Eneritz Furyak: “Musika maite dut eta ez dut nire burua mugatu nahi”.

Eneritz Furyak: “Musika maite dut eta ez dut nire burua mugatu nahi”. Eneritz Furyak bueltan da, baina oraingoan ez dator bakarrik. Zenbait egilek ( Hans Krüger, /Göo!, Mono Irazi eta Antuxuna) bere "Emadan" diskoan oinarrituta remixak sortu dituzte eta esperimentu horien emaitza da "Emaizkidan" EPa. Disko berria prestatu bitartean, Furyakek bere buruari egin nahi izan dion auto opari modukoa den lan berezi hau gu guztiokin partekatu nahi izan du, zorionez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneritz-furyak-201cmusika-maite-dut-eta-ez-dut-nire-burua-mugatu-nahi201d/@@download/image/15_1x1.jpeg
2023/04/26
elkarrizketa

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Eneritz Furyak bueltan da, baina oraingoan ez dator bakarrik. Zenbait egilek ( Hans Krüger, /Göo!, Mono Irazi eta Antuxuna) bere "Emadan" diskoan oinarrituta remixak sortu dituzte eta esperimentu horien emaitza da "Emaizkidan" EPa. Disko berria prestatu bitartean, Furyakek bere buruari egin nahi izan dion auto opari modukoa den lan berezi hau gu guztiokin partekatu nahi izan du, zorionez.
Eneritz Furyak: “Musika maite dut eta ez dut nire burua mugatu nahi”.

Azalean hegazti koloretsu bat agertzen da. Zer irudikatzen du?
Izatez Emadan diskoko azalaren interpretazio berria da; Emaizkidanen remixak eta reworkak dauden bezala, azalean bertan ere ez nuen zerbait berria egin nahi, moldaketa baizik. Hegaztirik ez dut izan gogoan baina Emadan diskoko loreekin ere jende askok esan zidan txori bat ikusten zuela. Maite dut azal hori, nik lorezko koroa osatugabe bat sortu nuen, oraingoan areago desitxuratu dudana, baina hamaika moldaera izan ditu eta guztiek erakutsi dute zerbait berria. Suposatzen dut lore eta landareak erabiltzeagatik izan dela: bizirik daudela erakusten dute.

Zergatik Emadan diskoko Emadan abestiaren remixak, eta ez diskoko beste abeti batzuenak ere?
Remixak eta moldaketak egiteko ideia izatez Farmway Recordseko Fermin / Göo!-rena izan zen eta berehala ikusi nuen posible zela zerbait egitea diskoko kantuekin, oso moldaerrazak direlako. Sintetizadoreekin soilik jo daitezke edo gitarrarekin soilik, eta erantzi eta birmoldatu daitezkeen geruza pila bat dituzte. Baina Emadan berezia da, originalak 50 segundo baizik ez dituelako. Nolabait, "falta" zaiona irudikatzeko bidea eskaintzen dizu. Amaiera irekia duen istorioa da.

Zergatik jo duzu elektronikara?
Elektronika bazen diskoko partaide eta hemen protagonista izatera pasa da. Hala ere ez da nik espresuki hautatu dudan zerbait, parte-hartzaileei natural atera zaiena da. Nik kantuko pistak bidali nizkien eta haiek nahi izan dutena egin dute. Eta bai, elektronikaren bidea hartu dute guztiek, baina bakoitzak bere modura. Hala ere ez nau harritzen norabideak, gaur egun baliabide amaiezina baita elektronika bera.

Kolaboratzaile baino, kantuen egileak dira beraz, zer eskaini du bakoitzak?
Hori da, kolaboratzaile baino haiek izan dira egileak haien kasa aritu baitira remix-egile guztiak, Ihia kantuan izan ezik. Eta zer eskaini didaten? Ni izugarri harritu naute. Entzun nuen lehen remixa /Göo!-rena izan zen. Berak ezagutza handia du elektronikari dagokionez, baita, orokorrean, musikarekikoa ere. Besteak beste, DJ moduan ibilbide luzea dauka. Ez nekien zer egingo zuen eta lehen aldiz pentsatu nuen Emadan dantzatu daitekeela. Hans Krügerren kasuan ez nuen espero inondik inora ere bere remixean osatu zuen koru moduko hori entzutea, uste dut oso lanketa berezia eta polita daukala. Antuxunarenean gustuz inprobisatzeko gaitasuna azpimarratuko nuke (nik ez daukadan zerbait). Mono Irazik gertukoa izan du Emadan, diskoaren azken nahasketa eta masterizazioa egiteaz gain, nire zuzenekoetako teknikaria delako. Bera rocketik dator eta badakit industriala asko maite duela, baina ez nekien zer egingo zuen zehazki, eta esan behar dut emaitza itzela dela.

