ENTZUN MUSIKA, ENTZUN RECORDS

ENTZUN MUSIKA, ENTZUN RECORDS Garai gorriotan diskoetxe bat martxan jartzeak kamikaze bati bururatutako ideia dirudi. Baina Ugutz Hermoso (Durango, 1987) konbentzituta dago, eta urte berriaren hasierarako lanean eduki nahi du momentuz labean duen proiektua: Entzun Musika zigilua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/entzun-musika-entzun-records/@@download/image/Ugutz_Hermoso.JPG
2017/10/16
elkarrizketa

 Igone Mariezkurrena

Garai gorriotan diskoetxe bat martxan jartzeak kamikaze bati bururatutako ideia dirudi. Baina Ugutz Hermoso (Durango, 1987) konbentzituta dago, eta urte berriaren hasierarako lanean eduki nahi du momentuz labean duen proiektua: Entzun Musika zigilua.
ENTZUN MUSIKA, ENTZUN RECORDS

Zergatik diskoetxe berri bat orain?
20 urtetik gora daramatzat musikaren sektorean lanean, musikari gisa ez ezik bestelako zereginetan ere. Gaur egun, Euskal Herriko musika taldeen %95ek ez dute inongo diskoetxeren babesik jasotzen, banda txikiek ez dute kasik aukerarik, eta honi buelta eman behar zaio.

Baina benetan diskoetxe bat al da errealitate hori aldatzeko formula? Urte luzez funtzionatu duten zigilu askok ateak itxi dituzte, musika produzitzeko eta kontsumitzeko moldeak aldatu dira...
Buruan dituzun diskoetxe indartsu horietako gehienak ez dira sekula musikarion mesedetan aritu. Enpresariak eduki dituzte zuzendaritzan eta etekin ekonomikoa besterik ez dute bilatu; irabaziak urritu direnean itxi dute atea. Zuzendaritzan eta lanean musikariak izango dituen zigilua proposatzen dut nik, musikarion eta musikazaleon eskubideak defendatuko dituena.

Adibidez?
Musika elektronikoan eta bereziki trance progresiboan gabiltzan hainbat egileren kolektibo txiki batean nahastuta nabil. Zazpi bat gara guztira: Madrilgo lagun bat, Bartzelonako beste bat, Alemaniako hiru eta ni neu. Denbora luze generaman borrokan Espainiako Kultura Ministerioak ekoizpen elektronikoa eta gau giroko pub nahiz diskotekak Kultura BEZaren baitan sar zitzan eskatuz, baina entzungor egiten ziguten. Azkenean, lokal hauetako jabeak gure borrokara batzea lortu dugu eta eurek enpresari gisa badituzten elkarteen bitartez lortu dugu Ministerioa mahaiaren beste aldean exeritzea. Eskaria kongresura iritsi zen eta argi berdea eman zioten! Zuk uste duzu diskoetxe handi eta tradizionaletako arduradun gehienek halako txorakeriatan galtzen zutela edo dutela denbora?!

Baina eskubide horien defentsan jarduteko bada ere beharko duzue diru-iturriren bat!
Bai, jakina. Baina guk ez dugu aberastu nahi. Begira: azken urteotan porrot egin duten diskoetxe klasikoek, esate baterako, beren zigiluko talde baten kontzertu bakoitzeko irabazien %60-70 hartzen zuten, eta %70-80 bitarte disko bakoitzeko! Guk ez dugu %28-32 baino gehiago bilduko. Eta, gainera, baldintza guztiak hasiera-hasieratik negoziatzeko prest gaude. Uste dut malgutasuna falta izan zaiela betiko diskoetxeei, salmentetatik zetorkien dirutza zuten oinarri eta hanka horrek huts egin dienean jaitsi dute pertsiana.

Beste zertan izango da ezberdina Entzun Musika?


Zerbitzu osoa eskainiko dugu: estudioko lana, promozioa, salmentak eta banaketa, online lana, cacheen kudeaketa, aholkularitza... Eta musika elektronikoaren esparruan dabiltzan ekoizleei begira, propio, Entzun Records izena eramango duen gestio zerbitzua. Bestalde, Europa eta AEBetako lagunek egiten duten bezala, gu geu aretoak alokatzen eta kontzertuak antolatzen jardungo gara. Kartel berean gure zigiluko talde txiki ezezagunak bolumen handiagoa duten talde ezagunekin nahastuko ditugu, gureak izan ala ez, oihartzuna lortzeko. Batzuek burtsako akzioetan inbertituta arriskatzen dute, guk honetan sinesten dugu! Dinamika mota honen inguruan eta talde entzutetsuak diskoetxeak sortzera animatuz artikulu oso interesgarria argitaratu du Universal Music zigiluak bere online aldizkarian. Irakurri beharrekoa!

Zein fasetan zaudete?
2018 hasieran martxan eduki nahi dugu. Ziurrenik Durangoko Azoka erabiliko dugu aurkezpen ofizialerako abagune bezala. Une honetan, besteak beste, taldeak kontaktatzen ari gara; gehienez 38 bat kudeatzeko gai izango gara: jazza, punka, rocka, elektronika eta bakarlariak. Azken hauen artean gitarra akustikoa edota pianoa eta ahotsa uztartzen dituzten artistak ditugu. Nazioartean gure filosofia konpartitzen duten diskoetxe eta talde handiagoekin ere bagaude kontaktuan, joera indartsua da. Dena dela, momentuz, lan-talde txikia izango gara: hiruzpalau lagun hemen, eta aholkulariak atzerrian. Noizbait 12 langile izatera iristea ondo legoke!