David Caraben (Mishima): "Natorren tokiarekiko konpromisoa eskatzen diot musikari"

David Caraben (Mishima): "Natorren tokiarekiko konpromisoa eskatzen diot musikari" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/david-caraben-mishima-natorren-tokiarekiko-konpromisoa-eskatzen-diot-musikari/@@download/image/mishima_ana_ine_1367501146.jpg
2013/05/06
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
David Caraben (Mishima): "Natorren tokiarekiko konpromisoa eskatzen diot musikari"
Duela hamahiru bat urte egin zituen lehen urratsak Bartzelonako Mishima taldeak, eta egun Kataluniako banda sonatuenetakoa da, Els Amics de les Arts eta Manelekin batera. David Caraben (Bartzelona, 1971) da abeslaria eta taldeko aurpegi ezagunena, musikaz haratago bartzelonismoan izan duen eraginarengatik; harekin bildu gara hiriko Granados ostatuan.


Aita bizitza eskola zen zuretzat, eta amak artearekiko interesaren piztu zizun.

Aitak bizitzaz gozatzeko tresna ugari eman zizkidan, eta amak, berriz, artearekiko pasioa. Dantzaria izan zen eta La Vanguardiako kritikaria. Bizitza eskaini zion arteari eta nik erraietan dut hori.

Zer entzuten zen zure etxean ttikia zinela?

Aita eta ama melomanoak ziren, oso. Aitak Lluis Amstron eta Chet Backer ikusi zituen zuzenean eta, besteren artean, jazza eta bossa nova maite zituen. Ama rockeroagoa zen eta The Rolling Stones edo The Beatles gisako taldeak entzuten zituen maiz. Bien artean talde handien diskoak pilatu zituzten etxean eta horiekin koxkortu nintzen. Aitak, gainera, bizitza publiko bizia izan zuen eta, ondorioz, musikari ugari ezagutu zituen.

[Armand Caraben (1931-2001) abokatu eta ekonomilaria izan zen. Josep Pallachen PSC-Reagrupament alderdiko kide eta 1992ko Olinpiar Jokoetako hautagaitzaren arduradun, jokoak Bartzelonara ekartzea ahalbidetu izanagatik gogora ekarria da; gainera, Bartzelona Futbol Klubaren maitale sutsua zen, 1970etik 1973ra kirol buruzagi gisa aritu zen, eta Holandako Johan Cruyff mitikoaren fitxajea haren lorpena izan zen.]

Nonbait irakurri dut, hala ere, ttikitan pintorea, futbol jokalaria, suhiltzailea edo zinema zuzendaria izan nahi zenuela...
–Barrez hasi da–. Egia da, berandu hasi nintzen. Karrerako azken urtean atzerrira ihes egin nuen eta orduan egin nituen lehen urratsak. Badakizu, bizitokiz aldatzearekin batera eraberritzen omen gara... Niri, behintzat, hala gertatu zitzaidan eta ordura arte anai-arrebek irri egiten zidatelako baztertu nuen horri heldu nion.

Erabakigarria da Frantzia zure ibilbidean.
Frantzia baino gehiago, bertan bizi izandakoa, ezagutu nuen jende gehiena musikaria izateak eragin zuzena izan baitzuen nigan. Ordurako banituen 22 edo 23 urte eta zaletasun gisa hartu nuen, nigandik ihes egin eta nire bizitza perspektiba desberdinetatik behatzeko modua. Musika abestiak idaztea baino askoz gehiago dela ikusi nuen, eta bi akorde ikasita kantak sortzen hasi nintzen. Pixkanaka-pixkanaka ikusi nuen nire kezkak musikaren sakontasunetik bideratuta konposatzea errazagoa zitzaidala. Azken finean, gitarra, musika tresna baino gehiago, idazmakina da niretzat.

Ingelesez aditu genituen zure lehen hitzak. Noiz eta zergatik pasa zinen katalanez kantatzera?
Honetan ere eragina izan zuen atzerriko egonaldiak. Han eman nituen lehen pausoak eta, testuinguruarengatik ziurrenik, ingelesez aritu nintzen. Musika niretzat erabakigarria zela konturatzen joan nintzen heinean, argi ikusi nuen derrigorrez nire hizkuntzan egin behar nuela. Diozunarekiko erabateko konplizitatea zure hizkuntzan sortuta soilik lor baitaiteke.

Uste al duzu euskaraz edo katalanez kantatzeak musikari baten garapena baldintza dezakeela?
Noski. Katalanaren edo euskararen alde apustu egiten dugun musikariok badakigu gure ibilbidea zein izango den. Gertatzen dena da horrek ezin duela sekula aitzakia izan. Nik natorren tokiarekiko konpromisoa eskatzen diot musikari. Betidanik maite izan ditut artearen eta bizitzaren arteko porositatea sustatzen duten artistak. Baina obran baino gehiago lanak izango duen hedapenean pentsatzea gehiegizkoa iruditzen zait, eta izaera hori ez dator bat nirekin.
Taldearen hedapena aipatzen duzula, Mishimak ez du 2.0. arloa batere zaintzen.

Ez al duzue horren beharrik?
Gauza da jendeak uste duena baino zarpailagoa naizela, eta kontu horiek potroak ukitzen dizkidate. Musikariontzat baliabide bikaina da Sarea, jendearen feedback zuzena jasotzen baitugu. Zenbat eta ordu gehiago eman, orduan eta erantzun hobea izaten dugu, baina, nire ustez, denbora gehiegi galtzen da horrekin. Gainera, Sarea ez da erronka musikala, eta nik nahiago izaten dut iritzi publikoarekin etengabeko kontaktuan egon beharrean, musikalak diren baliabideak zaintzea. Bost urte gazteagoa banintz, agian, naturalagoa izango litzaidake.

