Errugbiaren zurrunbiloan

Errugbiaren zurrunbiloan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/errugbiaren-zurrunbiloan/@@download/image/33p17-1_1368790306.jpg
2003/09/05
erreportajea
Joanes Etxeberria
Errugbiaren zurrunbiloan
Hastear da errugbi denboraldia, eta horrekin batera, zaleen iganderoko zurrunbiloa. Errugbia gizarte fenomenoa da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Zelaiaren mugetatik at hedatzen da kirol hau, batez ere herri txikietan. Igandeetan, partida egunetan, karrika guztiak hertsitzen dira, auto aunitz baitago. Eta hori kanpotik ikusten dena besterik ez da.

Barkoxen nintzen konturatu errugbiak Ipar Euskal Herriko bizitzan duen garrantziaz. 800 biztanleko herria izanik, igandean mugimendu harrigarria izan ohi da bertan. Goizez, plaza osoa autoz betetzen da meza ordurako.

Arratsaldez, aldiz, plaza, aparkalekua eta zelai inguruak dira inbadituak, herriko taldea -Barkoxeko Geroa- sustengatzera joana den jendeak inbadituak. Eta duda ukanez gero, jendetza horren motibazioa errugbia dela ikusteko, aski da edozein ostatutan sartzea; pareta guztiak herriko taldeko jokalarien argazkiz edo egutegiz apainduta daude! Bai, athleticzaleen tabernetan bezala, nahiz eta Barkoxeko Geroa Athletic baino txikiagoa izan eta inoiz maila onik lortu ez. 
Beste ezberdintasunik ere bada futbolarekin: Zuberoako txoko horretan irabazteak ez du garrantzi handirik. Giroak du horrenbeste jende erakartzen, batez ere, eta bereziki hirugarren pausaldiak, hau da, partida bukatu eta jokalari eta lagunen artean egiten den bestak.

Partida ondoko "aperitif-ak"
Barkoxen, Zuberoko beste herri askotan bezala, besta partida amaieran hasten da, jokalari izan ala ez. Orduan baizik ez baitira gazteak elkartzen lagunekin herriko ostatuan. Partida ondoko bestatxoa jada tradizio bilakatu da eta meza aintzineko kalakak bezain garrantzitsu dira partida ondoko "aperitif"-ak. Beraz, errugbiak gazteen arteko harremana errazten duela erran daiteke. Miguel Galdos Mauleko taldeko entrenatzaile ohiak erran digunez, "herri txikietan errugbiak lotura handiagoa du kultur bizitzarekin, herriko giroan sartua delako. Maulen, aldiz, garrantzitsuena irabaztea da". Erran beharra dago Mauleko taldea Barkoxekoa baino talde garrantzitsuagoa dela.  

Nafarroa Beherea aldean, bestalde, Donibane Garazi eta Baigorri artean osatutako  Nafarra  taldea dugu aintzin aipatutako fenomenoaren adibiderik onena. Eskualde horretan ere errugbiak lotura handia du herri ekimenekin. Erraterako, bertako jokalariek Donibane Lohitzuneko inauterietan parte hartu ohi dute, gaztetxearekin batera.

Baiona eta Miarritze, hiriburuak
Lapurdin ere herri aunitzetan daude errugbi taldeak:  Hendaia, Urruña… Dena dela, Baiona eta Miarritz dira kirol honen hiriburuak. Baionan, 5.000 errugbizale bildu ohi dira partida egunetan Baiona taldea ikusteko, eta partida garrantzitsuenetan, baita 9.000 lagun ere. Hiriko karriketan paseatzean, gazte asko ikusten da errugbi elastikoaz jantzita, eta ezagun dira ile motzeko gazte jarraitzaile taldeak. Bestetan, are gehiago sentitzen da zelaietako giro hori, ostatu gehienetan abesten baitira belaunaldiz-belaunaldi jokalariek eta zaleek ikasitako kantuak. 

Miarritzen, bestalde, 8.000-12.000 pertsona inguruk sustengatzen dute igandero bertako taldea: Biarritz Olympique. Taldeak duela urte batzuk bete zuen mendeurrena, eta zuri-gorriak aurtengo Frantziako txapeldunak izan dira. Dena dela, Miarritz eta Baionan errugbiak eragindako giroa arras ezberdina da Zuberoan eta Nafarroa Beherean sortutakoarekin. Zergatik? Taldeok goi mailakoak direlako, eta garrantzitsuena emaitza onak izatea delako.

Goi mailako taldeen giroan
Ipar Euskal Herriko beste herri txiki aunitzetan ez bezala, Biarritz Oliympique eta Baiona taldeetako jokalariek diru saria irabazten dute. Hala ere, ez da futbolean bezala gertatzen, diru sariek ez baitituzte horrenbeste zero, eta jokalariei beste lanbide baten ukatea beharrezkoa zaielako. Eneritz Zabaleta Baionako taldeko jolariak erran digunez, "Baiona eta Miarritzeko taldeetan, Maulen bezala, emaitzek badute garrantzia, eta denboraldia hasi aurretik zuzendaria aldageletara joaten da taldearen helburua zein den azaltzera: Frantziako txapeldun izatea". Eta profesional izate horrek eragina du zelai inguruko giroan, Zabaletaren arabera: "jolakari gehienak ez dira euskaldunak eta zaleek emaitza onak besterik ez dituzte eskatzen". Antzik ez, hortaz, herri txikietako taldeekin. Izan ere, Barkoxen agian ez dira jokalari onak izango, baina han gutxienez euskaraz esaten zaie ez direla onak!

“Talde profesionalak enpresa handiak bezala ari dira"



Joseph Ilharreguy errugbi jokalari profesionala da Frantziako Mont Ferrand taldean. Barkoxen jaioa, herriko taldean hasi zen errugbian.

Nolakoa da Barkoxeko Geroa taldearen inguruko giroa?
Kirol giroa baino, adiskide eta besta giroak dira nagusi. Ene iduriko, bada espiritu zabala eta giro herrikoia. Errugbiak jendearen arteko hartu-emanak errazten ditu.

Barkoxetik Okzitaniako Tolosara joan zinen. Zer erran zizuten herritarrek jaioterria eta betiko taldea uzterakoan?
Gehienak pozik dira nik lortutakoarekin. Eta ene esperientzia ekartzen diedanez, haientzat ona da. Bada harrotasuna ere herrian norbait profesional bilakatzen denean. Bestalde, ez naiz herrian errugbiari eutsi dion bakarra. Beste batzuek ere maila ona dute, eta Oloronen edo Maulen ari dira. Gainera, nire ustez, herrira itzultzen naizean, ene esperientziak taldea aintzinaraziko du.

Biarritz Olimpique, Strasbourg… profesional zenbait taldetan aritu zara. Zein ezberdintasun dago talde txiki batean ibiltzearekin?
Talde profesionalak enpresa handiak bezala ari dira eta irabaztea da garrantzitsuena. Milaka lagun joan ohi dira partidetara eta komunikabideetan albiste zara. Bestalde, ordaindua zara eta horren truk serio aritu behar duzu: odol azterketak, eguneroko entrenamenduak… Arras ezberdinak dira Barkoxeko eta talde profesionaleetako giroak. Barkoxen, jolas egiteko eta besta egiteko ari ginen.

Miarritzen aritzea proposatu zizutenean, zergatik eman zenuen baietza?
Ez nuen zalantzarik izan: ohorea da euskal koloreak defendatzea Frantziako taldeen aurka.