Eneritz Furyak: "Hitzek libre egiten naute, ezkutatzen uzten didatelako".

Eneritz Furyak: "Hitzek libre egiten naute, ezkutatzen uzten didatelako". Eneritz Furyak (Irun, 1993) musikariarekin hitz egitea beti da plazera eta disko berri baten aitzakian baldin bada are eta hobeto. Emadan da gipuzkoarraren bigarren lan luzea, hausnarketak diren erantzun beharrik gabeko galderez jositako lan ilun bezain ederra. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneritz-furyak-hitzek-libre-egiten-naute-ezkutatzen-uzten-didatelako/@@download/image/EF2021_HorizontalaWEB2.jpg
2021/03/18

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Eneritz Furyak (Irun, 1993) musikariarekin hitz egitea beti da plazera eta disko berri baten aitzakian baldin bada are eta hobeto. Emadan da gipuzkoarraren bigarren lan luzea, hausnarketak diren erantzun beharrik gabeko galderez jositako lan ilun bezain ederra.
Eneritz Furyak: "Hitzek libre egiten naute, ezkutatzen uzten didatelako".

Nola deskribatuko zenuke zure bigarren lan luze hau? 
Emadan musikalki xehetasunez xehetasun eraikitzen den mundu iluna da, izatez osaera sotil samarra duena. Esango nuke lan koherentea dela, ez nahitaez hari narratibo garbi bat duelako, baina bai giro bat eta elkarreragiten duten kantuak dituelako. Galderaz jositako disko bat da. Eta galdera horiek hausnarketak dira... edo galdera hutsak, sinpleki. Ez dira nahitaez erantzun beharreko horietakoak, ez zaituzte bortxatzen, baina ezin diezu ezikusiarena egin.

Artisau moduan lan egiten duzu; diskoaren azala zuk sortu duzu, argazkiak ere zuk egin ohi dituzu, YouTubeko diskoaren bideoan azaltzen diren letrak zuk eskuk egin dituzu... era digital honetan balore erantsia da hori? 
Uste dut balore erantsia baino bazterreko hautu pertsonal ero samarra dela. Entzuleak ez dio nahitaez galdetzen bere buruari entzun (edo ikusten) duen hori noren eskuetatik igaro den, eta hori positiboa iruditzen zait, musikan, mezuetan, irudipen eta emozioetan galtzeko aukera ematen digulako. Hala ere geroz eta zailagoa da hori. Eta kontraesan bat eranstearren, esan behar dut batzuetan amorratzen naizela ez denean diozun hori bera baloratzen, ez
baita gauza bera disko baten atzean 100 pertsona egotea, edo nire kasuan bezala, bi-hiru... ia soilik bat.

Zerk inspiratu zaitu "Emadan" diskoa egiterako orduan? 
Intentsitateak, kar, kar. Esango nuke diskoan aipatzen ditudan tematika posible guztiak edonoren egunerokotasunean kabitu daitezkeela, baina guztiekin egin dudala "ber bi".

Zenbaterainoko garrantzia dute hitzek zure musikan? 
Ume-umea nintzenetik idatzi dut, baina ziurrenik idazle frustratua naiz gaur egun. Hortaz, egiten dudan musikan hitzek garrantzi handia dute. Hainbeste, non ez dagoen ia tarterik musika hutsarekin, nahiz hori egiten ere ikasi nahi nukeen, musikari ere bere espazio propioa eskaintzen. Hitzek libre egiten naute, ezkutatzen uzten didatelako, jolasten, batzuetan larrugorritan ateratzen oholtzara, beste mundu bat sortzen unearen arabera.

