Erritmoari jarraiki

Erritmoari jarraiki https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erritmoari-jarraiki/@@download/image/garazi_etxaburu_1396519368.jpg
2014/04/07
elkarrizketa
Apirilaren 29ko Dantzaren Nazioarteko Eguna aitzakiatzat harturik, estilo ezberdinetan trebaturiko bi euskal dantzarirekin egin dugu hitzordua. Ez dugu aditu arteko solasa oztopatu nahi izan, eta elkar elkarrizketatzeko aukera eman diegu. Hona emaitza.


Garazi Etxaburu (1993)
Hiru urterekin hasi zen dantzan ondarrutarra, amak balleteko eskoletara eraman zuenean. Gerora jazza probatu bazuen ere, bietako bat aukeratu behar eta Gasteizko dantza kontserbatoriora jo zuen hamabost urterekin balleta lantzera. Dantza garaikidea azaletik behatu ostean, estilo horretan espezializatutako Dantzaz prestakuntza konpainian sartu zen iaz, bi urteko ikasketa prozesua osatzera. Bere bidea aurkitu du bertan.

Iker Karrera (1985)

Hondarribiarraren dantza ibilbidean ere eragin handia izan du haren amak, azken honek herrian duen dantza eskolan klaseak jasotzen hasi baitzen lau urterekin. Hamaseirekin Madrilera joan zen jardunaldi batzuetan parte hartzera, eta ikusitako maila eta energiak txundituta, bertara lekualdatzea erabaki zuen ikus-entzunezko ikasketak egin eta dantzan heztera. Telebista saioetan, bideoklipetan, iragarkietan parte hartu du, eta nazioartean nahiz Madrilen eskolak ematen dihardu.

Garazi Etxaburu: "Dantzaren ekarpena ez da jendartean gehiegi zabaldu"



Galderak: Iker Karrera

Dantza garaikidearena eremu oso zabala da eta dantza estilo desberdin asko barneratzen ditu: garaikide fisikoa, ‘reléase’-a, antzerki-dantza, dantza kontzeptuala… Zeinetan sentitzen zara erosoen?
Reléasea, antzerki dantza eta koreografia fisikoak ditut gustukoen.

Dantzaz konpainia oso proposamen interesgarria iruditzen zait. Nolakoa da bertako eguneroko dinamika? Eta zein da bertan izandako koreografoen artean zure gustukoena?

Dantzaz Konpainia dantza munduan lehen enplegua lortzeko plataforma da. Koreografo ezberdinekin egiten dugu lan, eta gainera, bira luzeak egiten ditugu. Egunean zortzi ordu inguru aritzen gara lanean, eta asteburu askotan emanaldiak izaten ditugu. Bertatik pasa diren koreografoen artean, Jone San Martin, Lukas Timulak, Itzik Galili, Jacek Przybylowicz... aipatuko nituzke. Oso estilo ezberdinak dituzte, eta interesgarriena zera da, bakoitzetik hoberena hartu eta ikastea.

Zeintzuk dira zure konpainia gustukoenak eta zergatik?
Gauthier Dance, Forsythe, Batsheva... Oso errepertorio ona dute guztiek, eta bereziki, dantzari bikainak.

Dantza ikasteaz gain, zerbait gehiago ikasten duzu? Dantza bakarrik ikasten ari bazara, beste ikasketetan sakontzea, hala nola, artean, historian, argazkigintzan, filosofian… beharrezkoa dela uste duzu dantzari batentzat?
Ez, dantzaz gain ez dut beste ezer ikasten. Nire ustez, egokiena gorputzak uzten didan arte dantzan jarraitzea da, orain egin ditzakedan gauzak ezingo ditudalako hogei urte barru egin. Baina ikasketek ez dute esfortzu fisikorik eskatzen, eta beti izango dut horretarako denbora.

Eszenatoki batean dantzan ari zarenean, zer duzu gustukoen? Eta zer ez duzu atsegin?