Solasaldia prestatzen ari nintzela Mishimaren elkarrizketa ugari aurkitu ditut; bortz izan arren, zu zara elkarrizketatu bakarra... 
Ordaindu beharreko prezioa da. Kantak nik egiten ditut, promoa ere normalean nire esku geratzen da eta lana banatu egiten dugu. Nolabaiteko erraztasuna dut honekin, eta niri tokatu zait. Hala ere, gaur mundu guztiak daki proiektu kolektiboa dela Mishima. Niri taldeak on egiten dit, nik Mishimari on egiten diodan moduan.

Euskal Herrira etorrita, nola ikusten duzu gure musika panorama?
Egia esan ez dut gehiegi menperatzen. Baina musikari handiak dituzue, Ainara Legardon ezaguna dugu eta berarekin jo izan dugu maiz. Negu Gorriak taldearen jarraitzaile handia izan nintzen, gisa horretako musika aditzen nuen garaian. Batez ere, interesgarria zait Negu Gorriak edo Berri Txarrak taldeek, Mishimak bezala, musikaren bitartez munduari hitz egiteko erabiltzen duten bidea. Gure hitzek Shangain edo New Yorken dagoen gazte batekin zerikusi zuzena dute eta, besterik gabe, modu desberdinean egiten dugu. Hizkuntzaren berezitasunarekin.

Baina, ibili zarete Euskal Herrian?
Gehiago ezagutu nahiko genuke. Euskal Herrian egin dudan bolo bakarra Bilbokoa izan zen, Wintercasen –Musika Elektronikoaren Jaialdia– bira batean. Kontzertu akustikoa izan zen eta garai hartan Dani Vegarekin aritzen nintzen bakarrik. Oso txuloa izan zen, baina talde gisa ez gara izan eta izugarri gustatuko litzaiguke!

Euskal Herritik Bartzelonara. Kataluniara ailegatu nintzenean izugarri harritu ninduen zuzeneko kontzertuen panoramak... Nola baloratzen duzu zuk?
Ongi dago, baina hobeki egon zitekeen. Gu hasi garenetik, behintzat, herriaren kultura mailak hobera egin du. Kontzertu gehiago ematen dira orain, eta zaletasunak ere gora egin du. Hala ere, defizit izugarria dago Bartzelonan, eta ez azpiegiturei dagokionez bakarrik. Legediak erraztasunak eman beharko lizkieke hiriko ostatuei, ados. Baina Bartzelonak duen arazorik larriena publikoaren sentsibilitate defizita da.

Paradoxa... Zenbateraino eragiten du horrek musika taldeen garapenean?
Musikari gutxik dute soilik desio duten publikoa. Interesgarriena litzateke afizioa egotea, horrek entzulearen gustuen sofistikazioa eragiten baitu, eta ondorioz, artea aberasten baita. Baina, berriz ere diot, nire ustez herri honek duen arazorik handiena kulturala da. Ez daukagu kultura nahikorik eta kitto.

Gatozen zure ibilbidera berriz ere. Eszenatokietan ezagutu zaitugu, baina Zientzia Politikoetan lizentziaduna zara. Zergatik politika?
Nire bizitzarekin zer demontre egin jakiteko. Politiketan baino lehenago Zuzenbidean matrikulatu nintzen. Aitak hori egin zuen eta uste nuen ongi joanen zitzaidala. Baina ez nuen denbora gehiegi behar izan oker nenbilela ikusteko. Fakultatean izugarri gaizki pasatu nuen, Zuzenbideko klaseetan egon beharrean filmotekan pasatzen nuen eguna. Uste dut birus antzeko bat intseminatu zitzaidala, eta horrek ekarri ninduen musikara. Zuzenbidea utzi nuen, noski. Teoriatik praktikarako urratsa egin nahi izan nuen eta mundua aldatzeko baliabideak ezagutu nahi nituelako matrikulatu nintzen Zientzia Politikoetan.

Hala ere, ikasketek ez zuten oinarrian zenuen beharra asetu. Arteak zenbateraino lortu du hori?
Politikak ezin du mundua aldatu. Bizitzeko baldintzak eraldatu ditzake, agian, baina munduaren eraldaketa, funtsean, artearen esku dago. Erlijioak ere alda dezake mundua, okerrera bada ere. Artea konbikzio bat da, mundua begiratzeko modu bat eta, politikak ez bezala, pertsona gisa eraldatu nau mundua eraldatzeko baliabideak ematen dizkidalako.

Errazagoa al da zu aldatzea mundua aldatzea baino?
Orain argi dut ez naizela politikarako jaio. Prozesu artistikoaren bitartez nire burua eta nire ingurukoena ezagutzeko interesa izan dut beti. Formak maneiatzeko interesa. Zenbait formek kezkatzen naute eta bidaltzen dizkidaten mezuak ulertzen saiatzen naiz. Formekin jolastuta, kantak sortzen ditut. Nire izaeraren marrazki bat egiten dute kantek, zer izan nahi dudan edo zer ezin dudan izan erakusten didate. Prozesu hori ulertzeak izugarri aldatu nau eta argi dut politikaren bidetik jarraitu izan banu eraldaketa hori ezinezkoa litzatekeela.

Nola ikusten duzu egungo politika?
Bizitzak musikara bideratu nau, eta urteak pasatu ahala konturatu naiz politika erlatiboki interesatzen zaidala. Kaka gehiegi du gaur politikak eta erakargarritasuna galdu du. Bidean dauden hamar talibanen artean idealista erromantiko bakarra aurki dezakegu. Baina ez dut topikoetan erori nahi, ez dut politika pikutara bidaltzen eta musikariek egiten duguna hoberena dela baieztatzen duten horien mailan gelditu nahi.