Elixabet Aizager: “"Ikaragarria da horrelako proiektu batek 15 urtez segitzea”"

Elixabet Aizager: “"Ikaragarria da horrelako proiektu batek 15 urtez segitzea”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elixabet-aizager-quotikaragarria-da-horrelako--proiektu-batek-15-urtez-segitzeaquot/@@download/image/201046856elixab_1362431275.jpg
2010/04/02
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Lander Garro
Elixabet Aizager: “"Ikaragarria da horrelako  proiektu batek 15 urtez segitzea”"
Euskal Herria Zuzenean elkarteko lehendakaria dugu Donapaleuko gaztea. Hamar urte eman zituen laguntzaile gisa anaia zaharrek urraturiko bideari jarraiki. ondotik ardura potoloagoak hartu zituen, administrazio kontseiluan sartu zen eta musika jaialdiaren arduradun nagusia izan da azken bi urteotan. EHZ koskortzen ari zaigu; aurten 15 urte. 

Baiona ttipiako Moka kafetegian lotu gara berarekin. Ahaztua nuen mugaz bestalde Coca-cola botilak hain handiak direnik! Elixabetek nahiago du gasdun ura limoi puska batekin hartu. Ile gorria jasota dakar, eta urrezko katea lepoan. Ikasten, lanean, errugbi talde batean… topera betetzen ditu eguneko orduak baxe nafarrak, baina tartea egin du gurekin solas egiteko. Iparraldeaz. Eta jaialdiaz.

Ez omen du bere burua elkarrizketarako prestatu. Hobe hala.

Juhane Daskonen 'Iparraldea XXI' dokumentalean ikusi zaitugu orain gutxi. Zergatik edo zertarako egitasmo hau?

Euskal Kultur Erakundeak bultzatutako proiektua da, Hegoaldeko gazteei Iparraldeko kultura zertan den erakusteko. Kultura mailan lanean ari garen zenbait aktore gazte ikustera etorri da Juhane Daskon, gure iritziak ezagutzera.

Zer irudi dugu, ba, hegoaldeko gazteek Iparraldeaz?

Nik ez dut errango hori, ez baitut uste iduri txarrik duzuenik. Nire ustez kultura desberdina da, hori segur, eta iduritzen zait, enekiko mintzo naiz, gu usuago joaten garela Hegoaldera eta ez zuek hona. Beharbada, ez delako ber kultura, Hegoaldeko jendea ez da bortxaz heldu hona besta egitera. Ez zait iduritzen iduri txarra duzuenik baina, beharbada, ez aski ezagutua. Egia da usu entzuten dugula maskarada, pastorala eta antzerkia… kar, kar, kar! Baina bada beste.  

Nolakoa da zure begietan?

EHZeko antolatzaile gisa ohartzen naiz gazte anitz badirela mugitzen direnak kulturaren inguruan, beraz arras dinamikoa da. Bada anitz kirol: zesta, pilota, errugbia, bada nesken errugbia ere bai anitz garatzen ari dena. Eta, musikarekin aldetik ere, badugu aukera, anitz talde txiki sortzen ari dira…

Parranda egitera, ordea, Hegoaldera jotzen duzue askotan…

Anitz gustatzen zaigu Hegoaldera joatea, hori segur da, desberdina delako; nik aunitz maite dut han besta egitea. Iduritzen zait gutxiagotan egiten dela beste bidea. Baina ez da txarra e!

Zer diozu Iparraldearen folklorizazioaz?

Gu hemen, jaialdia dela eta, oso sartuta gaude kulturan, folklorea baztertuta daukagu eta ez gara ohartzen. Baina egia da Hegoaldean saldua dela iduri hori.

Nori interesatzen zaio?

Interesak ekonomikoak dira, noski. Turismo agentziak, etxe agentziak…

Nolanahi ere, asko ari da hemen egosten eta zuk mugimendu honi guztiari eginiko ekarpena EHZ jaialdia da. Nola eta zertarako sortu zen proiektua?

1996an sortu zen World Company horien kontra, mundializazioaren –globalizazioaren– kontra. Ideia zen herrialde txikietako musika eta kulturak nahastea. Baina egia da urterik urte festibala garatu egin dela gizartearekin batera. Arrosan egonak ginen zortzi urtez; ondotik Idauze Mendira joan ginen, Zuberora, bost urtez; eta bada urte bat Heletara itzuli gara. Hastapeneko ideia barnealdea dinamizatzea zen, jendea erakartzea Euskal Herriko barnealderantz. Proiektu herrikoia zen eta ber baloreekin segitu dugu. Aurten esan dezakegu zinez herrikoia izango dela, zeren herri batean –Heletan– sartu baikara eta herriko elkarte eta ostalariekin lan egiten dugu.

