Drakula inoiz baino biziago

Drakula inoiz baino biziago Drakula bueltan da Netflix-en moldaketa berriagatik, inoiz baino odoltsuago eta eraberrituago. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/drakula-inoiz-baino-biziago/@@download/image/X526CXJV4RCPVHKSEFD5BMBK6I.jpg
2020/01/10

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Drakula bueltan da Netflix-en moldaketa berriagatik, inoiz baino odoltsuago eta eraberrituago.
Drakula inoiz baino biziago

Alabaina, Drakulari buruz inoiz telesail, pelikula edo libururik irakurri ez baduzu ere, ezinezkoa da ez ezagutzea, guztiok baitugu buruan bere irudi zehatza edozein belaunalditakoa izanda ere. Transilvaniako konderik zitalenaren mitoak heriotza gainditu du eta sekulako pisua lortu du gure kulturan. Nor ez da kutsatu bere kondaira erakargarriaz?

Oraintsu estreinatu da Dracula Netflix-en, kondeari buruzko enegarren moldaketa. Bere itxura dotorea eta gaztetasun betiereko mantentzen jarraitzen du odolaz eta besteen bizitzez elikatuz oso gomendagarriak diren ordu eta erdiko hiru ataletan. Haatik, ez balitz telesail berri hau estreinatu ere literaturako pertsonaiarik unibertsalenetako batez hitz egitea beti da egokia. Horregatik, telesaila ikusi (nahi) ez baduzu ere edo Bram Stoker-en eleberria irakurria ez izan arren, edozein momentu da ona Drakularen mitoa berpizteko.

Zein da Drakula?
Drakula Bram Stoker idazlearen Dracula liburuaren protagonista da. Eleberria 1897. urtean argitaratu zen eta ordutik ez da sekula ahaztu. Nobela bera zoragarria da, modu epistolarrean idatzia, hau da, pertsonaia ezberdinek eskutitzak idatziko balituzkete moduan, jazoeren ikuspegia ezagutzen doa irakurlea. Alta, zerbaitegatik baldin bada bikaina azaltzen diren gaien modernitateagatik eta pertsonaia nagusia den Drakularen indarragatik da.

Drakula kondea pertsona iluna da, Transilvaniako gaztelu are ilunagoan bizi dena. Kondea izanik, badirudi diruduna ere badela eta Londresen jabetza bat erosi nahian dabil. Jonathan Harker-ek, abokatu ingelesak, lagunduko dio horretan eta horregatik Drakularen gazteluraino hurbiltzen da zenbait agiri sinatu ditzan kondeak. Momentu horretan ezagutzen dugu munduko banpiro ezagunenaren nortasun aztoragarri bezain interesgarria.

Gauez bizi da eta egunez lo egiten du, dirudienez ez du deus jaten, eguzkiaren argia ekiditen du, ez da ispiluetan islatzen, telepatiarako gaitasuna du, animali batean antzaldatu daiteke eta gupidagabea da.

Bram Stoker-ek eleberri bikaina idatzi zuen, eta ehun urteren ondoren zinez interesgarria da oraindik ere. Stoker-ek ordea ez zuen banpiroaren figura asmatu. Gizakion gaizkiaren haragitzearen mitoa eta bere hilotzetik itzultzen den pertsonarenak Stoker bera baino zaharragokoak dira.

Besterik gabe, Bram Stoker-ek egun egiten dena egin zuen: jada existitzen diren gauzak hartu eta eraberritu. Banpiroaren mitoa kultura ezberdinetan azaltzen da izen ezberdinekin bada ere: bizirik ez, baina hilik ere ez dagoen izakia, bizidunez elikatzen dena “bizirik” mantentzeko, orokorrean odolez, nahiz eta pertsonen arima ere izan litekeena...

Carl Gustav Jung psikologo famatuaren arabera, banpiroaren mitoa gizakiaren alde iluna irudikatzeko modu bat da. Gure alde edo bulkadak erreprimitu eta primitimoenak azalarazten ditu banpiroak. Horregatik helarazi izan du beti Drakulak halako erotismoa.

Drakularen pertsonaian gorpuzten den banpiro modernoak hainbat tradizio eta superstizio uztartzen ditu: odola bizitza denaren eta gaztetu egiten duenaren sinestea, gaixotzeari eta kutsatzeari beldurra, banpiroa birus baten parekoa baita, eta hilezkor eta beti gazte itxuran bizitzaren desira unibertsala.

Askok uste dute Bram Stoker Drakula kondea sortzeko pertsona erreal batean oinarritu zela. Hain justu, Vlad III Valakiako printzean. Printze honek odolzale fama irabazi zuen bere etsai otomandarrak zutoinean sartzen zituelako eta ondoren nola odolusten ziren begira gozatzen zuelako. Bere krudelkeria horren izugarria zenez, bere jarduerak milaka kilometrotara ere ezagun egin ziren.

Printzearen ospea kondaira bilakatu zen eta historia ugari idatzi ziren berari buruz. Horrela, bere biktimen odolarekin gozatzen zuen izakiaren mitoa hasi besterik ez zen egin, apurka apurka Europa guztira zabalduz. Bi mende geroago, Stoker-ek Drakula eleberria idatzi zuen, beharbada Vlad Tepes printzean oinarrituta. Erzsébet Báthory konde hungariarra ere aipatu izan da. Kondairak dioenez, emakume hau neska gazteen odoletan egindako bainuak hartzen zituen bere edertasuna betirako mantentzeko helburuz.

Drakula eta ekoizpen kulturala
Stoker-en Dracula nobela ez zen banpiroen lehen istorioa izan ordea, bai ordea eragin kultural handiena izan duena. Polidori, Charles Nodier, Hoffmann, Samuel Coleridge, Sheridan Le Fanu eta Teophile Gautier idazleek ere banpiroaren mitoaz idatzi zuten aurretiaz. Alabaina, esan liteke Stoker-en istorioak inflexio puntu bat eragin zuela.

1897. urtean argitaratu zenetik Drakula kondearen pertsonaia ikono bilakatu da, eta urteak pasa ahala geroz eta indartsuagoa den figura da gainera gure kulturan. Drakula hilezkorra da zinez. Gaizkia horren maisuki adierazia izan zenez Stoker-en nobelan, berehala moldatu nahi izan zen pantaila handira eta horrek iruditeriaen zabalkundean erru handia izan zuen.

Drakulari buruz egin diren pelikula, liburu, komiki eta telesail guztiak izendatu beharko bagenitu asko luzatuko litzateke artikulu hau eta ziur gainera baten bat ahaztuko litzaigukeela, eta hori noski kondearen inguruan egin diren obrak aipatuz soilik. Stoker-en pertsonai ezagunenean oinarrituta egin diren moldaketak aipatuko bagenitu zerrenda amaigabea litzateke.

Nabarmenenak Friedrich Wilhelm Murnau-en Nosferatu, Tod Browning-en Dracula, Terence Fisher-en Dracula eta Francis Ford Coppola-ren Bram Stoker's Dracula, beste askoren artean. Hobekiago edo okerra, moldaketa hauetako bakoitzak ezaugarri berri bat gehitu dio kondearen pertsonaiari. Adibidez, Netflix-eko azken Drakularen moldaketan kondea modu erabat irekian bisexual moduan azaltzen da, baina ez da hori berrikuntza bakarra, ikusi eta esango didazu. Ez zara damutuko!