Lehenengoz gaztelaniaz ere entzun zaitugu diskoan "Junco" abestiarekin. Bide berri bat irekitzen du honek? 
Lehena izan da eta ziurrenik azkena ere bai, baina auskalo. Oso istorio sinplea da kantu honen atzean dagoena: gaztelaniaz atera zen letra, nire buruarekin borrokan aritu nintzen, letra itzuli nuen... eta azkenean erabaki nuen ez nuela zentsura hori nahi, batzuetan positiboa den arren. Euskaraz abesten dut eta euskaraz bizi naiz etxekoei esker (eta sakrifizio handiak egin dituen jende askori esker), zeinak kataluniar eta andaluziarren seme-alabak izanik euskaraz ikasteko eta bizitzeko hautua egin baitzuten eta egiten duten egunez egun. Baina batzuetan gauzei izaten utzi behar zaie eta kito. Juncori izaten utzi diot eta beste sonoritate bat arakatzen utzi dit. Polita izan da.

Aipatu duzu Instagrameko storisetan lehen betaurrekorik gabe igotzen zinela oholtzara eta ez zenuela publikoa ikusten. Orain lehengoz betaurrekoekin igo zara... konfiantza gehiagorekin sentitzen zarenaren seinale? 
Iruzkin xelebre batzuk egin nituen kronika baten harira. Betaurrekoak... jada ez naiz umemoko bat, hori izango da. Eta ez badut tutik ikusten, agian jantzi beharko nituzke. Baliteke hala ere betaurrekoak kentzea berriz kantuekin taula gainean erosoago nagoenean, ez dudanean haiek "ikusteko" beharrik, soilik sentitzekoa; elkar ezagutzen ari gara kantuak zuzenean eta ni. Taula gainera igotzeko modu asko daude. Ni ziurrenik, eskua su gainean jarri gabe bada ere, ez nauzu inoiz ikusiko mozkor edo drogatuta taula gainean, agian betaurrekorik gabe bai!

Zer nolako esperientzia izan da publikoa ikusi ahal izatea? Musukoekin bada ere... 
Ez naiz ohitu eta ez dut ohitu nahi honetara. Hotza da eta tristea kasik ere bai, baina pozik egoteko arrazoi bat ere bada, taulara igotzeko aukerak kendu zaizkion jende asko egonik, ezin garelako hasi negarrez aukera izatekotan. Baina ez da soilik publikoa, esango nuke oholtzan garenoi ere kostatzen zaigula errealitate honetan ezer gertatuko ez balitz bezala igeri egitea. Zaila da ondoez edo neke hori besteen arimetara ez transmititzea.

Zer moduz daramazu pandemia egoera hau, oro har? 
Unean nekatu samar. Orokorra da, ezta? Orain hala ere txikikeria batekin konformatuko nintzateke. Urruñan bizita, Iparraldeko etxeratze agindua atzeratzearekin, hain zuzen. 18:00etan, udaberria ate joka dugun honetan, etxe-zulora gordetzea, banpirokeria bat iruditzen zait. Eta gainera, nik gaua maite dut, eta ez soilik gauarekin lotu izan ditugun kontuetarako... 

Zure zuzenekoetara hurbiltzen denak zer aurkituko du? 
Kantu ilun eta geldoak tramankuluz inguratutako tipa xelebre batek joak. Diskoko giroak errespetatzen ahalegindu naiz, hori da gakoa.

Etorkizuna nola hautematen duzu? 
Kosta egiten zait etorkizunean pentsatzea uneotan! Etorkizun hurbilari eskatzen diodana da berriz mundu "librexeago" batean bizi ahal izatea, eta kantuokin zuzenean lotura estuagoa garatzea, nahi izatekotan betaurrekoak kendu, baina batez ere lehen aipatu dudan intentsitate hori interferentziarik gabe transmititu ahal izateko. Eta... beste kantu batzuk ere baditut gordeta poltsikoan, baina ikusiko dugu noiz eta zer egin haiekin.

Eneritz Furyak-en kontzerturen bat ikusteko gogoz bazabiltza apuntatu data hauetakoren bat:
Martxoak 20 - Bonberenea (Tolosa)
Maiatzak 7 - Gasteiz
Maiatzak 14 - Tximista (Ordizia)
Maiatzak 15 - Azpeitia