Donostiako Zinemaldirako proposamenak

Donostiako Zinemaldirako proposamenak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-zinemaldirako-proposamenak/@@download/image/zinemaldia_58_1371208124.jpg
2010/09/03
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Donostiako Zinemaldirako proposamenak
Donostiako 58. Zinemaldiak, urtero lez, eskaintza zabal eta anitza ekarriko du zazpigarren artearen maitaleentzat. Horrenbesteko film pilaren artean galduta eta noraezean ez ibiltzeko komeni izaten da lehentasunak finkatuta joatea, eta hortaz, hona hemen Aitor Abaroak proposaturiko gida.

Atzera Begirako Klasikoa.

Don Siegel

Clint Eastwood bere esanetara zuela, 70eko hamarkadan polizia-zinema berritu zuen zuzendariaren film guztiak ikusteko aukera izango da aurten. Ikusi ez dituenarentzat ezin galduzkoak aipatu bikotearen Coogan's Bluff (1969), Dirty Harry (1971) eta Escape from Alcatraz (1979). Eta nola ez, zinemaren historian kultuzko film handietakoa den The Invasion of the Body Snatchers (1956).

Horizontes Latinos.


Nostalgia de la luz

Zuz: Patricio Guzman.
Zuzendari txiletarra ezaguna da bere dokumental politikoengatik; El caso Pinochet (2001) eta Salvador Allende (2004), kasu. Azken dokumental honetan, Txileren egungo egoera du aztergai. Egungo gazte txiletarrak zergatik ez dira politikaz arduratzen? Zergatik ez dute demokrazia gabezia salatzen? Zeren beldur dira? Pinocheten itzala horren luzea al da? Galdera askoren erantzuna aurkitu nahi duen lana.

Sail Ofiziala.


Amigo

Zuz:
John Sayles.
Laugarren aldiz dugu Sayles Donostian. Beno, bosgarren aldiz, 1994an atzerabegirakoa eskaini baitzion Zinemaldiak. Amigo Filipinetan kokatzen da. Rafael Dacanay protagonistak, San Isidro auzoko buruak, ez du lan erraza. Herriko gerrilaren, Espainiako Guardia Zibilaren eta AEBetako ejerzitoaren arteko liskarrak kudeatu beharko ditu, abertzale filipinarren begirada zorrozpean.

Aita

Zuz: Jose Maria de Orbe.
Ezin pertsonalagoa da zuzendari donostiarraren bigarren filma. Astigarragako Murgia jauregia, zuzendariak berak haurtzaroa igaro zuen etxea da protagonista nagusia. Argumentu zehatzik gabea, pelikula abstrakzioan eta irudien formalismoan oinarritzen da. Hala ere, elkarrizketa inprobisatuek ere badute tartea, jauregia zaintzen duen Luis Pescadorren eta herriko apaiz Mikel Goenagaren artekoek, adibidez.

Zabaltegi Zuzendari Berriak.


Principii de Viata

Zuz: Constantin Popescu.
Christian Mungiu erreferente duela, Errumaniako zinema fruitu ederrak ematen ari da azkenaldian. Constantin Popescu dugu Mungiuren ikasle aurreratuenetakoa. Bigarren film honek Velicanu du protagonista. Gizon aberatsa da, maitatua sentitzen da, zoriontsu bizi da, baina... opor atarian, negozioak konplikatzen hasten direnean, benetako zoriontasunaren jabe ote den galdetuko dio bere buruari.