Edoskitzearen errealitatea islatzen duen iragarkia Urrezko Globoetan

Edoskitzearen errealitatea islatzen duen iragarkia Urrezko Globoetan Aurten bai, zentsurarik gabe azaldu dira emakumeen bularrak zinema jaialdiaren sariketa zeremoniako iragarkian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/edoskitzearen-errealitatea-islatzen-duen-iragarkia-urrezko-globoetan/@@download/image/Frida-Mom-Breastfeeding-Golden-Globes-BeLatina-Latinx.jpg
2021/03/02
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Aurten bai, zentsurarik gabe azaldu dira emakumeen bularrak zinema jaialdiaren sariketa zeremoniako iragarkian.
Edoskitzearen errealitatea islatzen duen iragarkia Urrezko Globoetan

Amaierarik gabeko eztabaida absurdoa da; zergatik zentsuratu behar dira amatasunarekin eta edoskitzearekin lotutako iragarkiak? Zergatik ezin dira erakutsi emakumeen bularrak edota erditze ondorengo errealitateak diren bezala, naturaltasunez? Zentsura horrek emakumeak kaltetzen ditu, haurdunaldiaren alderik konplikatuenak ezabatzen dituelako, eta askok beldurra, lotsa eta nazka sufritzen dituztelako erabat naturalak diren etapa horietan. Zorionez, aurtengo Urrezko Globoetan zentsurarik gabe jarri dute amagandiko edoskitzearekin lotutako iragarki bat; bertan, bi ama agertzen dira, beren bularrekin borrokan, edoskitzea ez baita pelikuletan agertu ohi den bezain ideala. 

Iragarkia Frida Mom markak diseinatu du; hain zuzen, marka horrek edoskitzea errazteko eta erditze ondorengo zauriak sendatzeko produktuak saltzen ditu. Hala, aurten Urrezko Globoetan ikusi den iragarkiak edoskitzea den bezala erakusten du, zentsurarik gabe, naturaltasun osoz. Bularra ematearen errealitatea ikusi daiteke bertan, eta baita bularra emateak dakartzan buruhauste eta zailtasunak ere:

Iragarki honekin, AEBetan lehen aldiz agertu dira bularrak osorik iragarki batean. Halere, oraindik beste muga batzuk gainditu behar dira, izan ere, marka berak iaz erditze ondorengo zaintzarako produktuak iragartzen zituen iragarkia publikatu nahi izan zuen Oscar sarietan, baina hau zentsuratua izan zen. Markak azaldu zuenez, iragarkiak ez zuen indarkeria politiko edo sexualik adierazten, ez zen erlijioen aurkakoa edota lizuna, eta ez zen armarik edo muniziorik iragartzen. Jarraian ikusi dezakezuen moduan, iragarkian erditu berri den ama bat ikusi daiteke, puerperioko zauriak sendatzeko saiakeran. Munduko ama guztiek igaro duten errealitatea islatzen du, baina oraindik errealitate hori zentsuragarria dela deritzo gizarteak: