Ekainaren 16ra bitarte, Cirque du Soleil Bilbon

Ekainaren 16ra bitarte, Cirque du Soleil Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainaren-16ra-bitarte-cirque-du-soleil-bilbon/@@download/image/kooza_1_1368019830.jpg
2013/05/13
berria
Ekainaren 16ra bitarte, Cirque du Soleil Bilbon
Nazioarteko artista profesionalez osaturiko Cirque du Soleil zirku ospetsua Bilbora iritsi zen iragan maiatzaren hasieran, eta geroztik hamaika aldiz eskaini dute ‘Kooza’ ikuskizun entzutetsua. Hilaren 16ra bitarte egongo dira.


Datorren urtean 30 urte beteko dituen Cirque du Soleil zirku kanadarra Euskal Herrira iritsi zen maiatza hasieran. Oraingoan Kooza ikuskizuna aurkeztu du, ikusleak zirkuaren oinarrietara itzularazi dituen emankizuna. Izenak berak dioen moduan, kutxa barruko zirkua sortu nahi izan dute Guy Laliberte Cirque du Soleilen sortzaileak eta David Shiner ikuskizunaren sortzaile eta zuzendariak, eta nazioarteko artista profesionalez osaturiko lantaldeak akrobaziak, clown saioak eta dantza ikuskizunak taularatu ditu.

Ikuskizunen kalitateak, eszenografia landuak, koreografia txundigarriek, argiztapen berritzaileak, zuzeneko musikak eta ikuskizunen originaltasunak bereizgarri egiten du Cirque du Soleil, eta munduko zirkurik onenetakoa dela adierazi dute hainbatetan adituek. Gainera, zirkuko ohiko diziplinak arte eszeniko kategoriara igoarazi ditu, eta dozenaka herrialdetara eraman ditu bere ikuskizunak; uneotan, 19 eskaintzen ari dira mundu osoan zehar.

Hain zuzen, Kooza 2009an estreinatu zuten Montrealen (Kanada), eta dagoeneko 2.000 aldiz baino gehiagotan aurkeztu dute; lau milioi ikusle baino gehiago erakarri ditu, gurean lehen aldia izango bada ere.

Zirkuaren azpiegiturak
Maiatzaren 9an jaso zuten karpa zuri erraldoia bederatzi eguneko muntaketen ostean, eta maiatzaren 15ean estreinatu zuten ikuskizuna; muntaia desegiteko ere hiru egun beharko dituzte. Izan ere, 60 kamioitan garraiatzen dituzte azpiegiturak herrialde batetik bestera, eta karpa nagusiak 20 metroko altuera eta 51 metroko diametroa ditu.

Horrez gain, aldagelak, kamerinoak, entrenamendu gunea, fisioterapia aretoa, sukaldea, eskola, biltegia, bulegoak eta leihatilak ere garraiatzen dituzte, eta bira bitartean, batez beste, 175 lagun izaten dira. Argentina, Australia, Brasil, Kanada, Txina, Frantzia, India, Japonia, Mongolia, Errumania, Estatu Batuak eta Ukraniatik etorritako artistak dira, besteak beste, eta bereziki ingelesez eta frantsesez mintzatzen dira haien artean.

Sarrerak erosteko


Benetako zirkura, zirkurik puruenera, bisita egin nahi baduzu, sartu hemen eta erosi zure sarrerak lehenbailehen!