Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 245 intzidentzia erregistratu zituen 2018an, aurreko urtean baino 101 gutxiago

Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 245 intzidentzia erregistratu zituen 2018an, aurreko urtean baino 101 gutxiago Kexa guztian % 99an hizkuntza eskubidearen urraketa euskara erabiltzeko eskubideari lotuta izan zen; bi kasutan, baina, gaztelania erabiltzeko eskubide-urraketa izan zen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elebide-hizkuntza-eskubideak-bermatzeko-zerbitzuak-245-intzidentzia-erregistratu-zituen-2018an-aurreko-urtean-baino-101-gutxiago/@@download/image/Captura de pantalla 2019-07-26 a la(s) 10.04.17.png
2019/07/26

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Kexa guztian % 99an hizkuntza eskubidearen urraketa euskara erabiltzeko eskubideari lotuta izan zen; bi kasutan, baina, gaztelania erabiltzeko eskubide-urraketa izan zen.
Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 245 intzidentzia erregistratu zituen 2018an, aurreko urtean baino 101 gutxiago

Eusko Jaurlaritzak Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2018ko memoria argitaratu du aste honetan. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak azaldu duenez, 2018an hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 245 intzidentzia erregistratu ziren, aurreko urtean baino 101 gutxiago. Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 189 kexak izan ziren, eta horien artean 187tan (% 99) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon zen; eta, 2 kasutan aldiz, gaztelaniarekin lotuta. Kexa guztien % 83 (153 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta % 17 (33 kexa) esparru pribatuari zegozkion.

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Aurtengo intzidentzia kopurua baxuena da 2009tik, iaz baino 101 gutxiago eta 2015 eta 2016 urteetan baino nabarmen baxuagoa (urte horietan intzidentziak areagotu ziren; 789 eta 576, hurrenez hurren). 2018. urtean Elebiden izapidetu ziren intzidentzien % 82 kexak izan ziren (herritarrek uste izan dute hizkuntza eskubideak urratu zaizkiela) eta gainontzekoak eskaerak (30), kontsultak (10), iradokizunak (3) edo eskaerak (30) izan ziren.

Kexak esparruz esparru
Kexa guztien %83 (241 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izanik, nabarmendu behar da kexa horien guztien artean gehienak EAEko Administrazio Orokorrari (% 38) eta Toki Administrazioari (% 37) lotuta gertatu zirela. Hala ere, EAEko sektore publikoari zuzendutakoak nabarmen jaitsi ziren (aurten 59 izan dira, esparru publikoko kexa guztien % 38; iaz 127 izan ziren, % 53). EAEko sektore publikoaren aurkako kexei erreparatuz, 24 Eusko Jaurlaritzaren aurka izan ziren (Hezkuntza Saila, 9; Segurtasunak, 5; Lana eta Justizia, 4; Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura, 2; Enplegu eta Gizarte Politika, 2; Gobernantza Publiko eta Autogobernua, 2; Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa, 2; eta, azkenik, Ogasun eta Ekonomia, 1), eta 35 Eusko Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoen aurka (horietatik 19 Osakidetzaren kontra izan ziren, baina nabarmendu behar da 2017an 64 izan zirela; gainontzeko erakunde eta sozietate publikoek 3 kexa edo gutxiago jaso dituzte).

Toki administrazioei dagokienez, 58 kexa jaso ziren, aurreko urtean baino 7 gehiago. Arabako udalek 9 kexa jaso zituzten 2018an, 2017an baino 8 gehiago. Bizkaiko udalei eta haren menpeko erakundeei dagokienez, 39 kexa jaso zituzten guztira 2018an, 2017an baino 7 gehiago. Azkenik, Gipuzkoako udalak 2017an 18 kexa jasotzetik 2018an 10 kexa jasotzera pasatu ziren. Bestalde, Estatuko Administrazioari eta haren erakundeei eta sozietateei (ADIF, Correos y Telégrafos SA, Correos Express, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa, Fundae, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala eta Renfe) zuzendutako kexak 17ra jaitsi ziren (2017an 25 izan ziren).

Esparru pribatuari lotuta 33 kexa jaso ziren 2018an, aurreko urtean baino 15 gutxiago. Kexa horiek honela banatzen dira: orokorrak, 11; finantzak eta aseguruak, 8; merkataritza, 6; kultura eta aisia, 3;  hezkuntza, 1; eta, azkenik, ostalaritza, 1. Esparru pribatuan irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak eta jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak hartu ziren kontuan.

Kexen tipologia
2018. urtean Elebiden izapidetu ziren 189 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira: Idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak, ahozko harremanetan gertatzen direnak, hizkuntza-pasaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak...) eta internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak.

Idatzizko harremanei erreparatuz gero, 70 kexa jaso ziren, kasu gehienetan erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela salatu zen herritarrekiko harremanetan. Ahozko harremanei dagokienez, 45 kexa izan ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela. Horrez gain, 12tan salatu zuten hizkuntza eskubideak, bietara, ahoz zein idatziz urratu zirela.

Hizkuntza-paisaiarekin loturiko kexak 19 izan ziren 2018an, 2017. urtean baino 65 gutxiago. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean jarritako kartelei, trafiko seinaleei eta kale zein laneko seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat. 7 kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai herritarrekiko harremanetan bai hizkuntza-paisaian. Azkenik, Internet eta sare sozialetan gertaturiko arau urraketak 36 izan ziren, 2017. urtean baino 13 gehiago.

Aurkezteko era
2018. urtean zehar Elebidera jo zuten herritarren % 94k (231k) euskara erabili zuten zerbitzu honekin harremanetan jartzeko (iaz baino % 2 gehiago); eta beste % 6k (14 herritarrek), gaztelania. Azken kasu horietatik, 3 hizkuntza eskubideen araudiaren inguruko kontsultak izan ziren; eta beste 10, kexak (7tan euskara erabiltzeko eskubidea urratu zitzaiela adierazi zuten). Emakumezkoek aurkeztu zituzten 2018. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu ziren intzidentzien % 25 (aurreko urtean baino 4 puntu gehiago), eta gizonezkoek % 71 (aurreko urtean baino 7 puntu gutxiago). Kasu guztien % 4 erakundeek aurkeztutako intzidentziak izan ziren.

Kexen kopurua jaitsi den arren, ikusi egin behar litzateke jaitsiera zerrek eragin duen. Ziurrenik urraketa gehiago egon dira jarri diren kexak baino. Kexa ez jartzearen arrazoietako bat herritar askok Elebidetaz duten informazio urria izan liteke edota ikustea kexa jarri arren ez dela ezer egiten.  Arrazoia zein den jakitea zaila den arren, hausnartzeko bederen ematen duten datuak dira.