Eszenatoki gaineko momenturik onena amaiera da, ikuslegoaren txaloak entzun eta norbera egindako lanarekin gustura sentitzen den unea. Momenturik txarrena, aldiz, hasi aurreko minutuak dira, urduri egoten baikara, azken orduko entsegu txikiak egiten, mugimenduak errepasatzen…

Beste zein dantza estilo ikastea gustatuko litzaizuke?
Dantza garaikideaz gain hip hopa, salsa, antzerki dantza eta halakoetan sakontzea gustatuko litzaidake.

Gaur egun, dantzaren munduan estilo eta teknika asko fusionatzen ari dira; zein ekarpen uste duzu egiten diela dantza garaikideak beste estiloei?
Ekarpen bat baino gehiago, dantza garaikidea gaur egungo dantza estilo bat dela uste dut. Beste estilo askorekin fusionatu daiteke, eta freskotasuna ematen die. Beti ere, kalitatez eskaintzen bada.

Zer aldatu beharko genuke, gaur egun, dantza garaikideak merezi duen zabalkundea lortu dezan?
Dantzaren ekarpena ez da jendartean gehiegi zabaldu, nahiz eta ez den aukera faltagatik izan. Konpainia asko daude, gu barne, oso espektakulu hurbilak eta publikoarentzat, nolabait esatearren, ikuserrazak egiten dituztenak, baita dantza ezagutzen ez duten ikus-entzuleentzat ere. Beraz, jendea hurbiltzen hasi dadin joera kulturalak aldatzea litzateke onena, baina oraingoz oso zaila da.

Non eta nola ikusten duzu zure burua hogei urte barru? Zure konpainia zuzentzen, adibidez?

Ez dakit non egongo naizen, baina asko gustatuko litzaidake datozen urteetan hainbat konpainiatan aritzea. Eta gero gerokoak, beti ere, dantzari loturik. Eta zergatik ez, beharbada konpainiaren bateko zuzendari gisa!

Iker Karrera: "Kanpora irtenda aukerak biderkatu egiten dira"



Galderak: Garazi Etxaburu

Nor izan da zuretzako influentziarik handiena?
Gaztetan ez nituen dantza munduko maisuak ezagutzen, ez zen YouTube existitzen, ezta gaur egun horrenbeste hedatu den ikus-entzunezko informazioa ere… Garaiko bideoklipak ikustea gustuko nuen, eta bertan azaltzen ziren dantzariak bezala aritzea nuen amets. Janet Jackson eta bere bideotako dantzariek motibatzen ninduten.

Zergatik erabaki zenuen Madrilera joatea? Nolakoa izan zen aldaketa?
Lagunek eta senitartekoek ez zuten nire erabakia espero. Mutil lotsatia nintzen nerabezaroan, eta ez nuen Madrilera joateko asmorik. Baina bertako jardunaldi batzuetan parte hartu ostean ikusi nuen dantzari bezala hazteko Hondarribitik atera behar nuela. Era berean, argi nuen unibertsitateko ikasketak egin nahi nituela, baina Bilbon beharrean, Madrilen eman nuen izena. Aldaketa ez zen gogorra izan, hiriaz asko disfrutatzen nuen eta klaseak bikainak ziren. Egin nahi nuena nahi nuen lekuan egiten ari nintzen.

Balleta eta dantza garaikidea ere landu dituzu, ezta? Zergatik?
Urteak aurrera, balletaren garrantziaz konturatu nintzen. Dantzari klasikoa izango ez nintzela argi nuen, baina kokapenerako eta beste diziplinatarako osagarri gisa lagungarri egingo zitzaidala ohartu nintzen. Gainera, hip hop klasetako giroa ez zitzaidan gehiegi gustatzen, eta garaikideko energiarekin eta dantzariekin gehiago identifikatzen nintzen. Beteago sentitzen nintzen. Gaur egun, dena den, kasik garaikideko klaseak bakarrik jasotzen ditut, eta bidaiatzen dudanean, konpainietako tailer edo workshopak bilatzen saiatzen naiz.

Zein da zure eguneroko dinamika?
Garaiaren arabera. Dantzari bezala lanean ez nabilenean, sasoian mantentzeko pare bat klase jasotzen saiatzen naiz, eta ondoren, egunean egokitzen zaizkidan klaseak ematen ditut. Baina orain bezala, produkzioren batean lanean nabilenean, lauzpabost orduko entseguak egiten ditut, eta ondoren nire klaseak eman. Nire jardunaldia goizeko hamarretan hasten da normalean, eta gaueko hamarretan bukatzen dut azkeneko klasea. Horregatik, asteburuak jai ditudanean atseden hartzeko baliatzen ditut, astelehena indarrez hasteko.

