Deskonektatzeko eskubidea arautzen duen legea sortu du Argentinak

Deskonektatzeko eskubidea arautzen duen legea sortu du Argentinak Telelanak onura asko ekarri ditzake, ordutegi malguagoak besteak beste, baina deskonektatzeko eskubidea edukitzearen beharra ere berekin dakar. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/deskonektatzeko-eskubidea-arautzen-duen-legea-sortu-du-argentinak/@@download/image/ilustracion-teletrabajo_23-2148481508.jpg
2020/08/13

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Telelanak onura asko ekarri ditzake, ordutegi malguagoak besteak beste, baina deskonektatzeko eskubidea edukitzearen beharra ere berekin dakar.
Deskonektatzeko eskubidea arautzen duen legea sortu du Argentinak

Pandemiari esker ala honen erruz telelana izugarri hazi da. Lan egiteko modu honek onura ugari ekarri ditu, hala nola, etxeko txapinetan bilera batean egotea edo gure maskotekin denbora gehiago igarotzea. Lanaldi luzeagoak ere ekarri dizkio askori ordea, eta horregatik da inoiz baino garrantzitsuagoa deskonektatzeko eskubidea. 

Hori dela eta telelanarekin lotutako lege bat onartu du Argentinako kongresuak. Helburua langileek telelanaren aurretik zituzten eskubide berdinak edukitzea da. Izan ere, telelana egiten hasi direnen kexurik zabalduenetako bat orain lan ordu luzeagoak burutu behar dituztela da: nagusiek lan orduetatik kanpo gauzak eskatzen dizkiete edo momentu oro online egoteko exijitu. Arrazoi horiengatik deskonektatzeko eskubidearen legea sortu du Argentinak. 

Mariano Recalde senatariak azaldu duenez, artikulu hau onartu da langile guztien lan orduak eta atsedenak errespetatzeko, deskonektatzeko eskubidea bermatuz eta bere atseden orduetan hau etengo duen ezer ez bidaltzeko debekua bermatuz. Egungo legeaz gaindi, beste 16 proiektu gehiago aurkeztu ziren eta guztiek deskonektatzeko eskubidea azpimarratzen zuten. 

Deskonektatzeko eskubidea ez da besterik gabe offline egotea zure lan orduak amaitu ondoren, baizik eta gure ordutegitik kanpo ez molestatzeko eskubidea edukitzea. Legea indarrean sartzen denean, langileei ezingo zaizkie zereginak bidali lan orduetatik kanpo eta bidali ez gero, langileek ezetz esateko eskubidea izango dute. 

Lege honek lan eskubide batzuk bermatzen baditu ere, telelanak dituen desparekotasunak ez ditu gainditzen. Langile guztiek ez dituzte interneteko konexio onak edo besterik gabe, ez dituzte beharrezko tresnak eskura euren lana behar bezala burutzeko. Honen aurrean, onartutako legeak desparekotasun horiek gutxitzea bilatzen du. Hori dela eta, etxetik gehiago konektatzeagatik dituzten gastu gehigarri horiengatik konpentsazio bat eman beharko diete langileei erakundeek. Ikusi beharko da nola erreakzionatzen duten hauek lege honen aurrean eta nola txertatzen den egunerokotasunean.