Diseinuzko drogen gida apala

Diseinuzko drogen gida apala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diseinuzko-drogen-gida-apala/@@download/image/18p20-1_1370378280.jpg
2002/04/05
erreportajea
Unai Brea
Diseinuzko drogen gida apala
Gero eta sona handiagoa duten arren, diseinuzko drogen kontsumoa ez da oso handia Euskal Herrian, beste drogekin konparatuz, behinik-behin. Inkesten arabera, gazteen %3 inguruk hartu ohi ditu. Ezin ukatu, hala ere, gero eta indar handiagoa dutela. Horregatik, informazioa izatea ezinbestekoa da: zer diren, zer nolako eragina duten, zein ondorio ekar ditzaketen… 

Droga sintetikoak, edo diseinuzkoak, sintesi bidez lortzen dira, eta hortik datorkie, hain zuzen, izena. Ez dira naturalak, marihuana bezala, eta ezta droga naturaletatik eratorriak ere, kokaina, heroina eta abar bezala. EHUko Medikuntza Fakultateko irakasle Koldo Calladok eman digu haien berri zehatzagoa: "Normalean guztiek dute antzeko egitura kimikoa, aldaketa txikiren batekin, hau kendu, hura ipini…". Izan ere, "pilula" gehienak MDA eta MDMA molekulez (anfetaminaren eratorri artifizialak) egiten dira.   

Normalean, droga hauek estasi izena hartzen dute kalean, baita garai batean arruntagoa zen "amodioaren pilula" ere. Oro har, droga pizgarriak dira (anfetamina bezala). Tripiak, LSD eta bestelako batzuk, sintetikoak izanagatik, ez dira multzo berean sartzen: "horiek aluzinagarriak dira, meskalinaren eratorriak", dio Koldo Calladok. Hala eta guztiz ere, sarritan droga mota biak nahasten dira, geroago aipatuko ditugun ondorioez.

Ondorio "onak"… eta "txarrak"

Droga sintetikoek bi motatako eragina izaten dute. Batetik, hartzaileak bilatu ohi duena: euforia, logurerik eza, goserik eza, sasoian egotea… hobeto sentitzea, finean. Besteak, okerragoak dira: hipertentsioa, bihotzaren taupadak areagotzea, bruxismoa (hortzek kras-kras egitea)… "Eta bada arazo bat", azaldu digu Calladok, "zenbat eta gehiago hartu, eragin positibotzat har ditzakegunak desagertuz doaz, eta negatiboak, berriz, indartuz". Hori izan liteke, irakaslearen ustez, droga hau asteburuetan soilik hartzearen arrazoietako bat. Egunero hartuz gero, epe laburrean ondorio kaltegarriak baino ez bailirateke agertuko. 

Bada beste ondorio kaltegarri eta arriskutsu bat, soilik drogarekin lotuta ez dagoena. Alegia, deshidratazioa eta, ondorioz, bero kolpea deitutakoa (heriotza ere eragin dezake). Droga sintetikoek izerdia botatzea eragiten diote hartzen dituenari. Normalean bero handia egiten duen tokietan hartzen direnez(diskotekak eta abar…), eta horri guztiari lehen aipatutako bihotzeko arazoak eta ariketa fisikoa (dantza) gehituta, deshidratatzeko arriskua ez da makala. 

Aipatutakoak drogaren eraginpean nabaritzen diren sintomak dira, baina badira, jakina, eragin hori desagertzearen ondoriozkoak: fisikoak (dardara, zorabioa, bihotzeko arazoak…), eta, batik-bat, psikikoak (depresioa, ezer egiteko gogorik eza…). "Beherakada" luzea izaten da, gainera. "Kontuan izan behar da droga hauek hartzeko era oso desberdina dela, beste droga batzuekin alderatuta", diosku Calladok, "asteburuetan hartu eta lan egunetan agertzen baitira aipatu sintomak; alde batetik, drogaren beraren ondorioz, eta bestetik, arrazoi psikologikoengatik. Horrexegatik, jendeak buruan izaten du hurrengo astebukaera". Arazo psikologikoak larriagotu egiten dira meskalinaren eratorriak ere hartuz gero, hauek aluzinazioak eragiten dituzte eta: "batzuetan zaila izaten da aluzinaziootatik itzultzea. Eskizofrenia kasuak ere izan daitezke", dio EHUko irakasleak.

Neurri gabeko kontsumoa



Droga hartzearen arriskuak gutxitzeko asmoz, Euskal Herriko kontsumitzaile talde batek Ai Laket elkartea sortu berri du. Haren kide den Txabi Ruiz iruindarrak diseinuzko drogei buruz duten ikuspegiaz berba egin digu. Dioenez, "droga hartzerakoan, jendea gero eta konpultsiboagoa dela uste dugu, batez ere asteburuan. Neurri gabe hartzen dira drogak. Eta horri lotuta, droga desberdinak nahasteko joera dago, hanka eta bururik gabe. Diseinuzko drogekin zer ikusi zuzena du gai horrek".

Ruizek drogen kalitateaz ohartarazi gura du. "Azterketak egitea oso garrantzitsua da guretzat, droga hartzen duenak momentu oro jakin dezan zer hartzen ari den. Estasia hartzeagatik norbait hil dela esaten dutenean, estasiaren eta beste hamaika substantziaren nahasketa zorigaiztokoa hartzeagatik hil dela kontuan hartu behar da. Ez dut uste estasi asko hartzeagatik inor hil denik".

1912ko asmakizuna


Disenuzko drogen kontsumoa atzo goizekoa dela pentsatu ohi dugu askotan, baina aspaldidanik dira ezagunak. Hain zuzen, 1912an sintetizatu zen lehenbiziko aldiz MDMA molekula. Hasieran, argaltzeko botika gisa saltzen zen, gosea galarazten zuen eta. Geroago, ordea, eragin kaltegarriak zituela ikusita, saltzeari utzi zioten, duela hogeiren bat urte Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan amodioaren pilula izenpean berragertu zen arte (legez kanpo, noski). Euforia sortzen duenez, sexu harreman hobeak izateko balio zuelakoan eman zioten izen hori.