Telebistan ere aritu izan zara. Zeintzuk dira eszenatokiaren eta platoaren arteko ezberdintasunak?
Oso ezberdinak dira. Nik nahiago dut eszenatokia, bertan ikusten baita nor den dantzari ona eta nor ez. Antzoki bateko eszenatokian sortzen den giroa eta energia oso bereziak dira. Hala ere, telebista gustuko dut; kamerak asko gustatzen zaizkit, errealizazioa eta telebistaren mundua orokorrean, izan ere, unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen. Baina telebista ezberdina da, ikusleak jasotzen duenak zerikusi eskasa baitu normalean grabatzen denarekin. Gainera, telebistako dantza-formatuen kalitatea ez da oso ona.

Noiz hasi zinen nazioartean klaseak ematen? Nola?

Nire dantza klaseetako bideoak YouTuben eskegitzeko ohitura izan dut beti. Duela lau urte, Londresko manager batek nire lana Internet bidez ikusi zuen, gustatu egin zitzaion, eta bertan klase bat emateko aukera eskaini zidan. Ondoren bideo hori Sareratu egin nuen, Italian ikusi zuten, eta poliki-poliki hiri ezberdinetatik deitzen hasi zitzaizkidan. Zirkuitu horretan sartutakoan, dena errazagoa da. Egia esan, urtero bidaiatu eta jende berria ezagutzea ikaragarri eskertzen dut, lanbide honetatik horixe gustatzen zait gehien.

Dantzaren munduan aurrera egiteko atzerrira joatea ezinbestekoa da?
Egun dugun irtenbide bakarra da, kanpora irtenda aukerak biderkatu egiten baitira. Egia da hemen ere konpainia oso onak daudela, baina oso gutxi dira, eta soldatak oso baxuak. Londres, Amsterdam edo Brusela bezalako hirietan gehiago baloratzen gaituztela sentitzen dugu. Gainera, lan egiteko era berriak ezagutu eta beste lekuetan inspirazioa bilatzeko, ezinbestekoa da bidaiatzea.

Dantzari dedikatutako urteak eta eginiko esfortzua kontuan hartuta, zer edo zer galdu duzula uste duzu?
Ez, aurkakoa esango nuke, asko irabazi eta ikasi dudala. Ez dut bulegoko lan errepikakorrik egiten, egunero eta astero gauza berriak aurkitzen ditut, erronkei aurre egiten diet, eta asetasun horrek aurrera jarraitzera bultzatzen nau. Agian, batzuetan, lagunak eta familiartekoak faltan botatzen ditut, baina ahal dudan guztietan joan-etorriak egiten saiatzen naiz.

Nola ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara?
Buff, ez daukat ideiarik ere… Era batera ala bestera, dantzan jarraituko dut, baina ez dakit non eta norekin. Gauzak gero eta azkarrago pasatzen direlako sentsazioa daukat, eta hemendik hamar urtera non egongo naizen pentsatzea ezinezkoa egiten zait.

Uneotan, zein proiektutan ari zara lanean buru-belarri?

Irailean aspaldiko amets bat beteko dut, Fernando Lázaro eta Amaya Galeote kideekin batera Danza180º proiektua jarriko baitut martxan. Primerako irakasleekin osatutako dantza garaikideko eskola izango da, 180ºko laborategia; konpainia txikia da, Dantzazen antzekoa. Poliki-poliki hasi gara, eta pixkanaka joango gara hobetzen. Gainera, workshopak ematen jarraitzen dut, eta udan Italiara itzuliko naiz. Dantzari bezala, bestetik, Titanium ikuskizuna entseatzen ari naiz Rojas y Rodríguez konpainiarekin. Hilabete barru estreinatuko dugu Madrilen, eta dena ondo badoa, Amerikan bira interesgarria egingo dugu. A! Eta ekainean Donostian izango gara!