinemaldiarekin batera, ikus-entzunezkoen arloko sortzaileen lana erakutsiko du aretoak.
Erakusketa guztiek jarduera programa zabala izango dute: hitzaldiak, bisita-solasaldiak, familientzako arte-lantegiak eta Arte-makina, arte garaikidearen hurbilketa ikastaroa.