Emaus Gizarte Fundazioaren 'Aukera berri bat' erakusketa Donostian

Emaus Gizarte Fundazioaren 'Aukera berri bat' erakusketa Donostian Aieten zaborretatik hartu eta Emausen eguneko zentroan zaharberritutako objektu eta altzariak bildu dituzte bertan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emaus-gizarte-fundazioaren-aukera-berri-bat-erakusketa-donostian/@@download/image/Aiete-Emaus.png
2022/02/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Aieten zaborretatik hartu eta Emausen eguneko zentroan zaharberritutako objektu eta altzariak bildu dituzte bertan.
Emaus Gizarte Fundazioaren 'Aukera berri bat' erakusketa Donostian

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emaus Gizarte Fundazioaren eskutik, Aiete Kultur Etxeak Aukera berri bat erakusketa ireki du. Erakusketa honek gizarte-bazterketa jasan duten pertsonen gaitasunei balioa eman nahi die, gizarte justuago bat eta duintasunez bizitzea sustatzeko helburuarekin. Aiete auzoan zaborretik berreskuratutako eta Emaus Munto Bitartean eguneko zentroan zaharberritutako objektuak eta altzariak daude ikusgai. Inguruko agente bizien auzorako leihoa izan nahi du erakusketak, eta bide batez islatzen dituen berrerabilpenaren eta kontsumo arduratsuaren kontzeptuak azpimarratu.

Kaletik datorren erakusketa da, auzoan hondakin gisa tratatzeko kalean utzitako objektuetatik datorrena. Proiektua kaleko pieza batzuk biltzea izan da, eta ondoren, aztertu eta ebaluatu egin dira. Honela azaldu dute prozesua: "Objektu batzuei piezak falta zitzaizkien: gau-mahai txiki bati hanka bat falta zitzaion, hondatuta zegoen aulki bati tapizeria… Diagnostikoa egin ondoren, altzariak berreskuratzeko aukerekin amets egiteko garaia zen. Horrela, benetako metamorfosi-abentura bat hasi zen, beldarrari gertatzen zaion bezala, har soil bat, kolore biziko tximeleta eder bat bihurtzeko gai dena".

Eguneko zentroko erabiltzaileek lanari ekin zioten eta jasotako objektuak eraldatu zituzten, "haien bertsio onenak bihurtuz eta lortuz". Ekonomia zirkularraren adibidetzat hartu dute, "hondakinak baliabide bihurtzea". Ez zuten uste, ordea, nahikoa zenik, metamorfosi hori auzoko guztiekin partekatu nahi baitzuten, "baztertua eta abandonatua zegoen zerbaiti beste aukera bat ematen zaionean, ederra eta atsegina bihur daitekeela erakusteko".

Erakusketa Aiete Kultur Etxeak Emaus Fundazio Sozialarekin eta bere eguneko zentroarekin elkarlanean antolatzen duen laugarrena da, eta martxoaren 27ra arte egongo da zabalik. Asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era egongo da irekita, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14.00etara.