Zein da EP piezarik bereziena zuretzat?
Remixetatik Hans Krügerrena aipatu behar dut, ez baitut bera aurrez aurre ezagutzen eta bere kantuak asko hunkitu bainau. Eta gero, Ihia, behingoz aspaldiko lagunekin grabatu ahal izan dudalako, eta euskaratzeko aukera izan dudalako.

Abesti biluziak, gitarra soil batez eta ahotsez osatutako doinu minimalistak izan dira zure bereizgarria orain arte. Oraingoan zure ahotsa elektronika doinuz apaindu duzu, askotan bigarren plano batean geratzen delarik. Ihia abestian, berriz, talde bat entzun liteke atzetik... Zer dela eta horren bat-bateko aldaketa hau?
Niretzat ez dago bat-bateko aldaketarik, honek ez du baldintzatzen nire ondoko norabidea, besteen lanak baitira finean remixok. Eta Ihia entzuleekin ere partekatu nahi dudan auto-opari bat izan da. Maite dudan estiloan jo ahal izatea, lagunez inguratuta (Paxkal Irigoyen, Uso eta Mono Irazirekin), ganorazko baliabideekin... Zerbait efimeroa baina niretzat balioa duena.

Ihia abestia Emadan diskoko Junco abesti euskaratua da, ezta? Zer dela eta erabaki duzu Emaizkidan bilduman honetan sartzea?
Junco kantuaren euskarazko bertsioa grabatu nahi nuen eta hara hor Ihia. Disko bereko kantuen moldaketak dira. Uste dut entzuleentzako/hedabideentzako apur bat konfusoak diren gauzak egiten ditudala batzuetan, baina arrazoi bakarra zera da: musika maite dudala eta ez dudala nire burua mugatu nahi. Gero gustuko dut disko koherenteak egitea, baina baita jauzika aritzea noizean behin... Zergatik ez?

Zure bide artistikoan atea asko zabalik uzten ditu lan berri honek. Hemendik aurrera zein bide hartuko duzu, zein Eneritz entzun ahalko izango dugu?
Argi dut elektronikak izango duela bere lekua nire ondorengo lanetan (edo hurrengo lanean behintzat), baina abesti itxura klasikoagoarekin, nolabait esan. Hala ere, ez dut nire burua mugatzeko asmorik. Esaten dute etengabeko aldaketak ez direla positiboak izaten musikan, baina continuum moduan bizi dut guztia, ez dira kasualitatezko aldaketa edo proposamenak. Aspalditik lantzen hasitako gauzen emaitzak dira.

Zuzenekoetara eramango al dituzu dantzalekuetarako aproposagoak diren doinu hauek?
Disko-jartzaileren batek baliatuko balitu itzela litzateke denontzat! Nik ez ditut zuzenekoetara eramango, disko-jartzaile moduan erabat ezjakina naiz eta musikari bezala hondatu egingo nituzke seguru.


Zein helburu edo amets bete nahiko zenituzke EP honekin?
Kaleratze hutsarekin betetzen den zerbait da: lan kolaboratibo bat kaleratzea, eta nire hasierako proposamenetik abiatutako besteen lanak entzutea. Ez da gauza makala.

Etorkizun hurbil batean lan berririk egongo al da?
Bai! Denboratxo bat daramat hurrengo diskoa izango dena prestatzen, baina ez dut egun batetik bestera kaleratzerik izango, lan geldoa da niretzat disko bat prestatzea. Era berean, horregatik "bitartean" hau kaleratu dut Emadani amaiera moduko bat emateko, lan berria heldu artean.