Ekologista, antikapitalista, abertzalea, euskaltzalea, feminista, internazionalista, herrikoia, zabala eta independentea omen da EHZ, besteak beste. Hain jaialdi handia antolatuta, ez al da zaila horri guztiari uneoro eustea?

Bai, egia da anitz konplikatua dela. 15 urtez festibalak mezu anitz eta anitz ekarri ditu, eta horien bilduma da gure webgunean dagoena, horrek gaitu definitzen. Urtero hautu bat egiten dugu: zein mezu pasako den urte horretan uztaileko hiru egunetan zehar. Animazioa, filmak, programazioa eta dena mezu horren inguruan lotzen dugu. Aurten, adibidez, festibala hastapenetik hona nola garatu den izango da gaia, nahiko librea. Hala eta guztiz ere, EHZ orain ez da bakarrik hiru eguneko festibala, urtean zehar ere zenbait ekitaldi egiten hasi gara eta hauetan pasatzen den mezua zinez zehatza da. Adibidez, Itoitz Suite izango da Miarritzen eta komunikazio komisioak deliberatu du gaualdi horretan Jon Antzaren ingurukoa izango dela mezua, gaurko gertakari handienetariko bat delako.

15 urte, zorionak. Balorazioa?

Ikaragarria da horrelako proiektu batek segitzea hamabost urtez. Iaz jauzi handia egin genuen publikoari dagokionez, adibidez. 22.000 pertsona hurbildu ziren, sekula ez dugu horrelakorik ezagutu. Beraz, balorazioa? Ikaragarria!

Zer nolako publikoa sumatzen duzue?

Jakin behar da festibalak gorabeherak izan dituela urte hauetan. Hastapenean, bai, herriko gazteak bakarrik hurbiltzen ginen, baina gero handituz joan da. Arrosako urteak bukatuta, zortzi urte berantago, jendea hurbiltzen zen Frantzia osotik, Hego Euskal Herritik… kristoren arrakasta zuen. Ondotik ttipitu zen, Idauze Mendira aldatu ginenean ttipitu zen. Zuberoan izatea kristorena zen, Zuberoa dinamizatzea… eta Zuberoak anitz lagundu zigun, baina jendea ez zen hurbildu. Ohartu ginen lurraldeak edo eremu geografikoak baldintzatzen zuela arrakasta eta, beraz, Heletara aldatu ginen, Behe Nafarroa erdi-erdira. Ikusleen artean… denetarik. Bordele eta Tolosa aldetik etortzen dira asko, Landetatik ere bai… eta Hegoaldetik, noski. Baina Hegoaldetik hurbiltzen diren gazteak ez dut uste kultur festibala delako etortzen direnik, Iparraldean egiten den zerbait delako baizik.

Aurten, oker ez banago, lehenengo maketa lehiaketa antolatu duzue. Zer moduzkoa izan da erantzuna?

Garaian izan zen jadanik, baina aurten berreskuratu dugu. 66 taldek aurkeztu dute maketa, kristoren arrakasta, beraz. Eta hiru finalistek –Elbereth, eLeNeS eta Starfinder– kontzertua emango dute Berri Txarrak taldearekin batera apirilaren 9an Miarritzen.

Bestela, karteleko izenen bat aurreratzerik bai?

Programaziotik? Ez. Kar, kar, kar. Ezin dut. Baina Manu Chao bezalakorik ez da izango aurten. Musikaren mundu hori marrazoz betea dago eta askok oraindik festibal ttipi bezala behatzen gaituzte, nahiz eta iaz 22.000 pertsona bildu. Gainera, inguruan festibal handi asko dauzkagu egun horietan. Baina gu ere ari gara izena hartzen.

Elixabet Aizagerren kuttunak



Musika taldea: Jil is lucky
Filma: Land and freedom (Ken Loach)
Nobela: L' Elegance du Hèrisson (Murielle Barberick)
Parrandarako: Garagardoa
Atseden hartzeko: Errugbi zelai bat
Ihes egiteko: Ursuia kaskoa