Drogen gaitzespenaren ondorioak

Drogen gaitzespenaren ondorioak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/drogen-gaitzespenaren-ondorioak/@@download/image/drogak_146_1385482952.jpg
2013/12/05
erreportajea
Testua: Maitane De Anitua. Ai Laket!! Elkartea.
Drogen gaitzespenaren ondorioak
Gure jendarteak erabat gaitzesten du drogen erabilera, legezko substantziena izan ezik, hala nola, tabako, alkohol, kafeina edo psikofarmakoena. Ondorioz, legez kanpoko drogen erabiltzaileek legearen eta pairatu dezaketen gaitzespen sozialaren beldur dira, eta ez dute kontsumoari buruz libreki hitz egiten.


Sexuarekin gertatzen den eran, printzipio moralak tarteko, drogen erabileraz aritzeak sarritan beldurra, lotsa edo errua sorrarazten ditu, eta gaia tabu bihurtu da. Kontuan hartu behar dugu, ordea, auziaz hitz egiten ez bada zaila dela errealitatea ulertzea, eta are nekezagoa beroni aurre egitea.

Drogak betidanik erabili izan diren arren, mendebaldeko gizarteetan sekulako zentsura erlijioso, moral eta legala jasan dute, eta egun, oraindik, arazoekin lotzen ditu jendarteak, substantziei bazterkeria, delinkuentzia… eta beste hainbat arazo sozial egotziz.

Honenbestez, droga kontzeptuak zentzu erabat negatiboa bereganatu du, are negatiboagoa droga erabilera oro ukatzen duen giro kulturalean. Izan ere, herrialdearen arabera, drogekiko onarpen eta gaitzespen mailak aldatu egiten dira, eta oro har, onartutako drogei arriskugarritasuna kentzen zaie.

Bestetik, droga erabiltzaileei zuzendutako bitarteko gehienek haien behar espezifikoak asetzen ez dituztela esan genezake, eta ez daudela behar horietara egokituta. Sarritan ez dugu haiek entzuteko eta bizi duten egoera ulertzeko esfortzurik egiten, eta gaixoak ala gaizkileak direla uste izaten dugu, haiekin harremanak abiaraztea ezinezkoa bailitzan.

Ondorioz, erabiltzaile askori kosta egiten zaie haiei zuzendutako bitartekoetara gerturatzea, eta %10ak soilik adierazten du kontsumo arazoren bat duela eta berau bideratzeko bitartekoetara jo nahi duela. Beste batzuetan, berriz, erabiltzaileak beren borondatearen aurka tratatuak izaten dira, ingurukoentzako azken irtenbidea izango balitz bezala, edota haiek albo batera mantendu ahal izateko modu bakarra bailitzan, ikusezin  bilakatuz. Dena den, drogen erabilerarekin arazoren bat dutenei (arazoak dituztenak gutxiengoa direla kontuan hartuz) inertziaz tratamendu orokortuak jarri beharrean, eta gorabehera emozionalak izaten dituztela ahaztu gabe, interesgarria litzateke beren bizitzari aurre egiteko botere nahikoa dutela transmititzea, eta beren indarra erabiltzen irakastea egoera hobetzeko.

Laburbilduz, legez kanpoko drogen erabileraren gaitzespen soziala dela eta, erabiltzaileak errudun sentitzen dira, lotsatuta eta beldurtuta, eta horrek, neurri handi batean, drogen arrisku murrizketari zuzendutako bitartekoetara jotzerako orduan, atzera botatzen ditu. Egungo erronka errealitate horri aurre egitea da, erabiltzaileei informazio fidagarria eta euren beharrei egokitutako bitartekoak eskainiz.