Egungo kontsumitzaileak informazio gehiago du, baina ez dago kontzientziatuagoa

Egungo kontsumitzaileak informazio gehiago du, baina ez dago kontzientziatuagoa Nahiz eta, benetan, zure bozkak baino gehiago aldatu lezakeen mundua zure kreditu txartelak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egungo-kontsumitzaileak-informazio-gehiago-du-baina-ez-dago-kontzientziatuagoa/@@download/image/super.jpg
2022/02/14

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Nahiz eta, benetan, zure bozkak baino gehiago aldatu lezakeen mundua zure kreditu txartelak.
Egungo kontsumitzaileak informazio gehiago du, baina ez dago kontzientziatuagoa

Espainiar Estatuan sortu den abeltegi handien afera ez da Kongresuan konponduko, baizik eta supermerkatuan. Rider-en esplotazioa ez da lege batekin amaituko, gure mugikorrean ditugun aplikazioen inguruan hausnartuta baizik. Low cost arropa ekoizten dutenen lan baldintzak ere gure erosketa hautuaren arabera hobetuko dira ala ez. 

Gure erosketak ez dira transakzio ekonomiko hutsak, aukera etiko bat ere badira nolabait. Dirudienez, biztanleria geroz eta kontzienteagoa da horretaz. 21Gramos deitutako agentziak zazpi urtetan zehar egindako ikerketa batek hori islatzen du. Espainiar Estatuko kontsumoaren inguruko ikerketa burutu du eta behatu dute biztanleriaren %84ak kontsumo kontzientea praktikatzen duela. Honek ez du esan nahi, ordea, soilik produktu etikoak, organikoak edo izugarri garestiak erosten dituenik. Esan nahi du, beti ez badute erer erosketa arduratsua burutzen, ingurumenean eta sozialki bere ekintzak izan lezakeen eraginaz jabetzen direla.

Joera hau azken zazpi urteetan gorpuzten joan da, baina txostenaren arabera azken urtean, 2021ean, baieztatu da joera erabat. "Kontsumo kontzientearen aurretik hausnarketa sakon bat dago" dio Marta Gonzalez Morok, ikerketaren zuzendariak. "Hau pandemiak eragin du. Koronabirusaren krisiak lehentasunak birplanteatzea eragin du, baita baloreak eta ikuspegi etikoak ere". Hamar pertsonetatik zazpik uste dute esperientzia honek bere kontsumo ohiturak aldatu dituela.

Geroz eta pertsona gehiagok baloratzen dituzte marka jakin batek dituen baloreak, prezioa baino gehiago. Erosleen %62ak gai sozial, kultural, politiko eta ingurumenekoen aurrean erakundeek erabakiak hartzea nahi dute.

Denborarekin, gizarteko senbait sektore galdezka hasi dira ea erakundeen posizionamendu horrek zenbat duen egiatik eta zenbat postureotik. Horregatik hasi dira greenwashing, pinkwashing edota culturalwashing bezalako kontzeptuak zabaltzen. Zenbateraino dira sinesgarriak markek kontatzen dizkiguten narratibak?

Alabaina, ikerketa honek ez du erakundeen koherentzian sakondu nahi izan, baizik eta kontsumitzaileenean. Benetan prest al gaude dendaz aldatzeko, gure gutiziak alboratzeko, garraio publikoa erabiltzeko? Ondorioztatu dute, baietz, hiritarrengan, koherentzia, ekintza propioetan, nagusi dela. Beraz, irakurketa oso baikorra atera dute ikerketatik.

Bestalde, kontsumitzaile kontzientearen estereotipoa zerbait ukatzean datzala dirudie arren, hau da, hura ez erostean, bestea ez jatean... ez da horrela. Txostenaren arabera, kontsumitzaile arduratsuek bere bizi estilora egokitzen diren produktuak topatzen dituzte eta horregatik zoriontasun gehiago sentitzen dute eta baita harrotasuna ere egiten ari direnarengatik. 

Horrek ez du esan nahi, noski, kontsumitzailea perfektua denik. Txostenaren arabera, biztanleen %63ak, zerbait oso merkea dela ikusten duenean, badakite produktu hori sozialki ez dela justua edota ekologikoa, baina hala ere erosi egiten dute. Gainera, kopuru hau aurretik egin diren txostenetko kopurua baino altuagoa da, beraz, lehen baino informatuagoak gaude, baina ez kontzientziatuagoak.